aiaraldea.eus

UKML. 'Vendetta'

Erabiltzailearen aurpegia Uztai Largatxa   Jendartea

2.30 pm. Berandu esnatu zara. San Ferminetako entzierroa galdu duzu. Ez duzu ezer egiteko eta egun aspergarriek eurekin batera ekarri ohi duten bihozkada hori duzu: etxeko bizkarroia zara. Beste makiltxo bat egun aspergarrien zerrendan. Ohean pare bat buelta eman ostean bazkaltzeko ere gogorik ez eta zertxobait ahoratuta siesta ala, gutxienez, etzanda fotosintesia egitera. Bat-batean, ideia burura datorkizu: lagunak zure egoera berean egongo dira! Mugikorra hartu eta ‘whatsapp’ bonbardaketa hasten da. “Planik bai?”, “Nonbaitera?”, “Badator norbait kalera?”. Erantzunak eskasak dira (egoten badira): “Agian”, “Gero”, “Ni ez nago”… Ufala! Orain bai, siesta.

5.00 pm. Azkeneko galdera sortatik ordu eta piku igaro da. Bigarren saiakera: “aterako gara orduan?”. Bueltakoak: “Dutxatzeke nago”, “Filma amaitu ostean”, “Beranduago”… Udako beroak izerditan zaitu eta zure lagunen pasio ezak sutan. Ohetik altxatzen zara eta, komunetik pasa ondoren, zure burua hozkailuaren aurren ikusten duzu. Ez dakizu zertan zabiltzan bertan, baina hain da freskoa giroa… Beno, buelta ohera. ‘Facebook’, ‘Youtube’, albisteak, ‘Facebook’ berriro ere. Zabaldu, minimizatu, handitu, bati hitz egin, beste bati hitz egiteko gogoekin gelditu, itxi. Eseri, etzan, buelta bat ezkerrera, beste bi buelta eskuinera. Oin plantak bero dituzu eta zoruari freskotasuna lapurtu nahian zutik jartzen zara. Erlojuari begirada bat: ordubete ere ez da igaro! Giroaz kokoteraino dutxara zoaz.

6.00 pm. “Ei, jente, ni dutxatuta nago. Bada nirekin bueltatxo bat ematen aterako den norbait?”. Konturatu gabe  ‘whatsapp’ taldeko pelmazoa bihurtu zara: “Joe, matxo, beranduago noala!”, “Ordu erdi bat barru noa”. Badakizu ordu erdi dioenak buruan ordu eta erdia duela. “Ba, ni jantzi eta kalera noa. Tabernan zain izango nauzue”.

6.30 pm. Tabernan zaudela kafetxo bat hartzen duzu. Zer kontxo! Kafe berezi bat! Orain bakarrik zaude eta sibaritismoaz goza dezakezu zure garagardozale ospea galdu gabe: azukre morenoa, ron-eztia eta kanela. Astiro edaten duzu, ez zurrutada bakoitzak berarekin daraman zapore olatuak zure dastamen papilak ireki eta hegan eraman zaitzan kafearen paradisutik, baizik eta badakizulako denbora luzean itxaron beharko dituzula jada kakotxo artean dituzun “lagunak”.

7.00 pm. “Txakurra atera eta banoa. 10 minutu asko jota”.

8.00 pm. “Atzeratu naiz. Afaldu ostean aterako naiz”

9.30 pm. Lagunez nekatuta, gaurko egunez akoplatu zaren hirugarren koadrilarekin zaude hizketan. Eta, azkenean, lehenengoko laguna azaltzen da! “Ez zintudan aurkitzen” diotsu. Gizajoak  lau ordu eman ditu zure bila; beraz, ez diozu ezer esango. Belarriak jaitsi, barrara joan eta pote bana eskatzen duzue.

11.00 pm. Ateratzekotan ziren lagun guztiak batu zarete, gezurra badirudi ere. Dena dela, eseri eta apalankatuta daude makalok, ez dirudi festarako motibatuegi daudenik. Zuk, ordea, arratsalde osoan zehar gordetako gogo guztiak airean dituzu, eta ez diezu goiz etxeratzen utziko. Badakizu horretarako bi arma baliagarri baino ez daudela jai-giroan: bata, lagunetako batek neska/mutil bat gogoko izatea eta neska/mutil hori bertatik ibiltzea; bestea (eta ohikoena), TXUPITOAK. Udan gaude, ohitzen joan daitezela. Jolasa hasia dago eta ez da errukirik. Vendetta!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa