aiaraldea.eus

Urduñako Udalak positiboki baloratu ditu aurtengo Otxomaio jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Urduñako udala   Kultura

Ospakizunak maiatzaren 3an hasi eta 12an bukatu dira.

Urduñako Udalak positiboki baloratu ditu aurtengo Otxomaio jaiak
Jende ugarik hartu du parte aurtengo festetan. / Urduñako Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Otxomaio jaiak bukatu berri dira eta Urduñako Udalak oso balorazio “positiboa” egin du. Eriz Pérezek, Kultur eta Jai Arloko zinegotziak nabarmendu du “beste behin, ospakizunek parte hartze handia izan dutela eta giroa ere ezinhobea izan da”. Halaber, Udalak azpimarratu du ez dela eraso sexistarik egon jaietan. Eguraldiak ere lagundu du.

Pérezek ere eskerrak eman nahi izan dizkie Otxomaio jaietan eskuzabalki lan egin duten talde eta pertsona guztiei, izan ere, “haien lanari esker herritarrek zein kanpotarrek eskaintzarik onenaz gozatzeko aukera izan dute”. Besteak beste, azpimarratzekoa da 500 pertsonek parte hartu zutela Mugaldek antolatzen duen herri bazkariko 20. edizioan. Bestetik, western zaldiketa lehiaketak ere ikusle ugari erakarri zituen lehenengo edizioa. Jendetza batu zuten beste ekintza batzuk gaueko kontzertuak izan ziren eta, haurren ekintzen artean, Pirritx eta Porrotxen emanaldia. Erretiratuen bazkarian ere giroa paregabekoa izan zen.

Udalak, hala ere, maiatzaren 11tik 12ra arteko gauean izandako ekintza bandalikoak salatu ditu. Hainbat auto mailatuak eta marratuak izan ziren. Urduñak adierazi nahi du horretako ekintzak puntualak direla, baina ez direla inolaz ere onartuko hirian ezta jaietan ere. Bestetik, eta gau horretan ere, DJ Korrokoiek erasoak jasan zituzten, izan ere, edalontziak eta izotzak bota zizkieten. Onartezina.

Parte hartzeko deia

Hiriko kultur zein kirol taldeek eta Udal ordezkariek osatzen duten Jai Batzordeak Urduñako herritar guztiak gonbidatu nahi ditu ospakizunen inguruko iritzia ematera. Horrela, balorazio mezuak jasoko dituzte zikoina@urduna.com e-posta helbidean, Hirix aplikazioan zein Alondegian, horretarako berariaz eskuragai jarriko diren orrietan. Iritziak ekitaldiei zein bestelako alderdiei buruz izan daitezke: ekintzak, kokapena, ordutegiak, etab. Hurrengo urteei begirako ideiak ere jasoko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa