aiaraldea.eus

Laudioko Jaiak ala Santa Katalinak?

Erabiltzailearen aurpegia Uztai Largatxa   Kultura

Beste behin ere, gai berdinari helduta 40.000 buelta eman behar leku berean amaitzeko. Laudioko Jaien daten inguruko galdeketaz ari naiz. Laudioko Udalak helburu hori duela adierazi du, behintzat, behin alderdi politiko eta kultur-eragileekin adostu ostean. Baina, ez al dugu laudioarrok nahikoa hitz egin/eztabaidatu horri buruz?

Benetan gai nekeza bilakatu dela. Antza, nahia Jaien hobekuntza da (noski, zer gutxiago!), baina gaur egungo jai-ereduak dituen arazoen errora jotzen ez badugu lan antzua izango da egindakoa. Arazoa ez dago datetan. Bost axola Jaiak abuztuan edo uztailean egiten badira, Jaiez gozatzen dugunak berdin-berdin aterako garela topera. Arazoa beste herritar guztien aktibazioan datza, besteon parte-hartzean. Ala, hobeki esanda, parte-hartze ezean.

Jaiak dataz aldatu nahi ditugu gaur egun herrian 3 egun igarotzen dituztenek 4 egun igaro ahal ditzaten (ala agian hori ere ez, lanean egongo baitira), horrela Herriko Plazako portikoetatik dena ondo-ondo ikusi dezaten. Ondoren, Jaien ajea oraindik ere kendu barik dugula, albokoen lepora salto egin ahal izateko. "Jo, eske, aurten ez duzue erromeriarik jarri plazan!", baliteke, baina egon den aurreko 10 urteetan zehar zu ez zara hurbildu ere egin. Izan ere, herri honetan kexa kirol bilakatu dugu. Kexa merkea, gainera.

Nagusiak nagusi eta gazteak gazte, norberak bere aitzakiekin, Jai parte-hartzaileak izatea izan beharko genuke helburu. Bakoitzak ahal eran: ekintzetan parte-hartuz, kritika sanoa eginez, Jai antolaketaren zati izanez, ... Milaka era daude, pertsonako bat. Beraz, ez gaitezen inozoak izan, Laudioko Jaien hobetzea ez da data-aldaketaren eskutik etorriko Kruzeroaren eta Malagako herrirako bidaiaren artean erosoago izateko, berdin du Laudioko Jai, San Roke, San Pedro edo Santa Katalinak. Jaien arima herrikoitasunean dago; beraz, Jaiak herriarentzat izango badira, herritik izan beharko.

Gora Jai Herrikoiak! Gora Jai Parekideak!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa