ERREPORTAJEA: Auzolanean herria eraikiz

Erabiltzailearen aurpegia Izar Mendiguren Cosgaya 2013ko aza. 17a, 09:31

Auzokoen arteko elkarlana. Hori da hiru hitzetan, auzolana. Aiaraldeko herri eta auzo ezberdinetan ere, askotan erabili izan da lan egiteko bide hori. 
Arakaldon eta Arrankudiagan, esaterako, ibaiertzeko flora inbaditzailea garbitu zuten herritarrek duela gutxi. Orozkon, Santa Marinako aterpetxea eta baseliza konpontzen ari dira. Abuztuan zehar, Tertangako errota txukuntzeko hilabete osoa eman zuten beharrean  Euskal Herritik eta Espainiatik etorritako hainbat gaztek.

Auzokoen arteko elkarlana. Hori da hiru hitzetan, auzolana. Aiaraldeko herri eta auzo ezberdinetan ere, askotan erabili izan da lan egiteko bide hori. 
Arakaldon eta Arrankudiagan, esaterako, ibaiertzeko flora inbaditzailea garbitu zuten herritarrek duela gutxi. Orozkon, Santa Marinako aterpetxea eta baseliza konpontzen ari dira. Abuztuan zehar, Tertangako errota txukuntzeko hilabete osoa eman zuten beharrean  Euskal Herritik eta Espainiatik etorritako hainbat gaztek.


Auzolana ez dago lotuta krisi ekonomikoarekin, Karlos Arranz Urduñako alkatearen aburuz. “Guretzat parte-hartze ekintza bat da, hondakin edo esparru publikoak guztion artean zaindu edo edertzeko”. Helburua ez da dirua aurreztea, “dirua izatekotan beste zerbaitetan gastatuko dugu”.
Ekimen hauen bidez talde sentimendua indartzen dela dio Arranzek: “Guztiok zerbait egiten gaude elkarrekin, beraz, guztion artean kapazak gara gauza handiak egiteko. Lan batzuk bakarka bukaezinak iruditzen zaizkigu, 20 lagunekin errazago egiten dira”.


Horregatik aukeratu dute auzolanerako Foru plaza. “Ez da udalaren gauza bat, guztiona baizik. Era honetan gauzak zaintzeko harremana sortzen da espazio publikoetan”. Orain arte egindako deialdietan herriko plazako bankuak konpondu dituzte. Eta, lorategiak txukundu. Bestalde, plazako barandak ere margotu dituzte. Terreroko iturria berreskuratzeko, aldiz, sasiak kendu dituzte: “Lekua hor dago eta guztiona da. Denok lan egiteko aukerak ditugun gauzak bilatu behar dira, nahiz eta trebakuntza gutxi izan”.


Horretarako, igande goizetan geratu dira. Maiatzean abiatu zituzten lanak. Hala ere, egitasmoan zailtasun bat edo besterekin topo egin dute: “Ez dakizu inoiz zenbat jende etorriko den. Momentuz esperientzia ona da. Ilusio handia daukagu eta jarraituko dugu. Jendearen erantzunarekin dena da posible”.Neguan etenaldia egingo dute, udaberrian auzolanari berriz ekiteko. “Pixkanaka kultura hori finkatzea da gure helburua”.


Tertangako errota

Abuztuan zehar Tertangako aterpetxean Euskal Herriko eta Espainiako hamaika gazte egon dira errota txukuntzen. Izan ere, barruan, teila eta harri asko zituen. Horiek guztiak atera eta eremua garbitu dute. Errotaren inguruko bidea ere zabaltzen egunak eman zituzten. “Belar txarra errotaren paretetan goraino zegoen”, azaldu dute parte-hartzaileek.


Errotaren aldameneko putzua ere egokitu dute. Zehazki, harri soberakinak atera eta pilatu dituzte. Baita errekako sasiak kendu ere.


Santa Marinako aterpetxea

Orozkon, berriz, Santa Marinako aterpetxea eta baselizan moldaketak egiten ari dira maiatzetik.
Santa Marina aterpe eta ermita bat da, atsedenleku eta aterpetxe funtzioak betetzen dituena. Lehen apaizaren etxea zen. 
“Duela 30 urte berriztatu zen baina orain apurtzear dago”, zioen Josu San Pedro alkateak maiatzean. Azpiegitura, ordea, haizeagatik eta jendearen erabilera okerragatik apurtu egin zen. Horregatik, orozkoarren artean konpontzea erabaki  zuten. Eta, auzolana antolatzeko bilera deitu. Abuztuan egin zuten lehen auzolan asteburua. Geroztik, aterpearen teilatu a eta barruko karea kendu dute. Asmoa, metalezko txapa bat jartzea da. 

Zolloko auzolan egunak

Aitana Izagirrek aspalditik hartzen du parte Zollon egiten dituzten auzolan egunetan. Azkenekoa, urriaren 26an egin zuten. Urtean bi lan egun jartzen dituzte herria txukuntzeko. Herria garbitzea denen ardura delako joaten da.


“Auzolanak betidanik egin dira Euskal Herrian, batez ere Zollo moduko herri txikietan”, dio. Herriko plazako inguruak, bideak, kanposantua... amankomuna denez, herritarrek elkarlanean arazoak konpontzeko baliatzen zutela azaldu du. Zollon, duela 30 urte berreskuratu zuten ohitura: “Urtero San Juan eta Domu Santu egunaren inguruan biltzen gara, jaiak heltzear daudenean”. 


Tradizioari jarraiki, etxe bakoitzetik norbait joatea da ohitura, Izagirreren hitzetan: “Baserri askotatik dator jendea, guztiz boluntarioa da”. Gutxi gorabehera 20 pertsona batzen dira. Antzina, gizonezkoen lana zen. “Orain, emakume gazteek ere gure aletxoa jartzen dugu. Hori ere auzolanera joateko beste arrazoi handi bat da. Izan ere, emakumearen figura txertatzen joan behar gara horrelako zereginetan”. Hala, guztien artean plaza inguruko zein bazter atondu behar den erabakitzen dute. Eta behin auzolana bukatuta hamaiketakoa egitera joaten dira herriko tabernara.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide