aiaraldea.eus

A Quiet Place

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo   Kultura

Jatorrizko izenburua: A Quiet PLace Zuzendaria: John Krasinski Gidoilaria: Scott Beck, Bryan Woods, John Krasinski Aktoreak: Emily Blunt, John Krasinski, Millicent Simmonds... Herrialdea: AEB Iraupena: 95 minutu Ekoizpen-urtea: 2018

Aste honetan “A Quiet Place” (2018) izeneko pelikula gomendatu nahi dizuet. John Krasinski zinemagile amerikarraren lan berri hau oso proposamen bizigarria dugu, zeinak pantailaratzen duen planteamendu adimentsuaz ikuslea hasieratik bereganatzen duen. Pelikularen oinarriak eszenaratze eta soinuaren tratamendua dira duda barik. Bai eta ikuslearekiko ezartzen duen errespetuzko trataera ere, non une oro behar duen informazioa baino ez dion ematen, norberak bere kabuz beharrezkoak diren ondorioak atera ditzan.

Garai ez zehatz batean kokaturik dagoen istorio honek familia baten gorabeherak kontatzen dizkigu. Euren egunerokotasunean isiltasuna funtsezkoa da. Pelikularen posterrak dioen bezala: “Entzuten bazaituzte, ehizatua izango zara”.

Hauxe dugu John Krasinskiren hirugarren filma, beldurrezkoa den aurrenekoa. Newtonen munduratu zen zinemagilea askoz ere ezagunagoa da, ordea, “The Office” delako telesailean egiten duen agerraldiagatik.

Zinta honetan, esan bezala, eszenaratzeak berebiziko munta du. Hala ere, aktoreen antzezpenak ezinbestekoak dira. Nire ustez, Emily Blunten karakterizazioa nabarmentzeko modukoa da. Izan ere, baliabide gutxirekin, ez ahaztu hitz egiterik ez dutela, asko adierazten du eta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa