aiaraldea.eus

"Searching"

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo   Kultura

Jatorrizko izenburua: Searching Zuzendaria: Aneesh Chaganty Gidoilaria: Aneesh Chaganty, Sev Ohanian Aktoreak: John Cho, Debra Messing, Joseph Lee… Herrialdea: AEB Iraupena: 101 minutu Ekoizpen-urtea: 2018

Aste honetan, Aneesh Chaganty zinemagile amerindiarraren lehenengo lana nahi dizuet gomendatu. Pelikula originala da oso bere egiturari dagokionean. Izan ere, gure begien aurrean gertatzen den ekintza ea guztia pantaila baten barruan gertatzen baita: ordenagailu edo sakelako telefono baten barruan, alegia. Hasiera batean, erabaki okerra dela pentsa daiteke, formatu horrek ekintza bera itoko duela. Baina ez da hola, ezta hurrik eman ere! Hasiera-hasieratik harrapatzen zaituen istorioa kontatzen digu, gidoi biraketa izugarriak barnebiltzen dituena.

Bere alaba desagertutakoan, ikerketa bat abiatuko da. Inolako arrakastarik izango ez duenez, aita alargunak oraindik ere inork miatu ez duen lekua bakarrean bilatzen hastea erabakiko du: non eta alabaren ordenagailuan.

Esan bezala, pelikula hau zuzendariaren aurreneko zinta dugu. Estreinaldi bat izateko heldutasun handia erakutsi du Chaganty jaunak. Batere erraza ez den kontakizuna maisutasun handiz pantailaratzen du, ikusleari inolako atsedenik eman barik.

Bestalde, antzezleen lan doituak ere bere ekarpen txalogarria eransten du. Nork bere karakterizazioari behar duena bere neurrian ematen baitio.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa