aiaraldea.eus

Get Out

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo   Kultura

Jatorrizko izenburua: Get Out Zuzendaria: Jordan Peele Gidoilaria: Jordan Peele Aktoreak: Daniel Kaluuya, Allison Williams, Catherine Keener... Herrialdea: AEB Iraupena: 103 minutu

       Aste honetan, Jordan Peele gidoigile, zuzendari eta aktore amerikarrak zertu duen estraineko pelikula gomendatu nahi dizuet. Izan ere, “Get Out” (2017) izeneko lan hau zinez interesgarria baita. Aldez aurretik, beldurrezko filmeak bereziki gustuko ez ditudala aitortu behar dut. Ez dut ukatzen, inondik inora, generoaren barruan benetako artelanak daudela, hala nola, “El Exorcista” (1973), “El resplandor” (1980) edo “El Sexto Sentido” (1999), baina tankera honetako zintek ez naute erakartzen, zer egingo diogu bada? Dena dela, beldurrezko filme bat hautatu behar badut, beldur hori pelikulak duen atmosfera osasungaitzak sortua izatea eskertzen dut, izualdietan oinarritzen diren lanak desatseginak iruditzen zaizkit eta. Peelen pelikulak premisa hau betetzen du behinik behin.

          Arrazarteko bikote bat, non mutila beltza den, neskaren guraso zuriak bisitatzera joango da asteburu batean.  Hasiera batean, gertatzen diren kontu arraro guztiak urduritasunari egozten badizkio ere, orduak pasatu ahala, gero eta arduragarriago diren aurkikuntzek imajinaezina den egia bat argitara emango dute.

         Esan bezala, hauxe Jordan Peeleren lehenengo pelikula da. Nire uste apalean, neurri egokian tartekatu ditu umore eta izua. Hau berez ondo badago ere, ezin da ahaztu bere lehenengo zinta honetan atmosfera itogarriak sortzeko zinemagile amerikarrak erakutsi duen erraztasuna.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa