aiaraldea.eus

"Phantom Thread"

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo   Kultura

Jatorrizko izenburua: Phantom Thread

Zuzendaria: Paul Thomas Anderson

Gidoilaria: Paul Thomas Anderson

Aktoreak: Daniel Day-Lewis, Vicky Krieps, Lesley Manville...

Herrialdea: AEB

Iraupena: 130 minutu

Ekoizpen-urtea: 2017

Aste honetan, Paul Thomas Andersonen azken pelikula nahi dizuet gomendatu, “Phantom Thread” (2017) izeneko lana, alegia. Kalifornian jaio zen zinemagileak talento berezia du berezko unibertsoak sortzeko. Andersonen zintek euren erritmoa dute, zuzendari amerikarrak ez du inoiz berebiziko presarik izan istorio bat kontatzeko. Hori bai, ez gaitezen nahas, horrek ez du esan nahi pelikula geldoak burutzen dituenik, ezta pentsatu ere!

Gerra osteko Londresen, bere arrebarekin batera, Reynolds dugu jostunik ezagunena, munta handiko pertsonak janzten ditu, bere mundua erabat antolaturik dago. Hau dena, baina, pikutara joango da maitemintzen denean.

Arestian esan bezala, Paul Thomas Anderson dugu lan erakargarri honen arduraduna, ohi duen moduan gidoia ere berak idatzi egin du eta. Kaliforniako zuzendariak dagoeneko jardunbide profesional sendoa du. Hainbat dira zinemagile honek zertu dituen balio handiko filmak, esate baterako: “Boogie Nights” (1997), “Magnolia” (1999) edo “Pozos de Ambición” (2007).

Hala eta guztiz ere, kasu honetan Daniel Day-Lewis aktore Britainiarraren lana ere goraipatu behar da. Inguruan dituen aktore gehienen jarduna oso egokia bada ere, bere presentzia hutsaz pantaila betetzeko gaitasuna du antzezle bikain honek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa