aiaraldea.eus

Carmen y Lola

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo   Kultura

Jatorrizko izenburua: Carmen y Lola Zuzendaria: Arantxa Echevarria Gidoilaria: Arantxa Echevarria Aktoreak: Zaira Morales, Rosy Rodríguez, Moreno Borja... Herrialdea: Espainia Iraupena: 103 minutu Ekoizpen-urtea: 2018

Aste honetan Arantxa Echevarriaren aurreneko film luzea nahi dizuet gomendatu: “Carmen y Lola” (2018) izenekoa, alegia. Behin baino gehiagotan aipatu izan dut zineak badituela bete beharreko zenbait funtzio, euren artean hurkoa hobeto ezagutzea. Echevarriak pelikula honekin hainbat hesi nahi izan ditu bota. Sasi-dokumental honetan ijitoen bizimodura era natural batean hurbiltzen gaitu, gerora amodioari buruz dotorezia handiz hitz egiteko. Amodioa bere osotasunean ulertuta, inolako trabarik jarri gabe, gizarteak jartzen dizkionak salbu.

Ez dira gutxi zuzendariak baliatzen dituen gaiak: askatasun sexuala, gizarte tradizional batean desberdina izateak dituen ondorioak, ilusio ezak eragiten duen frustrazioa… Horri guztiari heltzea ez da erraza, are gutxiago lehenengo metraje luzeko filma egiten duen zuzendari batentzat. Bada, zinemagile bilbotarrak nota onarekin gainditzen du erronka.

Aparteko aipamena merezi du, nire ustetan behinik behin, zinta honetan aktoreen jardunak. Ez dago antzezle profesionalik lan honetan, sinesgarritasun ikaragarria ematen diona. Pantailan gertatzen den guztiari freskotasuna dario, ikusleak zinez eskertzen duena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa