aiaraldea.eus

"Dolor y gloria"

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo   Kultura

Jatorrizko izenburua: Dolor y gloria

Zuzendaria: Pedro Almodóvar

Gidoilaria: Pedro Almodóvar

Aktoreak: Antonio Banderas, Asier Etxeandia, Penélope Cruz...

Herrialdea: Espainia

Iraupena: 108 minutu

Ekoizpen-urtea: 2019

Aste honetan “Dolor y gloria” (2019) Pedro Almodóvarren azken pelikula nahi dizuet gomendatu. Calzada de Calatravan jaiotako zinemagilearen azke lanak ibilbidearen amaieran egiten den horietako baten antza du. Zinta honen maila kontuan hartuta, dena den, hala ez izatea espero dut. Film ederra da Almodóvarren azken hau, amaieran, plano itxuran, harribitxi bat oparitzen diguna.

Duda barik, pelikulak kontatzen duena zuzendariaren gorabeheretan oinarrituta dago, zenbait kontu inoiz gertatu ez diren arren. Berak dioenez, “autofikzio” baten aurrean gaude, non autobiografia baten itxurapean egileak fikzioa egiten duen. Hala eta guztiz ere, begibistakoa da Antonio Banderasek gorpuzten duen pertsonaia zuzendaria bera dela eta, zalantza izpirik gabe, ikusleak hala interpretatuko du une oro.

Nire uste apalean, “Mantxa”ko zinemagileak azken bolada honetan burutu duen lanik borobilenaren aurrean gaude, “Mujeres al borde de un ataque de nervios” (1988), “Todo sobre mi madre” (1999), “Hable con ella” (2002) edo “Volver” (2006) bezalako maisulanen mailan koka daitekeena.

Almodóvarren indarguneen artean beti aipatu izan da emakumeen mundua ederto menperatzen duela eta, hori dela kausa, emakumeen zuzendari handia dela. Pelikula honen protagonistak, ordea, gizonezkoak dira, haiekin ere, niri iritziz behinik behin, kriston lana egin du oraingo honetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa