"Gabonak urteari edo eguzki zikloari ongi etorria emateko dira"

Erabiltzailearen aurpegia Izar Mendiguren Cosgaya 2013ko abe. 23a, 08:10

FELIX MUGURUTZA (Laudio, 1965) historia ikerlaria da. Gabonen atzean izkutatzen diren ohitura eta istorioak aletu ditu elkarrizketa honetan.

Zer da ospatzen dena Gabonetan?

Zer da ospatzen dena Gabonetan?

Solstizioa, eguna luzatzen hasten dela, hain zuzen ere. Kultura guztietan ospatzen da, Erromatar garaian du jatorria. Ikusita eguzkiaren jaiak zuen indarra elizak berarentzat hartu zuen. Hortik atera zen Jesukristoren jaiotza, ebanjelioetan Jesukristorekin argia etorri zela mundura esaten zelako. Elizaren Gabonetako lehen erreferentzia 354.urtekoa da. Ordura arte ez zen existitzen. 
Erromatar inperioa kristautzen joan zenez, horrela iritsi zaigu guri. Ama Lurraren indar guztiak konbokatu behar ziren landareak eta abar ateratzeko, horregatik da.


Olentzero eta Mari Domingiren istorioa zein da?


Olentzerorena ez dugu zuzenki ezagutzen, baina Galizian eta Kantabrian antzerako zerbait dago. Olentzeroren jatorria berez Lesakan dago. Hori XVII. mendean dokumentatua dago, oles aroa... era askotan deitu da.

 
Frankismoaren amaieran hasi zen identifikazio edo ikur moduan Olentzeroren ohitura berreskuratzen. Orain sekulako indarra hartu du. Errito gehienak galtzen ari dira baina Olentzerorenak gora egin du. Hori merkataritzaren eraginagatik da, gure beharretara egokitu delako. 


Pipa edo ikazkina izatearena, adibidez, berria da. Olentzeroren bizarra frankismoaren amaierako kontua da, protesta moduan bizarra uzten zelako. Haren ezaugarri nagusiena igitaia da. Guk, ordea, pipa erabiltzen dugu. 


Mari Domingirena, aldiz, guztiz berria da. Kapelagatik Erdi Aroko pertsonaia da. Parekidetasuna bermatzeko erabili da. Izena Zarautzeko kantu batetik dator, herri kopla batetatik. Bertan, Mari Domingi Olentzeroren emaztea dela esaten da. 


Herrian herri ezberdin ikusi da Olentzero. Kanta horren adierazle da, bat batean “ai urde tripa handia” esaten da. Leku batzuetan sarrera ere oztopatzen zitzaion. Batzuentzat ona zen, besteentzat txarra. Horren arabera aldatu dira kantak.

Eta errege magoena?

Hori ere oso modernoa da. Espainiako eta Italiako puntu batzuetan soilik ospatzen dira. Dena aldatu da. Hiru magoen jatorria kristautasunetik aipatzen da, errege I.mendean bilakatu zituzten. Hiru sorgin ezin zituztenez jarri hiru errege izendatu zituzten. Meltxor, Gaspar eta Baltasar izenak IX. mendean jarri ziren. Errege Magoek opariak egiteko ohitura, aldiz,  XIX. mendekoa da, 1850ekoa, 150 urte ditu. Olentzerok, adibidez, ez zuen oparirik egiten baina olentzero modernizatzeko kopiatu egin dugu. Olentzero eta errege magoei gutuna idazteko joera Ingalaterratik dator.
Errege magoek hiru kontinenteak islatzen zituzten, idealizazioa: Europa, Afrika eta Asia. Hiru magoak ziren, baina ez erregeak. 


Kristautasunak pisu handia du, beraz?
Kulturalki bai. Kristautasunaren bidez etorri zaigu hori guztia. Kristautasuna milaka urte hauetan deformatu egin da. Dena dago kristautasunetik iragazita. Herri errituak zirenak kristautasunaren bidez desfiguratu eta erritu kristau gisa iritsi dira. Ezkontzak eta hiletak bezala gabon zibilak ere egin beharko lirateke.


Gabonak ospatzeko ohiturak, oro har, aldatu direla uste duzu?

Bai, zeharo. Lehen gaztainak, arraina, aza.. jaten ziren, elizak okela debekatua baitzuen. Denborarekin baimentzen joan ziren, horregatik sartu ziren bisiguak, kapoiak... 


Egun horretako ogiak botere magikoak zituela uste zen, horregatik izara azpian gorde eta txakur gaixoei ematen zitzaien, edo ekaitz handia baretzeko erabili. Hori Aiaralde osoan egiten zen. Sutan enbor berezi bat ipintzen zen ere, kiskali eta errautsek ahalmen berezi bat zutelakoan. Horrela, uzta hobea izango zela edo janaria hobeto aterako zela pentsatzen zuten. Egun horietan baimenduta zegoen edatea. Urtean zehar ez zen edaten debekatua zegoelako. Umeei ere ematen zitzaien, desfasea zen, baina kontrolatua. Turroiarena, zoriontzearena, txanpaina... horiek ohitura berriak dira.  Turroia gerra ostekoa da. Gabonak urteari edo eguzki zikloari ongietorria emateko dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide