“Aiaraldeko Gure Hezkuntza Plataforma” aurkeztuko da larunbatean Laudion

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2014ko mar. 20a, 09:48

Eskualdeko 12 ikastetxetako irakasleek, gurasoek eta langileek LOMCE legearen aurkako plataforma sortu dute. Aurkezpen ekitaldia larunbatean izango da, hilak 22, 12:00etan Laudioko Lamuza plazan.

Eskualdeko 12 ikastetxetako irakasleek, gurasoek eta langileek LOMCE legearen aurkako plataforma sortu dute. Aurkezpen ekitaldia larunbatean izango da, hilak 22, 12:00etan Laudioko Lamuza plazan.

Aiaraldeko hezkuntza-komunitateak, beste eskualde eta herri batzuetan abiatutako dinamikari jarraiki, LOMCE Espainiako gobernuaren hezkuntza-lege berriari erantzuna emateko plataforma sortu berri du. Jakitera eman dutenez, urtarrilean hasi ziren erantzun bateratu hori aktibatzeko lanarekin, eta eratu duten “foro irekiak” bi helburu nagusi jorratu nahi ditu: “LOMCE legearen inposaketen aurkako erantzuna aktibatzea eta etorkizunari begira gure herrirako nahi dugun hezkuntza-sistema berriaren eraikuntzarako urratsak ematen hastea”.

12 ikastetxe eta hainbat ekimen

Mahai gainean jarri dituen helburu horiei heltzeko, plataformak hainbat ekimen abian jarriko ditu. Adierazi dutenez, ekimenok “irekiak eta parte hartzaileak” izango dira eta udalerri eta ikastetxe bakoitzean garatuko dira. Guztira Aiaraldeko hamabi ikastetxetako 40 pertsona inguru batu dira plataforman, besteak beste, Laudioko Latiorro eskola, Laudio Ikastola, Laudio Institutua, Udal Lanbide Heziketa Eskola eta Lamuza Eskola, Amurrioko Lucas Rey-Matias Landaburu eskola, Aresketa Ikastola, Zaraobe Institutua, Zabaleko eskola, Orozkoko eskola, Urduñako eskola eta Aiarako Etxaurren Ikastolakoak.

Aurkezpen ekitaldia

Plataformaren aurkezpena martxoaren 22an egingo da eguerdian Laudioko herriko plazan. Berton datozen hilabeteetan abiatuko dituzten bi dinamiken berri emango dute: “LOMCErik gabeko herriak” ekimena eta Hezkuntza Plataformen Topaguneak bultzatuko duen sinadura bilketa. Dei egin diete Aiaraldeko irakasle, guraso eta herritar guztiei aurkezpenera joateko, eta bereziki ikastetxeetako zuzendaritza taldeei eta guraso elkarteei, bai eta udaletako hezkuntza arduradunei eta eragile sozialei.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide