"Meskitetan Guardia Zibilaren kontrolak jartzen dituztenek gerra giroa gurera ekarri nahi dute"

Erredakzioa 2015ko aza. 26a, 13:38

OTHMAN ALFREDO GOMEZ-CAMBRONERO KORTAZAR (Bilbo, 1969) Laudioko komunitate musulmaneko kidea da. Soziologoa da eta herriko meskitan jazotako erasoak salatu ez ezik testuinguru orokorraren inguruan aritu da bere izenean.

Zer gertatu da Laudioko komunitate musulmanaren inguruan egun hauetan?

OTHMAN ALFREDO GOMEZ-CAMBRONERO KORTAZAR (Bilbo, 1969) Laudioko komunitate musulmaneko kidea da. Soziologoa da eta herriko meskitan jazotako erasoak salatu ez ezik testuinguru orokorraren inguruan aritu da bere izenean.

Zer gertatu da Laudioko komunitate musulmanaren inguruan egun hauetan?

Bi ekintza jazo dira. Alde batetik pertsona batek Islamaren eta musulmanon aurkako irainak eta mehatxuak egin zituen familia baten aurrean eta umeak oso izututa daude oraindik. Aurpegia estali zuen pertsona batek egin zuen.

Geroago zaborra bota zuten meskitaren aurrean dagoen espaloian. Ez dakigu pertsona berak egin zuen edo ez.

Auzokideren batek ikusi bazuen zerbait eskatzen diogu meskitara hurbiltzeko gurekin hitz egiteko. 5 otoitz egiten ditugu egunero eta 13:00etan edo 19:00etan ordu aproposa izan daiteke horretarako.

Legediak modu berezian zaintzen ditu gurtzeko aretoak: berdin budistak, kristauak edo musulmanak. Ez dugu zarata handirik egin izan nahi baina hau gertatu denez salaketa jarri dugu berriro gerta ez dadin.

Alkateari honen berri eman diogu eta prest dago gu ahal duen neurrian gu laguntzeko. Ertzaintzak ere modu atseginean hartu gintuen atzo eta dagoeneko gorroto delituagatik salaketa jarri dugu.

Horrez gain, astelehenean eguerdian Guardia Zibilak kontrola egin zuen meskitaren inguruan hiru furgonetarekin eta sei agenterekin eta bertara joandakoak miatu zituen. Oso susmo txarra hartzen diogu gertatutakoari eta norbaitek Laudiotik kanpo gure gizartea zatitu eta gure auzokoen artean elkarrenganako beldurra eta mesfidantza sorrarazi nahi dituela ondorioztatu dugu.

"Guardia Zibilaren kontrol militarra dela eta eskatu nahiko nieke gauza bat gerra giroa gurera ekartzen saiatzen ari direnei hauteskundetan bozak irabazteko: Laudio eta gu bakean uzteko".

Frantziako azken gertakari latzen harira, azken bi asteetan etengabeak izan dira Espainiako zenbait alderdi eta eragile politiko zein mediatikok (PP, Ciudadanos, El Correo...) gure interesekin zer ikusirik ez duen gerraren alde zabaldutako mezuak. Horien arabera, oinarrizko eskubide zibilak premiaz bertan behera utzi behar dira eta gizartearen zati handia, hain zuzen ere, gaur egun beharrizan gehien dituztenak (hiri handien inguraldeetako auzokoak, atzerritarrak, etorkinak, errefuxiatuak, musulmanak...), salbuespen egoeraren barruan sartzeko, herritarren benetako segurtasunari lotutako inolako irizpidetan oinarritu gabe

Testuinguruaren ondoriotzat jo dituzu gertakariak?

Europan sektore politiko batzuek eta erabakigune politiko handiak -militarrak, ekonomikoak...- gerra eta izu giroa zabaltzen ari dira.

Aintzat hartu behar da Europan asmoa ez dela politika soziala aldatzea krisialdi ekonomikoari aurre egiteko. Herritar ugari baztertu dituzte aberatsen aldeko politikak egin dituztelako herstura ekonomikoaren bitartez. Aberatsak aberatsagoak dira behartsuen kalterako.

Bestalde, ikusten dugu gai geoestrategikoak lantzen dituzten esparruetan Ekialde Hurbilean esku hartzeko gogoa dagoela eta horretarako gerra giroa piztu nahi dutela.

Horrek izua zabaldu du oro har Europako musulmanen artean. Europako ekialdean aspaldi daude komunitate musulmanak -Bosnian, Albanian, Mazedonian...- eta gizartearen gehiengoa dira askotan edo gutxiengo handi bat.

Baina Europako mendebaldean musulman asko etorkinak dira edo etorkinen seme-alabak.

"Sektore politiko batzuk saiatzen ari dira ateratzen balizko europar kontzeptutik komunitate musulmanak eta musulmanak norbanako gisa".

Horrek ondorio oso ezberdinak izan ditzake pertsonaren arabera. Estigma sortzeko arrisku handia dago gure komunitateko kide ahulenen artean; umeak, gazteak, etxetik kanpo lanik egiten ez duten emakumeak, menpekotasunak dituztenak, egoera administratibo irregularrean dauden etorkinak... .

Elkarbizitza eta bake giroa apurtzen duen dinamika gerrazalea ez da batere egokia gizarte oparoa antolatzeko. Gizarteko alde ezberdinek harreman osasuntsuak izan ditzaten ez du laguntzen.

Eta luzerako kalteak sor ditzake eta konpontzea oso garestia izango da. Prebentzioa oso garrantzitsua da eta Laudioko meskitan gertatutako ekintzei erantzuteko erabaki dugu salaketa jartzea, horri aurre egiteko modu egokiena delakoan.

Jendeak jakin behar du, bereziki komunitatearen barruan, ez gaudela babes barik. Legedia badago eta horren arabera beste herritarrak bezala bizitzeko eskubidea daukagu.

Interneten kanpaina oso gogor bat dago musulmanen, meskiten eta islamiar espirituaren aurka. Kanpaina horrek muturreko hainbat talde piztu edo jende zoroa piztu ditzake.

Bestetik horrelako kanpainek giro txarra sor dezakete eta topagunetan -ikastetxetan, lantokietan...- musulmanekiko mesfidantza eragin.

"Hala ere, Laudion eta Aiaraldean lasai bizi gara, harremanak onak dira auzokoekin eta sinismen, pentsamendu eta jatorri anitzekoak izandre eza e dago arazo handirik eta bizimodu eredu horri eutsi nahi diogu".

Bertako komunitate musulmaneko kideak ezagutzen ditugu eta gure moduko pertsona arruntak dira, haien jarduera sozial, kulturak eta erlijiosoa legeriaren barruan dago eta bertako herritar guztien bizimodua errespetatzen dute.

Bizimodu horri eusteko zein da bidea zure ustez?

Alde batetik, auzokoen arteko harremanak sendotzea. Hau da, gertukoa -berdin zein den bere jatorria edo pentsamendua- aintzat hartzea. Hori Islamean oso garrantzitsua da. Ez gara benetako musulmanak albokoarekin harremanik ez badaukagu; auzokoen arazoak bereganatzeko beharra daukagu.

"Euskal Herrian aldaketa handia eman da zentzu horretan. Lehen auzokoen arteko harremana oso handia zen eta gaur egungo bizitza postmodernoagatik hori galdu da. Hori da etorkinak diren musulman askok faltan botatzen dutena. Jatorrizko herrietan dauzkaten harreman horiek errepikatzen saiatzen dira".

Horregatik garrantzitsua da udalak, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak politika orokorrak antolatzea ekintza zehatzen bidez bizikidetza sustatzeko.

Hemen, 18.000 biztanleko herri batean, ez da gertatu behar pertsonen arteko mesfidantzarik egotea jatorri ezberdinak izateagatik. Gauza asko galtzen ari dira elkar ez ezagutzeagatik; aukera ekonomikoak, giza harremanak izateko, beste kultura bat ezagutzeko...

"Herrialde aurreratuenak dira bere aniztasuna hoberen kudeatzen dakitenak. Euskal Herrian nolabaiteko defizita daukagu eta sakondu behar dugu hori konpontzeko".

Laudion meskita erasotzeak edo Guardia Zibilak kontrol militarrak egiteak ez du laguntzen. Elkarrenganako konfiantza sendotu behar dugu, ez bakarrik gertukoenekin, baita jatorri ezberdinekoekin ere, laudioarrak baitira.

Une hauetan gerraren aldeko mezuak zabaltzen ari direnak esaten ari dira Europan badagoela biztanleriaren zati bat ez dena integratu eta Europako balioen aurka dagoena. Barne etsaia dagoela esaten duenaren aurka agertzea eskatu nahi dut. Horrek ez dauka zerikusirik Laudion eta Euskal Herrian bizi dugun egoerarekin. Horrelako mezuak zabaltzea oso kaltegarria da eta gehien sufritzen dutenak ahulenak dira: umeak, nagusiak, etxeko andreak..

Estigma bat sortzen ari da eta horrek etorkizunean arrakala sortu dezake. Arrakalarik ez dugu nahi.

Pariseko gertakariei buruz zer aipatu da komunitate musulmanean?

Bakoitzak bere iritzia dauka baina oro har jendea atsekabetuta dago. Musulmanok uste dugu gizadiko kideok anai-arrebak garela. Islamean errugabe bat hiltzea gizadi osoa hiltzea bezalako ekintza da. Oso oinarri garrantzitsua da hori.

"Ustez Islamaren izenean edo herrialde musulman bat babesteko egindako sarraskiek musulman gisa mintzen gaituzte".

Gainera, Laudioko musulman askok Magreben dute jatorria. Frantziako kontuak oso modu estuan jarraitzen dituzte bertan senideak dituztelako eta asko barneratzen dira albisteak.

Horregatik salbuespen egoera eta gerra giroa eta Frantziako eta Ekialde Hurbileko egoera nahasten duten pertsonen aurrean guk lasaitasunerako deia zabaldu nahi dugu. Lasaitasunez eta zuhurtziaz jokatu behar dugu. Ez dugu errurik barneratu behar eta musulman bezala agertu behar gara, harrotasun osoz.

Ustez musulmanen defentsarako diren ekintza horiek oso susmagarriak dira; azkenekoa zein urte hasieran -Charlie Hebdoren egoitzan- gertatutakoa. Nire uste apalean ikur faltsuko ekintzak egin dira. Estatu Frantsesak berandu hartu du Siriako gerraren trena. Boteregune batzuk ekintza horiek aprobetxatu dituzte salbuespen egoera ezartzeko eta gizarteko oposiziorik gabe gerran sartzeko.

Kasualitate handia da Errusiak onartzea Sinaiko penintsulan hegazkinaren erorketa eraso baten ondorioz izan zela.

Gatazka horien aurrean konponbiderako bidean jarri behar gara; errefuxiatuak harturik eta gure gizartetan arrakala artifizialak saihesturik.

Bakearen alde lan egitea inoiz baino garrantzitsuagoa den garai larri honetan Espainiako gobernua munduko boteretsuen alde agertu da, haien estrategia politiko-militarraren morroi bihurtuta. Herri osoa zentzugabeko politika horren borrero bilakarazi nahi dute baina Euskal Herriak duela ia 30 urte, erreferendumean NATOren aurkako botoa emanda, ezezko borobila eman zion inperialismoari eta enpresa transnazional zein boteregune ekonomiko handien mesedetan egindako gerrei.

Ez dugu gerraren aldeko inolako dinamika politikotan gure herria sartuta ikusi nahi.

Komunitate musulmanaren hausnarketa izan da lasaitasuna eta zuhurtziaz jokatu behar dela. Zein da mezua gainerako komunitateentzat?

Gauza bera. Lasaitasuna, zuhurtzia eta musulmanak herrikide gisa begiratzeko deia. Leku berean bizi gara eta lan egiten dugu. Gure kezka gehienak antzekoak dira eta zentzu horretan bateratzen gaituzten gauzetan erreparatu behar dugu.

Konfiantza giroa erraztu behar dugu. Laudio bezalako herri batean zurrumurruak agertzen direnean horien kontra jo beharko genuke.

Errefuxiatu sahararren inguruko zurrumurruak daude eta falta zitzaiguna da zabaltzea hemengo jendearen kontrako pertsonak ere badaudela. Hori ekidin behar dugu.

"Gure komunitateko jende asko apala eta etorri berria da; ez dute oso ondo ezagutzen hemengo gizartea. Badaude baliabideak eta ez dituzte erabiltzen".

Atzoko salaketa egiteko asko borrokatu dut eta azkenean hiru kide joan ginen.

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide