aiaraldea.eus

Green Book

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo   Kultura

Jatorrizko izenburua: Green Book Zuzendaria: Peter Farrelly Gidoilaria: Brian Hayes Currie, Peter Farrelly, Nick Vallelonga Aktoreak: Viggo Mortensen, Mahershala Ali, Iqbal Theba … Herrialdea: AEB Iraupena: 130 minutu Ekoizpen-urtea: 2018

      Aste honetan, dagoneko karteldegian ez dagoen pelikula bat nahi dizuet gomendatu. Pelikula hau iazko Oscar sarietako ezusteko irabazlea suertatu izan zen. Green Book” (2018) izeneko lanaz ari naiz, Phoenixvillen munduratu zen Peter Farrelly zuzendari amerikarrak burutu duen azken lana, alegia.
Gabonetan girotutako film honek indargune askotxo ditu, besteak beste: gidoia atsegina da oso, ederto dago kontatuta, musika ezin hobea da, aktoreen jarduna goraipatzeko modukoa dugu… Nabaria denez gero, ikustea merezi duen zinta baten aurrean gaude.
    Pianojole aparta izateaz gain, beltza ere baden musikari baten gidaria izateko kontratatua izango den italoamerikar gogor bezain bihotz onekoak familia bi hilabetez utziko du Ameriketako Estatu Batuen hegoaldean egingo duten bira osatzeko. Hainbat bizipen partekatu beharko dituzte, aurreikusteko zaila zen adiskidetasuna piztuko dutenak.
     Bai estiloa, bai kalitatea kontuan izanda, zaila egiten da sinistea pelikula eder hau Peter Farrellyrena denik. Nire uste apalean behintzat, zuzendari honen ekoizpenean kontuan izateko moduko lan bakarra dago, zein eta 1998an anaia duen Bobby Farrellyrekin batera burutu zuen There´s Something About Mary izenekoa, alegia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa