“Askotan jarrerekin guk gaixotzen dugu gure gorputza”

Erabiltzailearen aurpegia Izar Mendiguren Cosgaya 2014ko api. 7a, 10:11

MAITE GARCIA (Urduña, 1978) iridologoa da. Begietatik gorputzaren eta pertsonaren arazoak irakurtzen ditu.

 

Zer ikusten da begietan?

MAITE GARCIA (1978, Urduña) iridologia da. Begietatik gorputzaren eta pertsonaren arazoak irakurtzen ditu.

 

Zer ikusten da begietan?

Irisak ez du inoiz diagnostikoa ematen, pertsona barrutik nola dagoen esaten dizu. Gero, pertsona elkarrizketatuta zer izan dezakeen soma dezakezu. Gauza batzuk ikusi egiten dira, pertsonak esaten ez dituztenak ere.

 

Nola da posible hori?

Teknika Ignatz Von Perczely medikuak sortu zuen, 1836an. Jakin-mina hontz batek piztu zion, haurtzaroan logelara sartu eta ez harrapatzeko ikaratuta ihesi zihoala hanka apurtu zitzaiolako. Une hartan animaliaren irisean marka bat atera zela ikusi zuen, sendatu ahala desagertzen joan zena. Horregatik, ikertzeari ekin zion. Antzina, ez zegoen diagnostikatzeko erarik, gorputza entzuten zuten gertatzen ziren gauzak ulertzeko. Txinan belarriak erabiltzen ziren –aurikuloterapia- baina oinak, eskuak, mingaina… ere baliatu izan dira. Iraganeko eta etorkizuneko lesio batzuk begietan ikusten dira.

 

Hainbeste jakiteak ez du beldurrik ematen?

Niri ez, eta jendeari ere ez. Aurrez ikusten diren gauzak lehenago landu eta konpondu daitezke, soluzioak bizkortu baitaitezke. Batzuetan gaixotasuna berandu hartzen ditugu eta ez dira hain erraz konpontzen. Guk medikuntza naturalarekin lan egiten dugu, sendatze denbora ezberdina da.

 

Zer du medikuntza naturalak kimikoak ez duena?

Medikuntza naturalean gorputzari behar duena ematen diogu, defentsa mekanismoak aktibatu eta gorputzak berak egin diezaion aurre arazoari. Medikuntza kimikoak sintomatologia du ardatz, burukomina baduzu horretarako zerbait ematen dizu. Medikuntza naturalak zergatik eta jatorriak bilatzen ditu.

 

Zuk nondik ikasi duzu hori dena?

Zati bat Galizian ikasi nuen, baina Madrilen eta Bartzelonan ere jarraitu dut formakuntza. Lan, aldiz, hemen, Urduñan. Lanbide hau ikasten ez da inoiz bukatzen. Orain, nutrizio zelularra ikasten ari naiz. Berez, erizaintza ikasi nuen, baina klasizista zela ohartu nintzen, interesak jartzen ziren pertsonen gainetik eta ez nengoen gustura. Bizitza ez da protokolo bat, pertsonak ez gara protokoloak. Protokolo batek ezin du pertsona ezberdinetarako balio. Horregatik, beste bide bat hartzea erabaki nuen.

 

Urduñan kontsulta daukazu. Jende asko al doa?

Bai, egunero irekitzen dugu eta beti dugu jendea. Umeekin asko egiten dugu lan, katarroa… dutenean lasaitzeko. Nagusiak ere datoz.

 

Zein da mina sendatzeko lehen pausua?

Pertsona begiratzea, zein den arazoaren jatorria bilatzea. Lehenik eta behin pertsona ikusi eta entzutea. Normalean horrela pistak ematen dituzte.

 

Arazoetaz hitz egiteak deseroso sentiarazten gaitu?

Kontrakoa, jendea laguntza eske dator. Askok landare bidezko laguntza behar dute, besteek psikologoena. Nik lagun bezala soilik eman ditzazket aholkuak, ez aditu zientifiko bezala. Batzuetan iridologia terapia pisikologiko bezala erabiltzen da.

 

Jendea laguntzetik bizitzea ederra izan behar da, ezta?

Bai, nik asko disfrutatzen dut eta hori oso pertsona gutxik lortzen dugu lanean. Baina egia da ordu asko ematen duzunean jendearen arazoak entzun eta konpontzen zure denbora behar duzula zure burua freskatzeko. Asteburuetan ez dut lanik egiten. Bestela bizitza beltza ikusten duzu, jasotzen duzun informazio gehiena negatiboa da. Bestela, arazoen gurpil amaigabean sartzen zara. Jendartea oso azkar bizi da.

 

Jendeak kaletik zer esaten dizu?

Nik nire intimitatea bilatzen dut, kalean ez zait arazoetaz eta lanaz hitz egitea gustatzen. Batetik, ez delako hitz egiteko lekua. Eta, bestetik, lanetik ateratzean arazoak kontsultan uzten ditudalako. Kalean edonori bezala gauza arruntetaz aritzea gustatzen zait. Horregatik, horma antzeko bat jartzen dut, pertsona normala izaten saiatzeko. Jendea kapaza da kalean errezetak eskatzeko! Bestalde, jendearen intimitatea errespetatu behar da, eta kalea ez da lekua. Ez gaude ondo hezita, ez dakigu lan lekuak eta uneak bereizten. Ni horretan saiatzen naiz, behintzat. Bestela, ez nuke deskonektatuko, eta hori ez da ona inorentzat.

 

Zein da ondo bizitzeko botika?

Baikortasuna, oso garrantzitsua da. Arazoei positiboki aurre egiten badiozu askoz errazagoa da emaitza onak lortzen. Beti ez da horrela, bizitza ez dago arau matematiko baten baitan antolatuta, baina nire ustez unibertsoak jaurtitzen duzuna itzuli egiten dizu. Jarrera eta energia kontua da. Soluzioaren zati bat “kimikoa” da, bestea energetikoa. Haserretzean, tristetzean... gure zelulak intoxikatzen dituen substantziak sortzen ditugu. Horrek, gehiago gaixotzea dakar. Nire kontsultan minbizia duen jende asko dago baikortasunez aurre egiten diona eta atera egin dena. Jakina, denek ez dute zorte bera izan, baina positiboki aurre hartzen badiozu gaixotasunari bidea beti izango da ezberdina. Horregatik, nire ustez, bizitzeko botikarik garrantzitsuena baikortasuna da.

 

Bizitza batzuentzako oso luzea da, baina nire ustez laburra da 80 urte erlatiboki gutxi da. Nagusiki, arazoetan zentratzen gara eta ez ditugu alde on eta politak ikusten. Denok bizi ditugu esperientziak. Nik duela hiru urte semea galdu nuen eta uste dut hori dela pertsonak izan dezakeen esperientziarik gogorrenetako bat. Jendeak kontsultan esaten dit, “Joe maite, zein animatuta zauden!”... Bizitzak ematen dizkizun oztopoak gainditzeko borrokatu egin behar da, aurre egin. Niri 40 urte geratzen bazaizkit bizitzeko gozatzen saiatuko naiz, hori gustatuko litzaioke nire semeari.

 

Bizitza noria bat bezalakoa da beraz, gora-beheraz josia...

Bizitzak gora-behera asko ditu, bajoi momentuak errespetatu eta ulertu behar dira, baina hurrengo egunean gauzak ezberdin ikusten saiatu behar da. Pertsona batzuk ezkortasunaren gurpilean sartzen dira eta oso zaila da gero hortik ateratzen. Bizitzeko ilusioa, baikortasuna... behar dira. Denok sentitzen dugu noizbait bizitzeko gogorik ez dugula, baina XXI.mendean gaude eta profesional asko daude indarra eman dezaketenak: psikologoak, pedagogoak... Beraz, jendeari bizitzari gogoz heltzeko eta gozatzeko esango nioke. Oraina gozatu behar dugu, hori da dugun bakarra. Gero gertatuko dena inork ez daki. Gaizki sentitzean irtenbidea bilatu, beti dago, nahiz eta batzuetan denbora gehiago behar aurkitzeko. Batzuetan ez dauden tokian arazoak ikusten ditugu. Horrek gorputza kaltetzen du. Zelulak estresatzeak substantzia toxikoak sortzen ditu, eta horrek minbizia gara lezake. Minbiziek arrazoi asko dituzte, ez dira geneekin eta inguruarekin lotutako arrazoiengatik soilik sortzen. Askotan, jarrerekin guk gaixotzen dugu gure gorputza.

 

Zure ustez zein da jendarteren gaixotasun handiena?

Oso azkar bizi garela, ez ditugu momentuak disfrutatzen, urakanen pare igarotzen gara. Gizarteak azkartasunera garamatza, dena izan behar da atzorako, guztia dago kontsumismoarekin lotuta... Nire ustez, norabide antinaturala daramagu eta horrek gaixotzen gaitu. Duela bi urte Indian izan nintzen. Hemen krisian bizi garela diote, baina ez dakigu benetako krisia zer den, nahiz eta gaizki pasatzen ari den jendea egon. Han ez dute ezer, baina ez dute ezer faltan botatzen. Hemen, mugikorrik ez baduzu depresio izugarria sartzen zaizu. Horregatik diot urakanak garela, bidean dagoen dena harrapatzen dugu, bidea disfrutatu ordez.

 

Zer errezetatuko zenioke jendeari?

Baikortasun dosia, alaitasuna... Gaizki gaudenean profesionalengana jotzeko aukera, triste dugunean laguntza eskatzea... Baina batez ere, bizitzeko ilusioa. Hori da jendeak benetan disfrutatzeko behar den errezeta garrantzitsuena. Duguna baloratu eta disfrutatu behar da, ez falta zaiguna. Zoriontsua ez da asko duena, gutxi behar duena baizik.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide