aiaraldea.eus

Legealdi berriko funtzionamendu irizpideak zehaztu ditu Urduñako Udalak aste honetako udalbatzan

Erabiltzailearen aurpegia Urduñako udala   Politika

Antolaketa udalbatza ostean udal arloak aktibatu dira eta datozen urteetarako lan egiturak ezarri dira.

Legealdi berriko funtzionamendu irizpideak zehaztu ditu Urduñako Udalak aste honetako udalbatzan
Udal osaeraren eguna./ Aiaraldea.eus | Ikusi handiago | Argazki originala

Urduñako Udalak legealdi berriari heldu dio. Atzo arratsaldean, uztailaren 15ean, antolaketarako ezohiko udalbatza izan zen. Horretan udaleko  egunerokotasuna markatuko dituzten gidalerroak ezarri ziren.

Hiriko udalak mantenduko du bere jarduna 10 arlo nagusitan banatuta: Kultura, euskara, hezkuntza eta kirola; Hirigintza eta ingurumena; Obrak eta zerbitzuak; Gizarte politikak eta berdintasuna; Ekonomia sustapena; Ruzabalgo Batza; Ogasuna eta barne erregimena; Partehartzea; Ondarea eta Memoria Historikoa; eta Gazteria. Gauzak horrela, Gobernu taldeko zinegotziek horien ardura hartuko dute. Bere aldetik, David Gutiérrez Martínezek Kultura arloaz arduratuko da, Elena Urruelak Hirigintza eta ingurumen arloa koordinatuko du Gazteriariakoaz gain.

Juanjo Sanz Pérezek Obrak eta zerbitzuetaz arduratuko da, Ruzabalgo Batzaz eta Ondare Memoria Historikokoaz gain. Luis Félix García Sodupe Ekonomia Sustapenean lanean jarraituko du eta Sole Lezameta Astrainek Gizarte Politikak eta Berdintasunean murgilduko da.

Partehartzeari, Ogasunari eta Barne Erregimenari dagokionaz Itziar Biguri Ugarte arduratuko da.

Bestetik, azpimarratzekoa da Sole Lezameta Astrain eta Luis Félix García Sodupe 1. eta 2. alkateorde izendatu dituztela hurrenez-hurren. Udalbatzaren ohiko saioak hilabetero izaten jarraituko dute, azken asteazkenean -jai eguna ez bada-, arratsaldeko 19:00etan. Beti bezala, saio horietan bi udal taldeetako ordezkariak egongo dira, EH Bildu eta EAJ-PNV, Informazio Batzar Orokorrean eta Kontuen Batzar Berezian bezala. Bi horietan egongo dira 3 batzordekide talde bakoitzeko, alkateaz gain, bietan lehendakari kargua hartuko du eta.

Ordainsaria
Aurreko legealdietan bezala, datozen urteetan Itziar Biguri Ugarte alkateak bere lana erabateko arduraldian egingo du. Horrez gain, udalburuak adierazi du Eusko Jaurlaritzan orain arte bere lanpostuan izan duen soldata mantendu nahiko zuela, Urduñako EH Bilduk orain arte izan duen irizpideak jarraituta.

Izan ere, horrek defendatzen du alkateek aurreko lanpostuetako soldatak mantendu behar dituztela, udaleko ardurek erosteko ahalmenean eraginik ez izateko baina aberasteko ere izan ez daitezen. Biguri aurretik Urduñako alkate izan ziren EH Bilduko Karlos Arranz Diegok eta Idoia Aginako Arbaizak ere pauta hori jarraitu zuten.

Udalbatzak soldatari buruzko proposamena babestu zuen eta, beraz, 48.037,37€ gordin jasoko ditu urtean Bigurik. Kopuru horrek ez du gainditzen Bizkaiko Foru Aldundiak ezartzen duen muga 2.001 eta 5.000 herritarren arteko herrietako alkateentzat.

Bestetik, onartu zen udalean ordezkatuta dauden taldeek -EH Bilduk eta EAJ-PNVk- hilean 100€ jasoko dituztela zinegotzi bakoitzagatik – 6 eta 5 hurrenez-hurren-. Horrekin batera ezarri zen diru hori soilik baliatu ahalko dutela taldearen jarduna finantzatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa