aiaraldea.eus

"Eraso guztien gainetik, euskara aurrera" Laudioko Euskara teknikariaren prentsa-oharra

Erabiltzailearen aurpegia Gartzen Garaio Atxurra   Euskara  Laudio

Aurtengo Euskal Jaiaren ospakizuna dela eta piztu den polemikaren aurrean, Laudioko udaleko euskara teknikariak bere izenean igorri die prentsa oharra medioei. Gurekin harremanetan jarri eta argitaratzeko eskatu digu. Polemika aiaraldea.com-en horren bizi egonda, nahiago izan dugu prentsa oharra dagoen bezala argitaratzea azalpen kamutsik eman ez eta gaizki ulertzeak ahal den neurrian ekiditeko. Hona hemen beraz, hitzez hitz jasotakoa.

 

ERASO GUZTIEN GAINETIK, EUSKARA AURRERA

EUSKAL JAIA - 2010

Aurtengo Euskal Jaiaren ospakizuna dela eta piztu den polemikaren aurrean, Laudioko udaleko euskara teknikariak bere izenean igorri die prentsa oharra medioei. Gurekin harremanetan jarri eta argitaratzeko eskatu digu. Polemika aiaraldea.com-en horren bizi egonda, nahiago izan dugu prentsa oharra dagoen bezala argitaratzea azalpen kamutsik eman ez eta gaizki ulertzeak ahal den neurrian ekiditeko. Hona hemen beraz, hitzez hitz jasotakoa.

 

ERASO GUZTIEN GAINETIK, EUSKARA AURRERA

EUSKAL JAIA - 2010

 

Jakingo duzunez, aurten gauzatuko daLaudioko Euskal Jaiaren 4. edizioa. Edizio

zailena, bere garapena oztopatzeko hainbat

traba jarri zaiolako: kritikak, parte ez hartzeko

gonbiteak, programazio paraleloak,

mehatxuak... Eta askotan, gezurrak. Hortaz

ohartxo hau, gauzak argitze aldera. Erantzuna

pertsonala da, nire aurka zuzendu dutelako

kritika gehienak baina, Euskara Teknikaria eta

jai honen sortzailea izateak ematen didan

bermearekin.

Istilua Jaiak Koordinakundearekin (herriko jaitalde

batzuk batzen dituen elkartea) izandako

desadostasun batzuetatik dator, gerora

azalduko ditugunak. Horri gehitu behar zaio

Laudioko Ezker Abertzalearen 2010-09-14

eguneko komunikatu ezegokia, gauza zehatzik

izan gabe (uda honetan herri guztietako jai

guztiei buruz esandako “ez dela partehartzailea

eta herrikoia” klixeaz gain, ezer gutxi)

aukera ondo aprobetxatuz udalean oposizio

politikoa egiteko. Eta, tartean, kaltetu bakarra,

euskara.

ZER DA JAIAK KOORDINAKUNDEAK

EXIJITZEN DUENA “EUSKAL JAIA”-REN

GARAPENA EZ OZTOPATZEKO?

Hiru dira desadostasunerako puntuak eta

horiek bete ezean Euskal Jaian parte ez

hartzeko arrazoi direnak:

- Herri bazkaria 400 pertsonara ez mugatzea.

Udalaren jarrera: ezaguna denez, herri bazkari

hori oso arrakastatsu suertatu da Euskal Jaia

sortu zen garai hartatik. Eta ez dago herrian

leku bat 1.000 kideko bazkari bat egitekoa (hori

litzateke, gutxi gorabehera beharko genukeen

kopurua). Iaz, salbuespen moduan Institutuan

egin zen eta 780 lagun batu ginen. Hala ere

jende nahikotxo geratu zen sartu ezinean, leku

fisiko faltagatik. Iazkoa salbuespen bat izan

zen, izatez DEBEKATUA dagoelako kopuru

hori hortxe sartzea, segurtasun neurriak ez

dituelako betetzen (larrialdi irteerak...). Eta gaur

den egunean Laudion ez dago elizpea baino

leku estali handiagoa herri bazkari bat

antolatzeko. Horregatik erabaki zen horra

itzultzea, aurreko bi edizioetan izan zen toki

berberera. Bitxia da, bestetik, Jaiak

Koordinakundeak berak ekainean antolatutako

herri bazkari erraldoi ireki batean

(Sanpedropeko jaiak) 400 lagunentzat

mugatzea erabaki zuten, leku faltagatik (ikus

ekaineko ZUIN aldizkaria). Haiek konpondu

ezin dezaketena, Euskal Jaiaren antolatzaileei

exijitu... UNEORO, BETI proposatu izan zaie,

leku egoki bat aurkituz gero, bertara eramango

zela Euskal Jaia. Baina momentuz, ez dute /

dugu horrelakorik aurkitu Laudion. Euskara

Arlotik, datozen urteei begira, karpa erraldoi bat

alokatzearen aukera planteatu zitzaien baina

oso garestia da eta aurten ez dago horretarako

dirurik.

Bestetik, Jaiak Koordinakundeak Euskal Jaia

antolatzeko lan-taldetik irtetea erabaki zuen 320

bono haientzat erreserbatzea exijitzen zutelako

(jai taldetako inor kanpoan gera ez zedin). Aho

batez onartu zen erreserba hori ezin zitekeela

egin (aurreko urteetan egin zitzaien) herritar

asko kexatu zelako, kalerako salgai geratzen

diren bonoak oso murrizten direlako.

GAUR DEN EGUNEAN, BERAZ EZINEZKOA

DA PUNTU HAU KONPONTZEA,

HORREXEGATIK HAIN ZUZEN ERE:

EZINEZKOA DELAKO.

- Bazkariaren prezioa 10 eurotik 5 eurora

jaistea. Zerbitzua eta mahai eta aulkien

alokairua kontuan hartuta bakoitzeko 20 euroko

gastua da. Horregatik erabaki zen prezioa

igotzea. Euren esanetan, gazte batek ezin du

hori ordaindu. Udalak esan du, prezio hori

dagoen bezala mantenduko dela aurten,

publizitatea eta bonoak eginda daudelako eta

gehiengo baten erabaki adostua izan delako.

 

Hala ere datorren urterako aztertu daiteke

jaistearen aukera. Bono horren prezioan

sartzen dena: arroza + oilasko hankak

garagardo erara + goxua + Arabako Errioxako

urteko ardoa / ura + kopa + kafea + zerbitzarien

lana + mahai eta aulkien alokairu eta

muntaketa lanak. Ez dugu uste eskaintza /

prezio balorazio horretan “garestiegia” dela

esatea bidezkoa dela.

Berau da, desadostasuneko hiru puntuen

artetik arazo gutxien planteatzen duena da.

Hala ere AURTENGOA MANTENDUKO DA

esandako arrazoiengatik.

- Euskara EZ EXIJITZEA bazkarian parte

hartzeko. Aurreko edizio guztietan, eta baita

oraingoan ere, bazkarian parte hartzeko bi

gauza eskatu dira: euskal jantziekin jantzita

joatea eta EUSKARAZ EGITEKO

KONPROMISOA hartzea. Ez da bi puntu

horietan ondo, bikain edo erdizka betetzea

eskatzen. Baina bai egon behar da horretarako

aldez aurretiko jarrera bat.

Jaiak Koordinakundeak ez du hori onartzen eta,

kasu honetan, hizkuntza elementu baztertzaile

bihurtzen dela diote (bileretan sarritan aipatua

izan da “ghetto” hitza). Euren taldeetako guztiak

egotea nahi dute (eta ez utzi taldeko inor

kanpoan), edozelakoa izanda bere hizkuntza.

Hau da guztien artetik, desadostasun

gehieneko puntua, diruaz konpondu ezin

daitekeena (bai aurrekoetan karpa batez eta

menuaren prezioa jaitsiz) eta, agian lotsagatik

edo, hedabideetara, sare sozialetara eta

abarrera kaleratu ez dutena. Euskara Arloaren

jarrera hauxe da: Euskara Arlotik antolatu

bitartean, EUSKARAZ EGITEA ESKATUKO

DA, Arloan antolatzen diren gainerako ekimen

guzti-guztietan bezala. Hala ez balitz, datozen

edizioak Jaietako Arlotik antolatu beharko ziren

eta ez Euskara Arlotik.

Arazo hau, besteekin batera, eztabaidatu

zenean udaleko Euskarako gaietako Batzorde

Informatiboan ALDERDI GUZTIAK (EAJ, PSE

eta PP) euskara erabiltzea eskatzearen alde,

hots, aurreko urteetan egin den bezala

mantentzea eta ez aldatzea “Euskararen

eguna” delako urte guztietako karteletan

bigaren izenburu gisa agertu den bezala. Ezker

Abertzaleko ordezkaria izan zen salbuespen bakarra eta abstenitu izan zen.

 

ZER DAGO EUSKAL JAIAREN EGUNEAN?

Ikusita aurreko puntuetan ezin daitekeela

adostasun batera Jaiak Koordinakundeak

erabaki du jai paralelo bat antolatzea, Euskal

Jaiaren egun eta ordu beretan, jai taldeetako

gazte bakar bat ere Euskal Jaira joan ez dadin.

Are gehiago, nor doan eta nor ez identifikatzeko

nola joan behar duen jantzita ere agindu zaie:

“vestidos de sport, vaqueros y así”. Euskara

Arloaren iritziz hori da gazteak presionatzeko

bide bat. Bestetik, egindako deialdian beste

erakunde batzuk inplikatu dituzte, euren

baimenik eta adostasunik gabe: “Basalarrina y

AEK, otros de los participantes históricos de

esta fiesta, mantienen la misma postura que

nosotros”. Elkarte bi horiek gezurtatu dute

informazio hori eta adierazi dute ez dutela

horretan zerikusirik.

Jai paralelo hori San Joan Astobitzako

baselizaren inguruetan gauzatuko da bisita

gidatuz gain, bazkaria eta dantza-plaza ere

izango dute. Amaieran, 20:00etan (Euskal Jaia

amaitzen denean) jaitsiko dira herriko

erdigunera, “trikipoteo”-an.

 

EUSKARA ARLOAREN PROPOSAMENA

Honelako istiluetan kaltetu bakarra EUSKARA

da. Eta udalean egiten diren gauza guztien

artetik euskararen jaia aukeratzea mozkin

politiko zital batzuk lortzeko tamalgarria da.

Honen bidez animatzen zaituztegu Euskal

Jaian parte hartzen, zahar, ume edo gazte.

Baina beti EUSKARA ahoan izanda eta ez

gogoan soilik. Euskal Jaian eta urteko

gainerako egunetan bezala. Gora Euskara eta

gora Euskal Jaia.

 

ESPARRU PERTSONALAK

Gatazka hau nire aurka bihurtu nahi izan da, ez

udalaren aurka. Nitaz sekulako astakeriak eta gezurrak ari dira esaten han-hemenka. Eta

zurrumurru guzti horiek aldi berean eta modu

antolatuan egin dira. Eta dakit noraino iritsi nahi

den honekin. Baina jakin badakigu, egitarauan

dagoen talde bati behintzat deitu egin zaiola

“parte ez hartzeko gonbitea” luzatuz. Harrituta

daude jakina, ez dutelako ezer ulertzen

(kanpokoak dira). Dei hori egiaztatu didate

gainera, egin zutenen aldetik...

45 urte luze ditut nire hezurren gainean eta

guztiok dakizue zertan nabilen eta nolakoa

naizen, akats eta bertuteak barne. Zuek

baloratu zeini eman dakiokeen sinesgarritasuna

(esandakoari eusteko dokumentazio idatzi

ugari, aktak... dituzu zuen esku). Edo

erabakitzeko euskarak berak hau merezi duen

ala ez.

Eskerrik asko, amaitzeko, elkartasuna adierazi

didazuen guzti-guztioi.

 

PS: zer esanik ez, gezur borobilak dira Jaian

parte hartzeko test bat bete beharko dela,

alkohol gehiegi edateagatik debekatu zaielako

gazteei parte hartzea, euskara teknikariak

eskatu duela jai taldeei laguntzak kentzea

sanrokeetan euskararen alde gutxi egin

dutelako eta abar. EGIZUE AHALEGIN BAT

ETA ZABALDU INFORMAZIO ZUZENA.

 

Laudio, 2010-09-15

Felix Mugurutza Montalban

Laudioko Euskara Teknikaria eta Euskal Jaiaren sortzailea

Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeko kidea

AUNIA aldizkariko zuzendaria

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Igor Erantzuna | #1

Mehatxuak jaso dituela euskara teknikariak?? 400 pertsona bakarrik sar daitezkeela bazkarian, hori gezurra da. Pasaden urtean 780 pertsona joan ginen, jaietan bazkari erraldoiagoak egiten dira, eta ez da ezer gertatzen. Guk ez genituen ticketak exijitzen, goizean antzerkia, kalejira eta horrelako gauzak eginda, ezer kobratu gabe, tiketak guretzat ez gordetzea besterik ez zen falta, eta hori bai 10 euro ordaintzeko prest egongo ginateke, euskal jaia oso gustuko dugulako. Diru asko xahutuko du euskara sailak jai pribatua ematen duen honetan, adibidez mahien alokairua, gogorarazten dizut Udalak, tableroak eta aulkiak dituela! ez dago guztiontzat baina gastua murriztuko luke! Ez da jai paralelo bat, 400 pertsona baino gehiago joango ginateke bazkarira eta ez dago lekua guztiontzat beraz, beste proposamen bat luzatu diegu. Ez da boikota, guk ere ospatuko dugu euskal jaia, baina gure erara! Igual euskara teknikari da azkenean informazio zuzena zabaltzen ez duzuna!

Amaitzeko Euskaraz egin behar dela argi dago, baina ez bakarrik egun horreta, zure lagunen artean zenbatek egiten dute berba euskaraz urtean zehar??

Erabiltzailearen aurpegia Ander Erantzuna | #2

Ez engainatu gendea... ez duzue publikoki horrela onartuko baina saiatzen ari saretena, guztiok dakigu, boikota da.
Ez duzue eskubiderik... gero kexatuko zarete baina ez duzue ezer onik lortuko.
Sartzen ez dela gjendea... ba tarterak ekarri eta jarri ondoan bazkaltzen eta montatu juerga eta egun eder bat.

Anda! mesedez baina zertaz zoazte.
Lehenengo euskara eta gero arazo pertsonalak edota bestelakoak.
Euskalduna egiten duena... bultza dezagun hori.

Ah.. por zierto, ez da batere arraroa eskatzea euskara egitea parte hartzeko... edo orain ez dugu eskatuko euskara egitea??
zertaz zoazte?

Gora euskal jaia

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Erantzuna | #3

Itzi, zure komunikatu interesatu, subjektibo, pertsonal eta argudio gabedun horretan, argudio bakartzat euskara teknikariarekiko duzun begirunea baita, hainbat dira hanka sartzeak.


Historikoki, ezkertiar iraultzaileak, herriak goraipatuak eta kualifikatuak izan dira, iruzkinaren zati bat ezabatu behar izan dugu hemen, iraingarria zelako. Zu bai ezkertiarra zu, inoren mesedeetara lan egiten ez duen horren alde, argi erakutsiko baitugu, euskara helburutzat duen jai honetan, euskaraz Larrazabalen jardungo garela, eta ez jon karla eta bere inguruan. Akats handiena, hau guztia jai soil baten moduan ulertzea izan da. Ez da errebindikazio gisa erabilia izan behar, honen boikota edo ez, ez da euskararen boikota.


Jaia, euskaltzaleon zorionerako izan behar da, euskara dugunok hori ospatzeko, eta ez egun batean euskaraz hitz egiteko. Gauza bera gertatzen da instituzioetako jai guztiekin. Emakumearen egunean, denok feministak. Langileriaren egunean, agintariekiko naska. Eta euskararen egunean, damua eta eskuak burura, euskara erasotzen ari garelakoan. Hori bai, herrikoiari dagokionez, argudiorik ez, zuretzat herrikoia da, eta horretan geratu zara, inongo ideiari aurka egin diozulakoan, eta, noski, Jaiak-eko ordezkaria tartean sartuta, jakin gabe, honen guztiaren atzean, asko eta asko gaudela, ez euskara teknikariarekin gertatzen den moduan. Joan zaitez bihar Jaiak-eko ordezkariarengana, eta ziur izan, ordu erdiko tartean, elkartasun dei gehiago jaso ditzakeela. Baina ez ahaztu, ez ezazu inoiz egin, indarrak eta handitasunak, ez duela arrazoia ematen.


Eta hau babesten duen udalak, ez dauka inongo sinisgarritasunik, ez euskaran, ezta herriaren partehartzearen aktibazioan, nahiz eta, eraikinari dagokionez, sekulakoa izan. Nire aldetik, herrikoia izateak, dena baten esku ez uztea eskatzen du. Eta ezkertiarra izateak, behintzat, honen salaketa.

Erabiltzailearen aurpegia euskaldun bat Erantzuna | #4

Aurreko egunetan horrelako iritzi trukaketa guneetan idatzi izan dut. Lehenbiziko aldiz, izan ere, teknologia berriekin ez bait naiz oso ongi konpontzen eta nahigo dudalako aurrez aurreko solasaldia baina tira...egoerak bultzatu nau.
Lehenik eta behin: ze mundu zorotan bizi gara? Jendea pertsonalki erasotzen, iraintzen...ni neu autokritikitan barne, aurreko iruzkin batean hitz gogorrak izan nituelako laudioko euskara teknikariarentzako, barne bulkada edo gidatua...pertsonalki berriz erasotu ez dudanaren hitza ematen dut. Hori bai, injustizien aurka, denetik esateko eskubidea aiotrtzen diot nire buruari, eta zentzu horretan adierazten dut, udal teknikariak bere idazkietan hitz gogorrrak zuzendu dituela hainbat herritarrenganako, eta hori injustizia da. Herritarrak, pertsona anonimo eta xumeak dira eta inolaz ere egoera gatazkatsuen arduradun, hortaz, injustizia eta eraso "gratuitorik" ez mesedez! Ah! portzierto, ezkertiar asko dabil idazten baina ez diot ezkertiar kutsurik hartzen, emakumeen kontrako irainak sumatu ditudalako...
Bigarrenik, gazteak jomugan...joder, zer egin dute gazteek? nik oso inplikatuta ikusi ditut bai Sanroketan zein Euskal Jaiaren aurreko edizioetan, hortaz, zergatik euren kontra kargatu? Jode, nahikoa dauka gazteriak bere berezko "arazoekin"; behin, gure herrian gazteak lanean ikusten ditugula eta toma! boikoteatzaileak direla esan! Nik ausardia aiotrtzen diet, "status quo"aren aurrean iniziatiba bat izan dutelako eta hare gehiago, heldutasun maila izugarria erakutsita, alkatearekin hitz eigten egon direlako. Alkatea, herri honetako arduradun nagusiena egin ez duena, hau da, komunikazio bermatzea, gazteek egin dute. Denok "penkatu" dugun ikasgaia (foro honetan behintzat).
Hirugarren, Aitorrekin bat nator: martxoaren 8an denok feministak eta urte osoan zehar, zer? euskaldunak euskaldun izaten jarraituko dugu udalak antolatzen duen bazkarian parte hartu edo ez eta ez ginateke horrenbeste haserretu beharko baten bat gaztelaniaz hitz eigten entzuten badugu, ziur naizelako gutako asko, euskaldun asko, gaztelaniaz ere hitz egiten dugulako (aztertu beharko litzateke zergatia...).
Horretaz gain, hausnarketa txiki bat: euskal jaia euskara eguneroko bizitzan txertatzeko eigten dela esan da udaletik, hortaz, ez litzateke aproposagoa izango 19.000 pertsonentzako bazkari bat antolatzea? Laudior danon bizitzan sar dadin.
Alkateak dio pozik dagoela udalean euskara arlotik burutzen den lanarekin, baina aurrekontu munizipalaren %2a euskarari eskeintzea onartu zen udalean eta ez da betetzen, zelan egon daiteke pozik?
Legaltasunari jarraituz, Laudion horrenbeste pertsona batuko lukeen toki fisikorik ez dagoela esaten da udaletik, baina 400 pertsona gora batzen dituen ekimenak udalak berak antolatzen ditu. Zergatik aplikatu legaltasuna batzuetan bai eta besteetan ez?
Azkenik, nire animo guztia gazteei eta euskarari! Biei eta batari, batak bestea inplikatzen duelako. Gazteak herri ekimenak bultzatzeagatik eta euskaraz egiteagatik (adibide bezela,aurtengo Sanroketan izan den Karaokea aipatu nahiko nuke, besteak beste, edozein publikori eskeinitako ikuskizun euskalduna burutu zelako, udalak antolatutako antzerki saioetan, ordea...). Euskarari, merezi duelako!

Erabiltzailearen aurpegia Asier Erantzuna | #5

bazkaria: udaletxeak, baditu bere eserlekuak eta mahaiak. 400 pertsonentzako heltzen ez badira, 370 inguruntzako, fijo. guk jarri genituen elizpean aurtengo jaietan, herri bazkari baterako. falta direnak, barriak erosi, eta diru mordua eurreratu litzeke.

bestetik: ni jai talde baten partaide izanik, guztiz kontra nago JAIAK kordinadora daraman jarrerarekin. berak bere kondiziñoak exijitu nahi ditu, eta ostantzean boikota.
Normala iruditzen zait, euskara bultzatzeko ospakizun batean, euskeraz egitea eskatzea, beintzat zaiatzea.
Euskara jai bat ez da koadrilen jai bat. koadrilen barruan badira euskaldunak eta baita euskararen kontrakoak direnak ere.
Udalari boikota egitea ere, uler dezaket, ondo da, baina mendietan barna izkutatzea, euskararen egunean jende gutxi ikus dadin, udaletxeari min egiteko, hori ume jarrera da. mina udaletxeari baino euskarari egiten diozue.

Nik ulertuko nuke hurrengo urtean udaletxeak dirurik ez jartzea euskal jaia egiteko, eta JAIAK batzordeari, eskatuko bagenion, egunaren antolamendua eta dirulaguntza.

Erabiltzailearen aurpegia Miren Erantzuna | #6

Uler dezaket guztien gustukoa ez izatea, gauzak egin diren moduarekin bat ez etortzea, nahi duzuena. Baina ulertezina egiten zait euskararen kontrako jarrera hori, boikota eta giro gaiztoa sortzea "Edo gurekin edo gure kontra". Bada garaia jarrera eraikitzailagoak izateko, elkarbizitza ez da erreza eta Laudion euskarak duen egoera ikusita guztiok behar gaitu.
Egia da, eta aitortu behar dugu, iazko bazkaria porrota izan zen helburuari begira (erdera hutsean aritu baikinen gazte gehienok) Zer nahi dugu 100 pertsona plazan eta 100 bestean? Guztira 200. Gehienok ez dugu geure burua egoera horretan ikusi nahi.

Erabiltzailearen aurpegia Ixape Erantzuna | #7

IKUSI ETA IKASI. Euskararen kontrako jarrerak mozorro asko jantzi ohi ditu. Hemen ageri zaiguna, esaterako, “gazte ezkertiar”-ez jantzita dator, baina ez gaitu engainatu behar bere itxura sasi-berriak, zeren lehenago ere ezagutu baititugu horren antzekoak. Ikus dezagun nola egiten duen orro eta oihu, gaztelaniaz noski, bere “eskubideen” alde eta ez duen errespetatzen ezta Aiaraldea atariaren oinarrizko arautegi bera ere. Euskarazko hedabide bakarra izan eta hura ere zapuztu behar.
Oker dabil Jaiak Koordinakundeko burua herriko gazteak bide horretatik bultzatzen dituenean. Protagonismo bila ote dabil? Eta Ezker Abertzalea ere despistatu samar oraingo honetan. Nola antolatuko dugu giro honetan hurrengo Araba Euskaraz Laudion?

Erabiltzailearen aurpegia Igor Erantzuna | #8

Erabiltzailearen aurpegia Argi eta garbii esan Erantzuna | #9

Araso pertsonalen gainetik ibili behar zarete euskararen onerako.
Ba dago, bi pertsonen arteko iskanbila bat eta horrek kakaxtu du dana.
Nik eskatuko nieke beraien artean konpontzea.
Alde batetik teknikaria ez izatea horren pertsonalista eta koadrillak magejatzen duen kikel horri jaistea behera... ez delako inork.

Bestalde batetik ezker abertzaleari, EAJri eta beteei esango nieke, eskatuko nieke argi eta garbi DEI PUBLIKO bat egin behar dutela parte artzeko. Dei publiko bat geurea den (ez teknikariarena, ez udaletzearena ez beste inorena) jai batean parte artzeko... edo prest egongo dira galtzeko jaia... eta kasu honetan isiltzen dena kolaboratzen du galerarekin.

Erabiltzailearen aurpegia Agerraldi publikoa Erantzuna | #10

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Erantzuna | #11

Gurea dela Euskal Jaia? Udaletxea, ere, gurea da ezta? Noski, lau urtetan behin egindako aukerak, indar guztia ematen die gure zinegotziei, gai guztietan eurek nahi dutena erabakitzeko. Eta ildo honetan, jai hau ere, gurea da, orain dela ia 4 urte aukeratu baikenuen gure jon karla zaratamotarra. Arazoa sakonagoa da. Laudioko koadrilek, Jaiak Koordinakundea bitarteko, herri honetako ekimen desberdinetan parte hartzeko nahia eta gogoa erakutsi dute beti. Euskal Jaian, ere, ez da gutxiagorako izan, eta argi geratu dadila, aurreko urtetan, jaia girotu izan dutela, eta alkatearen aintzinako hautaketa antzeztu dutela. Arazoa, guztia eskatu eta ezer ematen ez duen euskararen teknikariak ekarri du. Bazkaria txikitu dute, legearen izenean. Lege berria ematen du, koadrilen bazkaria beti 700 pertsona ingurukoa izaten baita, eta entzun dudanez, zaharrek ere horrelako bat antolatzen dute bertan. Beraz, legea baino, interesa ikusten diot nik honi, euskaraz hitz egiten ez omen duten koadrilak erditik kentzeko, nola edo hala, bere irudiari garrantzia kentzen baitiogu, eta hau argia da, hasiera hasieratik, teknikari honek, Euskal Jaia, berea izanda, berak nahi zuen moduan antolatuko zuela esan baitzuen. Hala eta guztiz ere, inoiz ez du kenduko egunkarietan irteteko gogoa, eta Jaiak Koordinakundeak eskaintza bat egin zion hurrengo urtean partehartzaileagoa izateko lagundu geniokelakoan, berak dena gaizki ulertuta, janaria, mahaiak, karpa edo behar zena guk antolatuko genukeelakoan, horrela dena merkeagoa izanik, prezioa herrikoiagoa, eta, dominak, bere trajean eskegita. Ez dio inoiz oportunismoari ezetzik esaten, ideal sendorik ez du, etengabe ikusten zaizkio ospearekiko grinak, eta bere burua zer den esaten aurkeztu behar du, zuzenean, bere aurpegira, barrerik egi ez dezagun. Bestela, begiraiozue bere sinadurari. mezuaren zati bat ezabatu da iraingarria zelako.


Dena den, euskara erasotzen ari garela esaten duzuen horiek, arazoaren zergatiaz informatuegi ez zaudete. Leporatzen zaio Jaiak Koordinakundeari euskaraz hitz egitea baldintza ez izatea eskatu izana. Interpretazioa, gure teknikari aktoreak egin du, ezin hobeki, eta idatzian, ziurrenik, guztion aurrean aurpegia gorrituko bailitzaioke, lotsa pixkat gelditzen bazaio behintzat. Dena den, errealitatetik ezin urrunago. Eta hemen, hainbat kontraesan handi sortzen zaizkigu: -Bata, herriaren ingurukoa. Euskara eta Euskal Herria, jatorri desberdinetako kulturek ere osatzen dute. Badira euskararekiko konpromisoa izan dezaketenak, eta, atzerritarrak izanda, edota Eusko Jaurlaritzaren plan ez duinek gidatuta, euskaraz ez dakitenak. Emakumeen aldeko jaian, gizonak ez joatea eskatzea modukoa litzateke kasu hau. -Esaten ari zarete, euskara bultzatzeko jaia dela, euskaraz hitz egiten hasteko aproposa izan daitekeela, eta ez joatea, euskarari boikota eta erasoa bihurtu ahal dela. Bada, baldintzak, euskaran traketsak direnak, gauza asko euskaraz esaten ez dakitenak, edota oraindik ere, euskaraz ez dakitenak (A modeloa, oraindik, gure gobernuaren hautua izaten jarraitzen duelako) alde batera uzten baditu, nola hasi eta heziko da inor, euskal kulturan? Ez al gara sektarioak izaten ari, gure herrian gehiegi ixten, jakin badakigu, gure etorkizunak Euskal Herria eta euskara zabalduago bat, ezagunago eta, nolabait, erakargarriago, jatorrago bat behar duela argia bada? Zabalagoa zentsu guztietan, baita ere berari sor dizkiogun jaiak antolatzeko orduan, eta ez dena, guzti hau, herri pisutsu hau, gutxi batzuen eskutan uzten. Utzi baitiogu, gure euskararen general honi, gurekin eta gure hizkuntzarekin nahi duena egiten, gure hizkuntza manipulatu baitzaituzte zuek denak, egun bateko jai baten mesedeetara, poltsikoak beteta, eta irakaspenik eta lorpenik ez. Eta oraindik ere, lotsarik ez du oportunismoaren bagoira igotzeko, gezurrak esateko, eta Jaiak Koordinakundeako ordezkariari trapu zikinak ateratzeko. Ba ni ere bertan nago, eta nirekin batera ehundaka, jai itxirik nahi ez dugunok, eta modu horretan adieraziko dugunok, ez baikara soilik ehun, 25ean, EUSKARA BULTZATZEKO, ez soilik bazkal orduan jesarri, baizik eta mendira igo, gure baserriak ezagutu, eta dena antolatuta, diru sarrera ofizialik gabe, dirua lortzeko betarik gabe, gure indarrak jarriko ditugunak. Gurea, herrikoia da, denei zabalduta, eta sakrifizio txiki bat eskatzen duena. Mendira, gure arbasoen jaioterrira, euskarari askatasuna emateko. Dirua eta burokraten nahiek, dena izorratu arte.

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Erantzuna | #12

Tira, zenbait gairen ondorioa ateratzea ahaztu zaidala ikusi dut, nire iruzkina berriz irakurri ondoren.

Lehena eta argiena: euskara eskatzearen alde nago, eta nirekin batera, besteengatik hitz egiteko eskubidea hartzen dut, Jaia Koordinakundea bera. Eskatu, eta erabili behar dela erakutsi, baina jakinda, gure herria, euskara galtzen joan den herria dela, denek erraztasuna ez dutela erabiltzeko, eta, beraz, jaia, bazkaldu eta edateaz aparte, horiei ziurtasun handiagoa emateko baliagarria dela onartu. Ez soilik lehenengo mailako euskaldunentzat.

Bigarrena, eta tarterak eramateko eskatzen digun horri: nire aldetik, antolakuntza, inposaketa hutsa iruditu zait, batek erabaki duelako nola eta zer egin. Beraz, alternatiba ez dadila soilik beste alde batetik zerbait antolatzeko izan, baizik eta erakusteko ere, nahi baldin bada, gauzak ondo egin daitezkeela, lekua dagoela guztiontzat eta lan eginda ere, mahai prestatuan es jesarrita ere, euskara ez dela esfortzua baizik eta gaitasuna. Hori dena, udaletxearen dirurik gabe.

Hirugarrena, galduta dauden hainbatentzat: Ezker Abertzaleak, honetan, ez du zerikusirik. Jaiak Koordinakundean ideiak anitzak dira, desberdinak, eta horrela egitea erabaki da. Nor bere helmugarekin, bere intentzioarekin. Euskara, ziurrenik, ez denon ahotan, ez San Juan-en, ezta elizpean ere, baina behintzat denok dakigu zeren aldeko jaia izango den, eta euskara hurbildu behar diogu lagun arteko harremanari, koadrilen artekoei, eta, etorri nahi duten guzti horiei, pausoak txikiak izan arren, oinarrizkoa baita ahalik eta jende gehienaren artean ematea. Udaletxeak mugarik ez du gauza askotarako, pasa den hauteskundeetan psoe proiektu "ikusgarri" batekin aurkeztu zitzaigun, hain magikoa, mendi oso bat desagertzen zela horren mesedeetara. Euskarak, ordea, muga handiagoan ditu instituzioetan ezarrita, eta, nola ez, honetan ere, gure teknikari maiteak, psoeren bultzada du atzetik. Zuok atera itzazue ondorioak.

Laugarrena, eta Ixape-rentzat: Gipuzkoa aldean, euskara, zabala da oso, bazter guztietan entzun eta erabilgai. Bizkaiak ere bere herriak ditu, eta Araba, hortxe dabil, eutsi nahiean. Nafarroan eta Iparraldean ere, ezaguna da egoera. Tamalez, politikak erasotutako gure probintzia honetan, erasotuenetarikoa bistan, euskarak ere itxura politikoa hartu du, gutxiengo batera murriztuz, non eta erasotzen omen duten gazte ezkertiar horietara mugatuz. Pena bat da, bai, baina hala da. EGI-k ere, harremanak, inguru honetan, gaztelaniaz burutzen ditu. Nik behintzat "militante" horiek ez ditut inoiz euskaraz entzun. Baina tira, politikaz aparte, esan duzuna ez du ez hanka ez bururik. Gauza bat ulertua duzu, kritika, gehienbat, ezker aldetik egina da, ez baitugu onartzen inolako jai pribaturik; pribatutasuna arlo guztietan. Hala ere, oker zu ere, euskarari egindako eraso fiktizio horretan, aurreko testuan erantzun dudan bezala. Ildo honetan, ez gaitu inork gidatzen, nik nire izenean idazten dut, eta bat nator Jaiak Koordinakundeak bideratutako alternatiba kritikoarekin. Kritika baita, azken finean, ezintasuna aldarrikatzen duen udaletxeari, egin daitekeela erakustea, nahi bada, eta benetan jaiaren magnitudea ulertzen bada. Beraz, ez dugu gidaririk, nahiz eta gauza bera ezin dezakegun esan euskal jaiaren antolatzaileatik.

Honekin batera, bostgarrena, Jaiak Koordinakundearekin bat ez datorren koadriletako partaide horri: batzarrak hainbat dira, denetara ezin joan, noski. Nik ere ez daukat guztierara joateko aukerarik, ikasketak direla eta, baina lagunekin eztabaidatzen saiatzen naiz, horietako batek behintzat ideia bateratu bat batzarretan aurkeztu dezan. Irakaspena argia da zentsu honetan: sistema asanblearioenean, akatsa, beti, gizakia izango da. Akatsa da, minimo batzuk onartzen ez direnean. Hau da, batzarretan zure ideiak azal ditzakezu, edo idatzi eta lagun batek eraman ditzala, baina ezer eraikitzeko konpromisoa erakusten ez denean, ezin eska daiteke inongo azalpenik bertan erabaki dugunoi. Erreakzioak, ez hemen ez inon, ez du balio. Behintzat, hemen, parte hartzeko aukera ematen da. Euskararen teknikariak ez du eman, eta zerbaitetaz paso egiten denean, benetan egin behar da, eta ez atzetik etorri kritikatzen. Horrela diotsut, batzarretan, eta ozen esaten dut, ez delako inongo ideia indartsurik egon hartu dugun bidearen aurkakoa. Dudak egon dira, baina azkenean, denok onartu genuen horrela egitea, salbuespenak salbuespen, ez lortu nahi genuenean, baizik eta egiteko moduan. Pertsonak gara, eta huts egiten dugu, baina ondo egiten saiatuta, eta besteon iritziak entzunda.

Eta azkena, komunikatu ofizialak eskatzen duzuenentzat: benetan uste duzue dena ofizializatu behar dela, arrazoitzeko? Badakit kontura ez datorrela, baina aurreko egunean irakurri nuen BBC-k "terrorista" hitza ez erabiltzearen arrazoia. Argi esaten zuten, hitz horrek, beti, ikuslegoa terrorista izendatutako taldearen aurka egotea bideratuko zuela. Nolabaiteko ondorio pertsonalak dira, subjektiboak, baloratzen zituen begiaren araberakoak. Horregatik, eurek, bakoitzak zer egiten zuen deskribatzen zuten (manipulatuta edo ez, eztakit), ikuslegoak ondorio pertsonalak atera zitzan. Honetan, gauza bera: udaletxetik, alderdi politikoetatik, irten behar al du komunikatu bat, Euskal Jai euskaldunean parte hartzeko, alternatibari uko eginez? Benetan, hau guztia, lehia batetan bilakatu nahi duzuela? Jendeak modelo inposatu honi ezetza ematea bildurtzen al zaituzte? Hasiko al gara taldeak ilegalizatzen?

Benetan beldurra ematen didazuela askok, aita eta amari deika, beste horrek zirikatu nauelako...

... argi dago, Marx-ek esaten zuen, hau ez zaigu kanpotik inposatu, ez da indar asmatu bat. Hau, guk, gure buruari inposatutako zigorra da, eta guk bakarrik birrindu dezakegu.

Erabiltzailearen aurpegia Ixape Erantzuna | #13

Lehenik, orain ezin da justifikatu justifikaezina dena. Afera honen muina eta, beraz, garrantzi handiena izan duena Euskal Jaian euskaraz egiteko eskaera izan da, eskaera guztiz logiko eta onargarria, bestalde, euskararen aldeko ospakizun batean. Eta horretan gaizki jokatu dute Jaiak Koordinakundeko ordezkariek, esanez hizkuntza elementu baztertzailea izan daitekeela eta , askatasunaren eta parte hartze zabalaren izenean, ezin dela horrelakorik inposatu. Zoritxarrez, urtean zehar ehundaka jai ospatzen dira erdara hutsean eta, nik dakidala, ordezkari horiek ez dute haien kontrako inongo boikotik proposatu. Gainera, nire ustez, hemen ordezkari horietako baten ego handiak eta protagonismo-nahi larregiak eragin handia izan dute gauzak are gehiago kakazteko. Ez dut hemen izenik emango.

Bigarrenik, esan behar da, euskaraz egitea eskatzen denean ez dela goi mailako jardunik eskatzen, hiztuna trebea izan daiteke, ez hain ona edo hala-moduzkoa. Akatsak akats, garrantzitsuena saiatzea da, horrela trebatzen baikara denok.

Hirugarrenik, Ezker Abertzaleak epel jokatu du, Jaiak Koordinakundeko ordezkari deskontrolatu horren iritzia erdi baimenduz Euskarako Gaietako Batzorde Informatiboan emandako abstentzioaren bitartez, nahiz eta azken egun hauetan egoera birbideratu nahi duela ematen duen. Lortuko ahal du!

Laugarrenik, proposatutako boikotarekin ez zaio kalte egiten alkateari ,euskara teknikariari edo udal gobernuan nagusi den alderdiari, baizik eta euskararen normalizazio prozesuari berari. Nola gauzatuko dugu euskararen aldeko inongo egitasmo sendorik, gauza ez bagara batzeko eta euskara komunikazio hizkuntza duen festa sinple bat antolatzeko? Nor hurbilduko da euskararen esparrura, euskaldunen arteko zatiketa antzu eta tamalgarri hau ikusita?

Azkenik, horretarako ahalmena dutenak saia daitezela kontu hau ahalik eta lasterren konpontzen, oraindik astebete geratzen da egoerari buelta emateko. Suertea izan dezatela! Beharko dute eta.

Azken oharra
Txalogarria iruditzen zait Aiaraldea.com atariaren jarduera bikaina, oraingo honetan probatzen ari baita hedabide bizia dela, eta posible dela euskarazko komunikazioa gaur egun.

Erabiltzailearen aurpegia Igor Erantzuna | #14

Ixape, euskeragatik gauza bera egin daiteke Larrazabalen, Siberian edo Moskun. Gauza hizkuntza erabiltzea da, eta ez bakarrik egun horretan baizik eta urte osoan zehar. Guk ez dugu boikot moduan ikusten baizik eta alternatiba bat, herrikoia dena eta mundu guztia apuntatu daitekeena. Nire gurasoek ez dakite euskera, nahiz eta orain dela 50 urte Laudiora etorri, eta hemengo kultura gustuko dute, zergatik ezin dira bazkarira joan?? Azken urte hauetan inmigrazio prozesu handiak ditugu, eta hauek ez dakite euskeraz!

Teknikariak ez dakit zergatik, esaten du Koadriletakoak ginela euskaraz aritu ez ginenak! Guztiak ezagutzen gaitu, edo gazte batzuk izan ziren erderaz aritu zirenak, eta Koordinakundekoak zirela ondorioztatu du? Gainera uste det gaur egun bakoitzak nahi duen hizkuntzan hitz egin dezakeela eta horregatik ez da Bazkari herrikoi batetik kanporatu behar!

Azkenik, berriro ere esaten dizugu Talde bat gara, eta erabakiak taldean hartzen dira! Idei politiko, pentsamendu eta iritzi ezberdinak daude eta guztiak errespetatzen dira. Zuk izendatzen duzun hori bakarrik gure bozeramailea da.

Ondo pasa zure Euskal Jaian, guk euskal hizkuntza eta kultura aurrera eramateko eta Laudioko bazterrak ezagutzeko lan egingo dugu!

Erabiltzailearen aurpegia iker caballero bermejo Erantzuna | #15

Aitorrentzat eta Igorrentzat.

Ez dakit konturatzen zareten baina oso aitzakia ahulak erabiltzen dituzue Euskal Jaian euskara ez erabiltzeko: etorkinak direla, A ereduan ikasitako batzuk direla, ez dakit noren gurasoek, duela 50 urte etorritakoek, hizkuntza ez dakitela. Argudio ukatzaile merke horiek oso aspaldikoak dira eta partidu atzerakoienek erabili ohi dituztenen antzekoak. Zer dela eta lotsatu behar euskaldunok euskal festa batean euskaraz egiteagatik? Lotsatzen al dira akaso parra-parra erdaraz ari direnak? Zuek proposatzen duzuenak ez luke euskara normalizazio bidetik eramango, hondorik gabeko amildegira baizik.
Bestaldetik, zer dela eta Euskal Jaiarekiko tema hori? Herri honetan dozenaka festa egun antolatzen dira urtean zehar eta zuek ez duzue horregatik jai paralelo bat antolatzen. Jai-talde guztietakoak ere zuen iritzikoak al dira? Ados ez bazaudete ere, zergatik ez duzue Euskal Jaia bakean uzten?

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Erantzuna | #16

Ixape, puntuz puntu, eta eztabaida honetatik ondorio zehatzik ez ateratzeko beldurrarekin, esanak esan, nahiz eta errepikatu, zure horretan jarraitzen baituzu, gure ustezko nahiak eta intentzioak zeintzuk diren (eta izan behar diren) esanda. Jakizuela, guk gureak ditugula, eta ez datozela bat gure izanari "inposatu" nahi diezuenarekin. Beraz, eskertuko nizueke aurretik idatzi dudanarekin "borron y cuenta nueva" egingo ez bazenute, zuk eta beste hainbatek.

Honen adibide, lehenengo puntua. Milaka aldiz errepikatuta, bizkarra ematen diozue. Nik euskaraz egingo dut, Jaiak Koordinakundeko ordezkariek ere, hala egingo dute. Arazorik ez dugu horretarako, baina ezintasun argia duten horien azalean jarrita, badakigu, dena, euskaraz esaten ez dakitela. Arazoa zein izan den? Euskararen teknikariak, ez soilik beste herritarrentzat lekua egoteko, bazkari handiagoa egitea baitago, baizik eta koadrilen indarra, bera itzalera kondenatuko lukeen indar hori deusezteko ere, euskaraz egiten ez dugunaren aitzakia inozo horrekin, euskal jaiatik kanporatzea erabaki zuen. Erabaki "inteligenteagoa" hartu genezakeen, benetan edukierarik gabeko jai baten alde egingo bagenu, tiketak hamarnaka eskuratzea baitago, eta lehenengo egunean erraz izango baikenuke udaletxera joan eta 300 tiket, 30 pertsona desberdinen artean, eramateko. Gai hau, eztabaidatu ere ez zen egin, sakontasun handiagoz jardun ginelako, eta injustoa iruditzen zitzaigun planteamendu diktatorial honi aurre egin nahi geniokelako. Beraz, euskaraz hitz egitea eskatzearen gai honetan, arazoak izkutuagoak dira, eta bestelako interes batzuk daude gai hau plazaratzeko gu mintzeko intentzioarekin. Baina ezinean dabil, planteamendu alternatiboan euskaldunak egongo baikara, euskaraz hizketan. Ildo honetan, zurekin bat nator. Bai, euskara herrikoitu behar dugu, nola edo hala zabaldu eta eguneroko bizitzean ateak zabaldu. Baina janaria mugatzea honetarako traba handia da, eta horregatik, guk antolatutakoak, ez du mugarik, eta, beraz, ideia honetan, indartsuagoak eta koherenteagoak gara. Horregatik kontraesanetatik kontraesanetara ikusten zaituztet, gure alternatiba guztiz baliagarria delako, ez baztertzailea, eta euskalduna. Askok ez dute euskara erabiliko, baina beste hainbat saiatuko dira, eta horretan lorpen txiki bat izango dugu. Herrian, ordea, teknikariak lortutako rh negatibodun euskaldun peto horiek, ez dute ezer berri egingo, jesarri, eta egunero bezala, euskaraz bazkaldu. Beraz, guri leporatzen zitzaiguna, euskara teknikariarengan ikusten dugu: berea, bazkaldu eta mozkortzeko bazkaria da. Gurea, euskara erdaldunei hurbiltzeko eguna.

Aurreko honekin bigarren puntua ere erantzuntzat ematen dut.

Hirugarrenari dagokionez: Ezker Abertzaleak, koherenteki, idatzi bat bidali zuen. Kritika nabarmena da, nabarmena baita burokrata txiki euskaldun honek, horrela esan baitzien Jaiak Koordinakundeko ordezkariei, jaia bere erara antolatu duela, inori kasurik egin gabe, berea dela esaten baitu harropuzkeria osoz. Honekin batera, deskontrolatutzat jotzen duzun ordezkari horrek, ehundaka lagun ditu atzetik bide berean. Beraz, deskontrolatuak izango gara denak, besteak ordea, norabide gabedunak zarete. Gaur arre, eta bihar so. Kontraesana bizitza oinarri.

Euskal Jai herrikoia eta partehartzailea aldarrikatu da! besterik ez, eta ezker abertzaleak ere horrela egin zuen. Hain zaila al da hori ulertzea? Herrikoia dela uste al duzue? Partehartzailea al da, bertara joan daitezkeen pertsona desberdinen iritzia hartzerik ez badu? Galduta ikusten zaituztet, berriz diotsut.

Laugarrenean, boikota erabiltzen duzu berriz ere. Definizioak, ekintzak manipulatzen dituenean, hitzek indarra galtzen dute. Saiatzen zaren arren, “boikot” hitza hutsik dago, manipulazio tresna bikaina da, “terrorista” bezala, baina ezinean ari zara. Alternatiba zabal, autogestionatu, herrikoi eta partehartzailea proposatu dugu, euskara teknikaria ere gonbidatuta dago, eta zu, eta Laudion euskararekiko begirunea duten denak, euskaran saiatu nahi duten guztiak, Euskal Jai ofizialarekin gertatzen ez den bezala. Niri, boikota, askatasunari egin zaiola iruditzen zait, udaletxetik. Oportunista guztiak batu dira jai hipokrita honetara, psoe ere euskararen “alde”, eta euskara teknikaria koroa buruan, ezpata eskutan, inkisidore gisa, justizia zabaltzen. Hau bai tipo zaharkitua. XVI. Mendeko historia aztertzera joan, eta bertan geratu zen euskararen erregea (eta jabea).

Normalizazio prozesuaren gaiari lotzen bazara, berriz errepikatuko dut, guztion artean eman behar dela. Euskaldun hautatu horiek bakarrik badoaz bazkarira, ezer normalizatu ezinean dabiltza. Horretarako, euren baserrietan gera daitezela, euskara normalizatu nahiean. Euskara, euskaraz ez dakitenei ere hurbildu behar zaie. Eta San Juan-era igoko denak, behintzat, bertara joateko proba txiki bat pasatuko du. Azken finean, zerbaitekiko konpromisoa etxe azpian baino, hori lortzeko urrunera joaten denean ikusten da. Erraza da plazara jaitsi, jesarri eta bazkaltzea.Euskara teknikariak, ordea, EGA eskatzen ari denaren antza hartu du, eta hor nahiak baino, gaitasunak sartzen ditugu, ustetan giza mailan beherago zeuden beltz afrikarren apartheid-ean bezala, edota alemaniako naziek erail zituzten arraza ez puruko gizaki horiei gertatu zitzaien bezala. Intentzioa eta nahia jarri behar dira, lana eta izerdia, ahaleraren gainetik. Eta denek ezin dute, oraindik EGA lortzea ez dute, baina bazkarian egoteko nahia dute, dena euskaraz esateko ezintasuna badute ere, eta aitzakia moduan erabiliak izan badira ere, Jaiak Koordinakundeko koadriloi tiketak ez emateko. BERAZ, GUK, LANA ETA NAHIA JARTZEN DITUGU, GAITASUNAREN GAINETIK.

Nire azkeneko oharra: jaiak, herritik eta herriarentzat.


Erabiltzailearen aurpegia Aitor Erantzuna | #17

Iker, zure iruzkina irakurri berri dut... zera, normalizaziotzat zer ulertzen duzu?

Prozesu guztietan, behar beharrezkoa da herriaren aktibazioa, eta herri mailan adostasunak lortzea. Zergatia, nabarmena da: dena, politikari edota agintarien arteko negoziaketa bat bada, politikari edo agintari horiek aldatzean, denak atzera jo dezake. Hortaz, konkistak herri mailan egin behar dira, prozesu guztietan herria baita egia eta gorputza ematen duena. Beraz, guk, ahalik eta jendarte handiena batzea proposatzen dugu, eta beharrezkotzat ikusten dugu. Koadriletara ere, geroz eta gehiago dira apuntatzen ari direnak, ateak zabalik dituzte, eta onuragarria da oso ideia dibertsitatea handituz joatea.

Ez dut uste masak edo kantitateak arrazoia ematen duenik. Ez gaur egun. Baina masa kritiko eta partehartzailea sortu behar da, herri arazo guztiei konponbide zehatz eta iraunkor bat emateko bidean. Eta euskarak ere masa behar du, erdaldunak behar ditu, gure herriak, bere askapen prozesuan, eragile eta laguntza internazionalak behar dituen moduan. Azken finean, jendearen ulerpenean eta normalizazioan aurkitzen baita gizarte normalizatu bat, eta honi eragiten dioten hizkuntza, herria eta sistema.

Beraz, ezazue normalizazioaz hitz egin, panazea bat bailitzan, euskaraz egunero ari direnen eskutik helduko ez baita, euskaraz aritzen ez direnak bidera ekartzen ez badira. Eta jaia pribatizatuz, ez da ezer lortuko.

Erabiltzailearen aurpegia hipokresiari stop! Erantzuna | #18

Erabiltzailearen aurpegia Abertzale bat Erantzuna | #19

Zergatik horrenbeste funanbulismo eta kontortsionismo justifikatzeko ezker abertzaleko batzuek euskararekiko izan duzuen jarrera lotsagarri hori? Nik Euskal Jaia antolatzeko taldean eman ziren erantzunak ikusi ditut (udaletxean dituzue; prozesu parte hartzailea izan zen: ez utzi engainatzen!!) eta euskara eskatzearekiko Jaiak koordinadorako ordezkariaren (jai honen piromanoa) erantzuna: "ZEHARO KONTRA". Zeharo kontra euskara eskatzearekin. Eta Ezker Abertzalea horretara egokitu eta hori defendatu. Eta ez esan, mesedez, ez dutela elkarren artean zerikusirik. Nork sinisten du hori? Horregatik izorratu da (betiko?) Euskal Jaia. Edozein peaje ordaintzeko prest zaudete, kontrolatzen ez duzuen gauza bat herriari lapurtzeko. Besteon lana LAPURTU. Horixe da kasu honetan egin dena. Eta euskari bere esparrua LAPURTU.
Beste guztiak aitzaki barragarriak dira.
Laudiotar euskaltzaleon jaia erre duzue eta mobida guztiak, gainera, leku bakar batetik datoz. Berdin dio Aitor edo Rocinante izenarekin sinatzea. Ai, ai, ai... ON!!
Baina gauza baterako ona izango da bronka hau: bakoitza bere lekuan jartzeko.
Aurten ikusi nahi dut euskara elkarte, sindikatu ultraabertzale eta antzekoetatik zenbat doazen Euskal Jaira. Ea euskararen alde dauden orokorrean edo aukera politiko baten konpartitu nahi ez den euskararen alde. Baldintzarik gabeko afekzioa... Nahiz eta euskararen ZEHARO KONTRA egon. Euskara normalizatzea ez zaizue interesatzen?
GORA EUSKAL JAIAREN ERRESISTENTZIA, KOLORE ETA POLITIKAKERIA NAZKAGARRI GUZTIEN GAINETIK. Ez Gobernu Taldea ez Ezker Abertzalea. Gora, gora, gora Euskal Jaia.

Amaitzeko, aupa Felix lankidea eta zorionak egiten duzun eta egiten ari zaren lanagatik.

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Erantzuna | #20

DENBORA LUZE NERAMAN FORO HONETAN SARTU BARIK. SARTU ETA ARGITZEKO GAUZA BATZUK AURKITU, AURREKOETAN BEZALA, EGIA MANIPULATZEN DELAKO. HORRA AITORREN (IZENGOITI EDERRA) IRUZKINEI NIRE ERANTZUNA, EUSKAL JAIAREN PROZESUAN SORTU ZEN DOKUMENTAZIOAN JASO ZENA (ESPEDIENTE ADMINISTRATIBOAN GORDETA EGON BEHAR DU, NAHI DUENAK KONTSULTATZEKO).




AITOR >>> Euskararen teknikariak, ez soilik beste herritarrentzat lekua egoteko, bazkari handiagoa egitea baitago, baizik eta koadrilen indarra, bera itzalera kondenatuko lukeen indar hori deusezteko (sic) ere, euskaraz egiten ez dugunaren aitzakia inozo horrekin, euskal jaiatik (sic) kanporatzea erabaki zuen.

EUSKARARENA EZ ZEN AITZAKIA “INOZOA” IZAN, ARE GUTXIAGO “TEKNIKARI” BATENA, GEHIENGO OSOZ LAN TALDEAK ETA ALDERDI POLITIKO GUZTIEK HARTUTAKO ERABAKI BAT. KONTRA EGON ZEN BAKARRA JAIAK-EN ORDEZKARIA IZAN ZEN. TEKNIKARIEK EZ DITUZTE ERABAKIAK SEKULAN ERE HARTZEN, LEGEAK EZ DIELAKO BIDE HORI EMATEN. ONERAKO ETA TXARRERAKO, ALKATEA ETA UDALBATZA DIRA.
HONA HEMEN LAN-TALDEAN JAIA ANTOLATZEKO (PROZESU ERABAT GUZTIZ ARRAS PARTE HARTZAILEA IZAN ZELAKO JAIAKEKO ORDEZKARIA PROZESUA LEHERTU ZUEN ARTE) ADOSTU ZIREN GALDERA BATZUK ETA JAIAK TALDEKO ORDEZKARIAK EMANDAKO ERANTZUN “FORMALAK” (EZ DIRA HASERRE BATEN ONDORIOA EDO MAIL PRIBATU BATENA: BAZEKIEN ESPEDIENTE BATEAN GORDEKO ZIRELA). 9 IZAN ZIREN GALDERAK: HONA; EUSKARARI LOTUTAKO 2. GALDERARI ERANTZUN ZIONA:

"2. Euskararen erabilera exijitu (ez aholkatu) bazkarian parte ez hartzeko". BERE ERANTZUNA: "ZEHARO KONTRA". BEREA IZAN ZEN KONTRA EGON ZEN BAKARRA. “ZEHARO KONTRA” ERANTZUNA AL DA ZUK DIOZUN “TEKNIKARI BATEN AITZAKIA INOZOA”? EUSKARAK INOLAKO ISTILURIK GABE JADA IRABAZIA ZUEN ESPAZIO BAT MANTENTZEKO “ZEHARO KONTRA”? HONELAKO ABERTZALEENGANDIK LIBRA GAITZAZU, JAUNA!!!


GOAZEN AURRERA...

AITOR >>> burokrata txiki euskaldun honek, horrela esan baitzien Jaiak Koordinakundeko ordezkariei, jaia bere erara antolatu duela, inori kasurik egin gabe, berea dela esaten baitu harropuzkeria osoz.

TEKNIKARIAK EZ DU HORRELAKORIK SEKULAN ERE ESAN. ETA ESATEKOTAN, BILERAN EGON ZIRENEK ESAN DEZATEN PUBLIKOKI, EZ ZUK. EZ DITZAGUN ERABIL BESTEON IZENAK (BASALARRINA ETA AEK-REKIN EGIN ZEN BEZALA!!!!!!!!). NORK SINESTEN DU HORI? NOLA ESANGO DU HORI BILERA BATEAN TEKNIKARI BATEK AURREAN EGONDA, GAINERA, BERE NAGUSIA DEN ZINEGOTZIA?!?!? BAI ESAN DU, BATZORDE INFORMATIBO BATEAN ETA EGINDAKO OHAR PERTSONALEAN BERA IZAN ZELA EUSKAL JAIAREN SORTZAILEA, HAU DA, IDEIA IZAN ZUENA ETA BERE GARAIAN APUSTU HANDIA EGIN ZUENA. HORI 11.000 BIDER BERRETSIKO DU/DUGU. GAUZA DIFERENTEAK DIRA, ERABAT. EZ AL DA EGIA?

AITOR >>> Erabaki "inteligenteagoa" hartu genezakeen, benetan edukierarik gabeko jai baten alde egingo bagenu, tiketak hamarnaka eskuratzea baitago, eta lehenengo egunean erraz izango baikenuke udaletxera joan eta 300 tiket, 30 pertsona desberdinen artean, eramateko. Gai hau, eztabaidatu ere ez zen egin, sakontasun handiagoz jardun ginelako, eta injustoa iruditzen zitzaigun planteamendu diktatorial honi aurre egin nahi geniokelako

BONOAK HAMARNA SALTZEAREN IDEIA, LAN TALDEAN ZEUDEN BESTE HERRI-ERAGILE BATZUEN PROPOSAMEN ZUZENA IZAN ZEN. ETA HALA ONETSI ZEN. EUREN AHALEGINA ETA PROPOSAMENA “INTELIGENTEA” DEN ALA EZ EPAITZEA EZ DAGOKIZU ZURI. ERRESPETU MINIMOA BEHINTZAT, LAN EGIN DUTENENTZAT. HORI EZ DA JARRERA DIKTATORIAL BAT, LANEAN DAGOEN GEHIENGO BATEN ERABAKIAK ERRESPETATZEA BAIZIK. HORI DA EZAGUTZEN DEN “HERRIKOIENA ETA PARTE-HARTZAILEENA” GUSTATUKO EZ ZAIZUEN ARREN. DIKTADURA DA GUTXIENGO BATEK GAINERAKO GUZTIEI BEREA INPOSATZEN DIENEAN. KASU HURBILEN BAT BADUGU ILUSTRATZEKO...

MILA ESKER EUSKAL JAIAREN ALDEKO ATXIKIMENDUAK ETENGABEKI BIDALTZEN ARI ZARETEN GUZTIOI.

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Erantzuna | #21

Beno, badirudi animatzen hasiak zaretela... Aitor izena erabiltzearen hautua zer da, koinzidentzia ala probokazioa?

Etorri berriak zarete, eta behintzat, aurreko eztabaidak irakurtzea eskatzen da, berriz ere berdinean ez erortzeko. Euskaraz ia egunero egiten dut, Laudion egoera txarragoan bizi garen arren, Donostian burutzen ditudan ikasketetan, euskaldunak non nahi aurki daitezkelako. Beraz, eztakit inongo eskubiderik duzuen euskara erasotu dugunaren aitzakia erabiltzeko, nik, behintzat, erdararen gainetik nahiago dudalako, gurea delako, eta euskaldun gaiten gaituen moduan, Euskal Herria egiten duelako.

Baina kontua zeharo desberdina da, eta hainbatetan azaltzen saiatu naiz. Ulerkorra dela uste dut, nahiz eta zuetako asko negatibitatean tematu. Berriz esango dut. Aitzakia moduan erabilia izan da euskararen erabilera urria, koadriloi tiketak ez saltzeko, koadrilakoak bakarrik izango bailira pasa den urtean gaztelaniak aritu zirenak. Honetan, euskara herrikoitu eta zabaldu, euskal kultura hedatu, behar dela ulertzen badugu, ez dut logikoa ikusten euskaran gaizki trebatzen direnak automatikoki kanporatzea. Ez litzateke euskaldunentzako jai irekia, euskaldun izan nahi dutenentzako, baizik eta euskaldun prototipoari egindako jaia, eta hortaz, edatera joateko jaia, euskara teknikariak guri leporatzen zigun moduan.

Nire ikusteko era bestelakoa da. Euskara herrira hurbildu behar da. Ez da galduko gaur erabiltzen dugunok etorkizunean ez erabiltzeagatik bakarrik, baizik eta guri dagokiguna ere gaizki egiteagatik, hau da, zabaldu eta eguneroko bizitzaren behar batetan ez bilakatzeagatik.

Bada, gaur euskaraz ari garenontzat antolatzen badugu jaia, akabo normalizazioa. Sektarismoak historikoki herri mugimendu guztiak izorratu ditu, eta kasu honetan, nabarmena da tira birak ere sortuak direla, batek euskal jaiaren amaiera igorri duen arte. Baina amaiera zein zentsutan? gu ez gaituzue, guk alternatibo bat antolatu dugu. Zein da arazoa? Euskal jai ofizialaren amaiera heltzea? eta horren truke alternatiboa indartzen bada, eta euskaraz egiten bada, ez al da lorpena izango? hortaz, instituzioek, hainbat eta hainbat interes propiok gidatuta, burutzen dituzten ekimenak al dira balio duten bakarrak? Ez! are gehiago, hurrengo pausoa ematen ez bada, herritarron esku uztearena, etorkizun iluna aurreikusten zaio edozein ekimeni. Azken finean, goitik burutu diren ekintza guztiek, herri mugimenduak irensten dituzte. Horra hor adibide argi bat, gobernu ekologista saltzen digutenean, emisio kutsakorrak jaistearen alde egiten dutenean. Horra hor, harroputs horiek, gu ekologistak ez garela esan eta progresuaren aurka gaudela esaten dutenean, AHT-aren aurka agertzen garenean. Zenbat eta zenbat "ekologista" gaur egun, AHT-aren alde, beti, progresuaren izenean.

Eta hemen, gauza bera. Irensten gaituzte, dominak eurek jartzen dituzte, eta guk eztakigu, euren garaipena gure amaiera dela. Esan beharrik ez dago zein izan den Euskal Jaiaren sortzailea, jaiari ez baitiogu ezer zor, jaiak indar handiegia hartu baitu oinarrizkoa denaren gainean. Eta hizkuntza, euskara, ez da bakar batek sortua izan, eta euskal jaia, bakar bati ezin egokitu. Ez dago inongo meriturik horretan. Meritua euskara erabiltzean dago, ez ahaztu, eta ez litzaioke gaizki etorriko gure euskara teknikariari onartzea, eta behingoz, bere sinaduratik, horrenbeste tontakeria kentzea.

Teknikariak esandakoa edo ez, garrantzia handirik ez du. Berak nahiko luke beti gu berari buruz hitz egiten aritzea. Dena den, bileran edo ez, esan zuen. Hainbat eta hainbat tontakeria esan ditu email bidezko harremanetan, azkenean, hartzen ari zen magnitudeaz ohartuta, udaletxetik bidali beharrean, etxetik bidaltzen hasi zen arte. Pelikula gehiegi ikusita izango ditu, CSI eta holakoak... (iruzkinaren pasarte bat ezabatu behar izan dugu hemen) Gogorra izan behar du, bai, aurrekontu handi batekin, bazkari bat antolatzea. Zaila behar du izan sukaldariak kontratatzea. A ze nolako lana eskaintzen dion euskarari!! diru bidez erosiko al ditu bazkal ordurako lagunak ere? auskalo, mahaiak betetzearren goardia zibilak ere hartuko lituzke! Herrikoia bai gure euskara, dena diruaren itzalaren atzetik. 20 euro mahai eta ahulki? eta non dira udaleko mahai eta ahulkiak? eta hori dena altxatzeko, ez al geunden gu? bai, gu, hemen euskara teknikariaren alde idazten duzuen horiek ere!! milaka bide desberdin daude hau antolatzeko, eta txarrena aukeratu du. Herriari 10 euro ordaintzea eskatu dio, bere presupuesto mugagabetik alde egin duelako. Hori bai hori, udal honek euskarari eskaintzen dion denbora eta lana, hamar euro, bazkari pribatu batetan, euskaraz aritu ahal izateko!!

Jaiak Koordinakundeak diru gehiago galduko duela euskara teknikari!! 3 eurorekin ezin dena ordaindu, baina urtean zehar lan gehiago egin beharko dugu, dirua berreskuratu ahal izateko. Hipotekak adierazten du etxe bat izateko nahia, eta euskararen alde, gu ere, hipotekatu behar!

Zeinen erraza den garaipenaren bandera altxatzea, bera udaleko balkoian egonda eta gu plazan. Baina gezur eta manipulazio guztiak, behera erortzen dira, eta geroz eta altuago igo, geroz eta harroputsagoa izan, OSTIA handiagoa da. Hori izango ote da bazkaria elizpean egitearen arrazoia? Eska diezaiola abadeari kristoren gorputza!

Portzierto, irakurketa gaitasuna handitu daiteke, birritan irakurtzen bada. Inteligenteaz aritu nintzen, gure erabakiari zegokionean. Erraz baikenuen 30 lagunen artean udaletxera joan eta 10 tiket hartzeko. Gauza da, udaletxetik ez zela onartuko, nahiz eta benetan hori izan erakusten diguten filosofia: lehena heltzen denarentzat izango da garaipena.

Eta agian, datorren urtean, garaiz ibiltzen badira, mehatxupean ez bagaituzte, denon artean antolatu ahalko dugu euskal jaia.

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Erantzuna | #22

Animoak euskara teknikariari.
Batzuentzako protagonismoa galtzea soporta ezina da. Euskararen alde gaudenok horren gainetik egon beharko genuke.Segi aurrera eta gora Euskal
Jaia.

Erabiltzailearen aurpegia Anonimo Erantzuna | #23

Gauza batzuk argitzearen aldera:
Ezker Abertzalea ez dago euskara eskatzearen kontra, ez zen horretan abstenitu, baizik eta hori eta txartel kopurua eta non bazkaltzearen,....bozketa baino haratago joan nahi zuen jaiaren kudeaketa, prestaketaren eta dinamizazioaren eredu parte hartzaile bat eskatu zuen mnomentu horretan. EAren ustez janari mota, kopurua, euskera exigentzia... bozkatzearen momentua ez zen bai ordea, dinamizazio talde herrikoi hori, udalak apurtutako hori, berreskuratzeko momentua zela pentsatu zuen, herriari berea dena bueltatzeko momentua, parte hartzea. Hori lortuta ondorengo erabakiak hartu ahal izango ziren (herriarekin batera) janari mota, euskara eskatzea,....
Dinamizazio talde herrikoia zegoela? non? udalean ikus daitekeela? ez zen bilera presentzialik egon, baizik eta mailing mordo bat eogn ziren. Mailing nahiko korapilatsuak, ez argiak, nahastuak, teknikariak kudeatuak ,... hori al da lan egiteko era udaletxe batean?aktarik ba al dago? ezinezkoa lan egiteko era horretan. Hori al da udal batek kudeatu behar duen parte hartzea? mesedez izan gaitezen serioak.
Nahikoa da utzi jendea (pertsonal mailan) pakean, ardura guztia gobernu taldearena da, hau konpontzearena gehien bat. Joan zaio Jaiak konpontzeko ahaleginekin, eskatu dio Ezker Abertzaleak hau konpontzeko eragileekin, herriarekin bilera egitea eta erantzuna? ezer ere ez. Beraz, PNVk konpondu nahi du? ez inola ere ez, behintzat ez ditu horretarako biderik ezta aukerarik jarri!
Euskal jaia ongi, baina mesedez egin dezagun euskaraz urteko egun guztietan , horrela konponduko dugu euskararen egoeera eta!

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Komunikazio Leihoa Erantzuna | #24

GOGORA EKARRI NAHI DIZKIZUEGU EZTABAIDAGUNE HONETAN PARTE HARTZEKO EZARRI GENITUEN BALDINTZAK BETE BEHARREZKOAK DIRELA, BESTELA, IRUZKINAK EZABATU EGINGO DITUGU.


Hona hemen bere garaian argitaratutako testua:


Eztabaidagai honek gure atarian hartzen ari duen dimentsioa eta tono txarra ikusita, erabaki batzuk hartu beharretan gara. Pentsatzen dugu denoi arduratzen gaituzten gaietaz iritziak elkartrukatzea eta eztabaidatzea oso osasungarria dela, baina iruzkin batzuk muga gainditu dutelakoan gaude, eta beraz esku hartu beharretan gaude, nahiz eta gure gogoaren kontrara izan, ez baita inondik ere mokadu goxoa.


Hargatik eskatzen dizuegu eztabaida honetan parte hartu duzuenoi eta hartu nahi duzuenoi gure lekuan jarri eta hartutako erabakiak ulertzea eta errespetatzea.


Hauek erabakiak;


1.- Euskal Jaiaren inguruan argitaratutako albiste guztietako eztabaidak ixtea, Laudioko Euskara Teknikariaren prentsa oharra jasotzen duen azken hau izan ezik (azkena izanagatik).


2.- Aurrerantzean Euskal Jaiaren inguruko eztabaidak aipatutako albistean egitea, eta gure kudeaketaren menpe geratzea, ahal dugun neurrian eta gure ekarpen zintzoenetik, eztabaida dinamizatzeko ardura hartuz.


3.- Aurrerantzean idazten diren iruzkinetan ezingo da pertsonalizatu, hau da, auzian diren pertsonen ardurak aipatuko dira; Laudioko euskara teknikaria, Basalarrinako ordezkaria, Jaiak taldekoa... Aurrerantzean ez dugu izen abizenak aipatzen dituen iruzkinik onartuko, eta beraz, iruzkinak osorik EZABATU egingo ditugu.


4.- Gaur artean idatzitako iruzkin guztiak pertsonalizazio hauetaz zuzentzen ahaleginduko gara, bai eta gaur artean iraingarriak edo erasotzaileak diren pasarteak ezabatzen (horrela egin dugula adierazita), nahiz eta jakin objetibotasunaren lerroa meharregia dela.


5.- Aurrerantzean kritikatik aldendu eta eztabaida eremu pertsonalera eramaten duten iruzkinak, iraingarriak direnak, edo debaldeko salaketak jasotzen dituzten iruzkinak EZABATU egingo ditugu osorik.


Ez dira erabaki xamurrak izan, eta guztiok ulertuko dituzuelakoan gaude, komunikazio leiho hau ez baita ezer bertara agertu eta bertatik agertzen zaretenok gabe, zuena ere badelako, zainduko duzuelakoan, jaso guztiok era agur bero bat.

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Erantzuna | #25

Erabilera baldintzak onartzen ditut, beti ere guztioi aplikatuak badira. Hori, lehena.

Bigarrena, berak testu bat idatzi duen heinean, eta hemen argitaratu, bere izena erabilia izatera arriskatu da, eta gu eskubide horretan ari gara. Arrazoiak hainbat izan daitezke, baina pisutsuena:

Bera, ez da Laudioko zinegotzi bat. Izatez, udaletxeko langile bat da, beste hainbat bezala. Iruditzen zait, bai aiaraldean, bai beste hedabideetan, indar gehiegi eman zaiola gizon honen iritziari, eta aldi berean, besteoi, mugak ezartzen zaizkigu. Berak ez dauka inongo eskubiderik, bada, ez udalaren izenean aritzeko, ezta jai hau nola egin behar den esateko, gogorra bada ere, eta horrela ohituta baitaude hainbat (bestela begiraiozue niri erantzuten zidan azkeneko iruzkin horri, zinegotziaz hitz egiten duena), hori zinegotziaren ardura delako.

Baten batek Mikel-en lehenengo iruzkina lekuz kanpo zegoela esan zuen, zertara ote zetorren kontrainsurgentziarena galdetuta. Zertara, argi dago: tipo honek, komunikabide desberdinetan gezurrak zabaldu ditu, eta gezurra ez esanda ere, inoren aurka publikoki aritzeko eskubiderik ez du, herri ekimen bat zikintzen, gure artean hizketan konpondu beharrean. Ezina ekinez egin ezinik ibili da, eta kontrainsurgentziara jo du, gu altxatu baikara bere planteamendu diktatorialaren aurka, eta berak, agintari manipulatzaile guztiek bezala, komunikabideak erabili ditu (non ote da Malcom X) alternatiba berri bat posiblea dela erakutsi dugunon aurka aritzeko.

Eta, aiaraldeak ere, esan behar da, jokabide amoral eta injustifikatu honi aukera eman dio. Eta zergatik ez, librea bada, ematea badago, baina ondorioa ezin konpondu, akatsa egin ondoren.

Horregatik, FELIX-en izena erabiltzea dago, publikoki eta nahi dudan guztietan, bere komunikatua hartzen duen orrian egonda gutxienez (nik gehiago esango nuke). Berak gu erasotu gaitu, eta guk defendatzea dugu. Horregatik, niretzat, hemendik aurrera, ez da euskararen teknikaria izango, baizik eta FELIX, besterik merezi ez baitu.

Izan gaitezen koherente egiten ari garenarekin, eta bere izena entzun nahi ez duen inor ez dadila publikoki aurkeztu. Nire izena ez al dute aipatu ba nire iruzkinei erantzuteko? eta zertara dator orduan datuen protekzioarekiko hainbeste urduritasun, bai hemen bai leku guztietan, oso kontrolatuta egongo ez bagina bezala?

Denok dakigu nor den tipo hau... nork ez du ezagutuko ba euskal jaiaren SORTZAILEA, euskaltzaindiako ONOMASTIKA BATZORDEKO kidea eta aunia aldizkariko ZUZENDARIA, eta ahaztuta duen HISTORIALARIA? (portzierto eskerrik asko san juaneko baserrien liburua idazteagatik, horrekin egingo da baserrietara bisita, zure jaiarekiko alternatiba eta zuk lagunduta!)

Ez gaitezen horren paranoikoak izan! eta errespetatu iruzkinak, bere erasoak goiko komunikatu horretan errespetatuak izan diren bezala!! denak berdinak denak igualak!

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Erantzuna | #26

Eta ahaztu zaidan gauzarik garrantzitsuenetakoa, nahiz eta zeharka aipatu:

gatazka hau konpondu behar zen lekuan kopondu ez duena euskara teknikaria da. Publikora zabaldu duena, bera da, eta modu honetan bere planteamenduarekin bat ez datozen pertsona gehiago batu dira. Ez hori bakarrik, baizik eta euskal jai honekiko eztabaida handiagoak sortu dira, jendea alde jendea kontra, eta horrela bakarrik zikindu daiteke euskararen eguna ospatzeko ekimena. Gu gurea egiteko eskubide osoan gaude, ez dugu ofizialki ezer argitaratu, bakoitzak bere izenean hitz egiten du, eta beraz, ez diogu ezerri kalterik egin. Ez joatea erabaki dugu, eta horretan inork ez dauka ezer esaterik. Gainontzekoagatik, tipo honen gezurrei erantzun, besterik ez, eta aurretik egindako idatzi txiki hori, gure arrazoi OBJEKTIBOAK (bazkariaren murrizketa, prezioaren bikoizketa, alkatearen aukeraketari garrantzia kentzea) jasotzen zituena. Eta garrantzitsuena "euskararen alde agertu nahi duten laudiar guztiei ateak ireki behar zaizkie".

Beraz, atera zuen ondorioak.

Erabiltzailearen aurpegia Javier Cuadra Erantzuna | #27

Erabiltzailearen aurpegia eztabaida honen jarraitzaile bat, jeje Erantzuna | #28

Aitor, argi eta garbi azaldu duzu, ezin argiago, berak bere burua publiko egin zuen prentsa oharra bidaltzeko momentu berean beraz, datozenak datozela,...aguantau behar.
Bestetik guztiz ados nago zuk esandako GUZTIAREKIN, baina egia borobil bat esan duzu (beste guztien artean) gezurrak eta gezurrak izan dira, ziren eta aldatzen ez den bitartean izango dira teknikariaren ahotik botatakoak, gaixotasun bat omen da,... horrela ulertuko dugu, jeje. Beraz, arloko zinegotziak zerbait esan beharko luke (ez guri baizik eta bere teknikariari, pribatuan noski) eta gauzak argi utzi.Hau da, nor den arloko arduraduna eta nor den arloko aholkularia argitu beharko dio eta hemendik aurrera (nahiz eta berandu izan) berak hartu beharko luke arloko ardura (teknikariari kentzeko gai bada, jeje).
Zer esanik ez prentsa oharraren sinaduraren inguruan, ejem ejem . Euskara teknikaria (ejem ejem berriro)onamastika batzordeko kidea (ala!) eta auniako zuzendaria (erdera hutsean pubblikatutako argitalpena, jeje eta ejem ejem).

Erabiltzailearen aurpegia Aitor L. Erantzuna | #29

Nola nik ere erabiltzen dudala "Aitor" izena? Zein bestela?
Ez nahastu bazterrak eta ez bota kanpora pilotak!!!
Badakizu, soberan, zein Aitor naizen. Isasiren laguna... Orain bai, ezta?
Ez gauzak manipulatu. Hori besterik ez.

Erabiltzailearen aurpegia IZASKUN MIÑANO - EUSKARA ZINEGOTZIA Erantzuna | #30

Euskal Jaiko bazkari-bonoak erosteko epea ostegunera arte (barne) luzatu da. Udaletxean, Euskara Arloan, 8:00-14:00 ordutegian.

Parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Erantzuna | #31

Ba ez... uste dut nahastu zarela...

Manipulazioarenean ez naiz luzatuko, eztabaida hau bukatutzat emateko, baina bakoitzak atera ditzala bere ondorioak. Guk ez ditugu pribatuki jaiak-eko ordezkariei bidalitako mezuak publikatuko, teknikariaren irudia zikinduko luketen gauza gehiegi dakizkigu, eta zuek ez bezala, gauza batzuetan ahoa ixtea egokia ikusten dugu, nahiz eta gure irudia ondatu, guztiaren gainetik gure duintasuna dagoelako. Aplika ezazue kontua, eta utziozue zikin jokatzeari.

Besterik gabe, ezin esan eztabaida guzti honetatik ondorio onik atera dezakedanik, ezta plazer bat izan denik zuekin aritzea, zintzotasun ezan ez baita legalki hitz egiterik.

Zuek zuenean, gu gehiengoaren interesean, libreki eta iritzi askatasunarekin, partehartzeko askatasunarekin, gehiengoaren ahots bateko erabakiak, gutxiengoaren gaineko diktadura izaera har dezan.

Ezjakintasuna gizakiak bilatzen duen egoera da, daukanarekin pozik izateko. Beraz, bizi zaitezte pozik zuen irakaspenik gabeko nahi asegaitzei idealik gabeko opilak ematen dizkiezuen bitartean. Munduan, zuentzat, arazorik ez.

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Erantzuna | #32

Erabiltzailearen aurpegia Marije Erantzuna | #33

Udal zinegotziari zuzendatuko galdera batzuk azaldu nahi ditut, eztabaidagaia zabaltzeko asmoz.

Euskalherria osoan, Euskararen eguna abenduaren 3an ospatzen da, Laudion izan ezik. Orain dela lau urte, Udalak irailaren 29an inguruan egun hori aldatzea erabaki zuen. Horretarako argudio nagusia ondorengoa izan zen: aintzinean, Done Mikelen egunean ibarraren alkateen izendapenak egiten ziren eta euskera komunikazio-hitzkuntza erabiltzen zen. Baina, gauza bera Euskal Herriko herri gehienetan gertazen zen sozietate tradizionalean. Horretaz, aldaketa egiteko emandako arrazoiak Euskal Herri osorako erabilgarriak dirak. Baina zergatik egin da aldaketa Laudion eta ez Euskal Herriko beste herri guztietan?. Laudiarrak garelako?.

Aintzineko Erregimen aroko aginteen hautaketan, hauteslgai bakarrekoak jauntxoak ziren. Hautapena ez zen egiten herritarren botazioaren bidez, baizik eta zori eta insekulazioren medio. Liberalek izendapen hori bertan behera utzi ondoren, gure baliaran azken aldiz berriztatu egin zen 3. Guda Karlistaren garaian. Gainera, Basalarrinean dauden harrizko mahaia eta zuhaitza desagertu egin ziren XIX. mendearen amaieran. Bestalde, “tradizionala” hitzaren erabilera nahaspilatsua da, ekitaldi hau izendatzeko. Horren guztiaren ildoan, nori interesatzen zaio euskara modernoa ohitura oligarkiko eta anti-demokratikoarekin nahastea?. Agian, inkontzienteki, Laudioko euskaldunak karlistak sentitzen ote dugulako?

Euskararen eguna eta Euskal jaia ekitaldi ezberdinekoa dira, ospakizun biok urtean zehar egiten diren udalerrietan. Zergatik erabaki zen, ordea, Euskal jaia eta Euskararen eguna data berean bateratzea?.

Amaiturik, Euskal jaia ospakizun jendetsua izan da oraindik arte, baina, nire ustez, jatorrizko euskarriak zalantzekoak dira-eta, aldatu beharko dira, etorkizunari begira.

Erabiltzailearen aurpegia Anonimo Erantzuna | #34

Zelako sobrada, Aitor, Felixekin izaten ari zarena. Edo ez duzu ezagutzen edo barruan gorroto arazo bat duzu. Háztelo mirar.
Errespetu gutxiz eta ironiaz esaten duzu "portzierto eskerrik asko san juaneko baserrien liburua idazteagatik, horrekin egingo da baserrietara bisita, zure jaiarekiko alternatiba eta zuk lagunduta". Ba bai: bera izan da herriko eskualde horretaz gehien idatzi duena. Beraz, hobetu ez bitartean, isildu gaitezen besteok. AUNIA 15ean duzu, 26 orrialdeko (!!!!!) artikulu bat San Juani buruz. Hori irakurri barik, nekez egingo duzue bisita gidatu ON bat (gauza gehienak ineditoak ziren, lehenengoz argitaratuak).
E du muturra prezioan, mahaikide kopuruan eta horrelakoetan, baina bai gutxieneko errespetua herri honetan lan egiten duen bakarretako batentzat. Eta ez bakarrik bere lanean!!!
Errespetua ez dugu galdu behar. Edo bestela, denbora gutxiago mierda hauetan eta jarri bere bere lana hobetzen.
Eta irakurri artikulu hori: merezi du-eta. Udal iburutegian duzu.

Erabiltzailearen aurpegia Anonimo Erantzuna | #35

Aurrekoan gaizki atera zait hau: "E du muturra prezioan, mahaikide kopuruan eta horrelakoetan" = Ez dut muturra sartuko prezioan, mahaikide kopuruan eta horrelakoetan"

AMAITZEKO. Azkeneko mezuak ikusita, badirudi amaituko garela esaten faxisten kontua izango dela Euskal Jai bat egitea irailean. Eta antieuskalduna hara joango dena. Lehenengo urtean guztiok geunden liluratuta (ala ez?) eta orain oztopoak eta alde txarrak baino ez.
NIK EZ NUKE BERRIZ EGINGO EUSKAL JAIA. Alde txarrak baino ez baditu. Horrelakoak gara herri honetan.

Erabiltzailearen aurpegia 17 urteko eztabaidaren jarraitzaile bat... Erantzuna | #36

Eztabaida honetan egin diren pertsonalizazioek izugarri harritu naute,afektatuak nortzuk,zein elkartekoak,zein talde politikotakoak diren alde batera utzita. Pertsona orori begirunea zor diogula pentsatzen dut...
Nire ustez, gaztazkaren erdian dauden bi aldeek, egiaren erdia ematen dute. Bai alde batek,eta bai besteak. Beti izanda horrela, eta historiak ahala erakusten du. Horregatik, baten ala bestearen alde jartzeak ez nau batere deitzen.
Euskal Jaiaren helburua zeaski zein den ez dakit. Baina badakit zein izan beharko litzatekeen funts-funtsean: euskararen erabileraren bultzada.
Argi dago,aurtengoak ez duela aurrekoen sustenturik izango. Hain zuzen ere, lagun batek(adibide bat jartzearren),zera esan dit: nik,aurtengoan, etxean bazkalduko dut. Ez naiz antolatutako ekintza batera ere joango. Beltzez jantziko naiz. Baina hori bai, euskaraz hitzegingo dut, urte osoan zehar egiten aritu naizen bezala. Eta gauean, oheratzean, hurrengo urteko jaian parte hartzeko ilusioz beterik egongo naiz.
Gauzak ondo edota txarto antolatu daitezke. Ikus daitekeenez, honako honetan zenbait arazorekin topo egin dugu. Honek, hurrengo urteko jaiaren prestakuntza egokiagoa izango denaren desirarekin uzten nau.
Gu batu behar gaituena, euskalzaleak bildu behar gaituena ez da oker bateko erruduna bilatzea (akatsak guk geuk egiten ditugu. Oraingotik ikasi egin behar dugu). Euskara bultzatzea izan beharko litzake gure jo muga. Irain hitzak askatu beharrean, Euskararen apologia egiten dutenak oihukatu beharko genituzke. Geure arteko borrokak, geure amaiera irudikatzen baitu.
Beraz, eta amaitzeko, Araba Euskaraz 2011 Laudion dugula gogorarazi nahi dut. Bertan, gure eskuzabaltasuna eta euskararekiko konpromisoa erakustera gonbidatzen zaituztet. Arazoak betiko gaindituta.
Denok Euskararen besoetan eta Euskara geure seasketan.

GORA EUSKARA ETA GORA EUSKALDUNAK!!

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Erantzuna | #37

Joder barkatu, ez nuen berriz idatzi nahi, hainbat arrazoirengandik, eta bat pisutsua, baina irakurri ditudan gauza batzuek aho zabalik uzten naute.

A ze nolako arrazoia: historiak erakutsi duela egia banatzen dela, badirudi, erdi bana gainera!! ai dios!! egia ez da banatzen, egia bakarra izaten da, nahiz eta batzuetan erdixka kontatu. Hori bai, horren historia zaleak bagara, jakingo dugu ezer ez daukanak egia esan ohi duela, edukita zerbait kontserbatu nahi duenaren gainetik. Guk ez dugu ezer izkutatzeko beharrik ezta inorri irabazteko nahirik. Honek ez digu dirurik ematen, nahi dugulako egiten dugu, eta parte hartze aktiboa arlo guztietan, goitik kontrolatutako gizartearen minbiziaren aurkako sendagai bikaina dela dakigulako. Koordinakunde plurala da gurea, arrazoi eta helmuga desberdinduna, gutako bakoitzaren amets eta nahiek handitzen dutena, norbera berearekin, baina lana indar bateratzaile gisa. Gutako inork ez du gai honetan ezer galtzen ezta irabazten ere. Guk argi daukagu gure planteamenduekin guztiok irabazten dugula, Laudiotar guztiak.

Beraz, hartu itzazue historiaren irakaspenak, baina ondo eginda eta ez adierazpen anbiguoetara lotzeko, egia ez baitira. Begira ezazue nork egiten duen lan ideia batzuenganako koherentziagatik, eta nork gizarte arazoak ikertuz, merkatua bailira, etekin ekonomikoak ateratzeko.

Ezer ez badaukagu, ez dugu ezer galduko!!

Erabiltzailearen aurpegia Anonimoa Erantzuna | #38

Badirudi distantzia hartzen goazela eta horrek bide ematen digula hausnarketa egokiagoak egiteko.
Egia da jai kuadrillek arrazoiak dituztela haserre egoteko.
Bestetik, egia da teknikariaren aurka pisu "gehiegi" deskargatzen ari dela eta demonizatu nahi dela. Baina egiatan bera izan da katuari zintzarria jartzen ausartu den bakarra. Non egon dira politiko meketrefe horiek, mahaian euskaraz egiteko edo jantzita joateko kapaz ere ez direnak? Eta beragatik, teknikariagatik, izan ez balitz ez zen piztuko behar genuen eztabaida hori: euskaraz "nahi" ala "izan". Oso beharrezkoa zen hori tratatzea.
Iazko jaian izan ginen gehien gehienok etsituta atera ginen ikustean errekord guztiak batitu bai, baina euskara exiliatua genuela jai hartan. Eta guztion errua bazen ere (alkatea lehena!!) egia da jai kuadrilen artean, bereziki, desastre totala izan zela. Hori ez da nire iritzia, errealitate bat baizik, guztiok beretsi genezakeena.
Eta horixe izan da, bere agintariek defendatu ez dutelako (ez dute urrutitik ere sentitzen eta hori nabaritzen da aktuazioetan), teknikariak defendatu duena. Oker agian baina egin egin zuen. Eta egiten duena da okertzen dena. Ala ez?
Zenbatek zorionduko zuten aurreko urteetakoengatik (guztiok ondo moldatzen ghinen garai haietan?). Eta bere eguneroko lanean ondo egiten duenagatik? Zergatik ez zuen teknikariak egin zuen prentsa oharra alkateak egin? Ez al zen konturatu zegoen arazoaz? Beti berandu eta arrastaka. Eta, xakean legez, peoia aurretik. Seguru nago teknikariak ez zuela bere oharra kaleratu bere nagusiek jakin gabe. Ez dut sinisten.
Gainera badu bere alde gauza handi bat: kritika guztien erdian, euskara eta euskal jaiaren defentsan atera dela eta BERE IZENArekin, izkutatu gabe. Onerako edo txarrerako baina geroko guztiok egiteko gauza izan ez garena...
Demarraje onartezin batzuk alde batera utzita, teknikariak esan zuena guztiz ulergarria eta arrazoiz betea dago eta nik uste dut, funtsean, guztiak gaudela ados: lekua (nahiz eta konpondu behar den) + dirua (garestia?) + euskara. Euskara...
Bestetik, esan behar da jai kuadrilek (euskaren pekatuak kenduta) giro berezia eman ziotela Euskal Jaiari eta hasiera hasieratik zerikusi handia izan dutela lortutako arrakastarekin. Ezin daitezke alde batera utzi egun batetik bestera.
Zer esan dute politikoek datorren urterako soluzioez? Karparik? Mugatu? Seguraski hurrengoan teknikoaren esku utzi eta, erabaki guztiak txarrak izango direnez, berriro hari zama guztia. Besteak, pekaturik gabe, zerura...

Banago, gainera, Euskara Aholku Batzordea, nahi duten elkarte eta eragileak batzen dituena. Zergatik ez bertan eztabaidatu edo, teknikariaren oharrean irakurritakoaren arabera, bertan onartutakoa errespetatu?
Asko dugu guztiok ikasteko montatu dugun kaka zikin honetatik. Eta hobe genuke aholku batzorde horretan edo beste toki batean eztabaidatzea eta ez foro hauetako izenordez edo anonimoez. Erraza da gauzak nahastea eta min egitea izena ematen ez dugunean.
Ea gauzek inoiz galdu behar ez zuten bidea berriz topatzen duten eta euskaldunentzako jai eder hura berreskuratzen dugun. Beste ostia txar guztia, gelditu eta historiarako utzi.

Erabiltzailearen aurpegia Euskaltzale ezkertiar bat Erantzuna | #39

Ohikoa izaten da eztabaida batean inoren kontraesanak kritikatzea eta norberarenak ez ikusi edo, are larriago, ikusi nahi ez izatea. Hori aurretik esanda, utz ditzagun albo batera Euskal Jaia, boikota, teknikariaren kontrako eraso lotsagarria eta abar, eta azter dezagun patxadaz Aitorren diskurtso aberats eta oparoa, izan ere, orain arte hainbat testu luze samar eskaini dizkigu, eta ematen du zer galdurik baduela afera itsusi honetan, hau da, barnea erabat lasai ez duela edo behintzat nahiko kezkatuta dagoela gertatu denarekin, zeren oso sutsu eta arduratuta agertzen baita Koordinakundeko ordezkariek hartutako erabaki burugabearen defentsan.

Gauza asko dira komentatzekoak, baina nonbaitetik hasteko hel diezaiogun nabarmenenari. Niri benetan deigarri egin zait bere irailaren 19ko iruzkinean plazaratu duen euskararen normalizazioari buruzko ideia berria. Deigarria eta kezkagarria aldi berean, zeren, diskurtsoaren moldeari erreparatuta, bide batez, Ezker Abertzalearen izenean ere ari zaigula ematen baitu. Hona zer dioen aurreko iruzkin bati erantzunda: “Beraz, ezazue normalizazioaz hitz egin, panazea bat bailitzan, euskaraz egunero ari direnen eskutik helduko ez baita, euskaraz aritzen ez direnak bidera ekartzen ez badira.” Hori irakurrita, ematen du euskararen erabilpena gerorako utzi nahi den zerbait dela, azken helburuetara iristeko zama nekagarri bihurtu zaigun zerbait, eta nolabait albora utzi behar duguna, ustezko masa kritiko bat lortzearren.
Ai inozoak! Euskal Herririk ez dago euskaldunik gabe. Eta hori ezin da gerorako utzi, desiraturiko masa kritikoa lortuko dugulakoan.

Agian gertatzen zaigu erosokerian eta nagikerian gaudela ohituta, bai jende gaztea eta bai heldua, eta autokritika egin behar dela noizean behin eta herria astindu nagikeriatik eta lozorrotik ateratzeko. Izan ere, gure arazo nagusia ez dator erdaldunen aldetik, baizik eta euskara jakin eta erabiltzen ez duten horietatik batez ere. Eta egokiera dagoenean, jarrera horiek gaitzetsi egin behar dira, txalotu beharrean. Eta hori da, hain zuzen ere, Koordinakundeko ordezkariek egiten jakin ez dutena.

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Erantzuna | #40

Nire izena harira ekarri duzunez, erantzun behar. Hori, argi dago, zure ulermen eskasak jokatu dizun trago txarra izan dela. Berriz ere: euskararen normalizazioa, gutxi batzuek erabilita, lortu ezin. Helburua, txiki txikitatik, ikastolatik bertatik, ez da izan jakitea, baizik eta erabiltzea ere. Eta bide honetan, beharrezkoa da euskara irekitzea, jendarteari zabaltzea, bere egoera normalizatutzat jotzeko. Beraz, bai, erabiltzen dugunok, erabiltzen jarraituz, erabiltzen ez dutenak, erabilpenaren bidera ekarri. Horren zaila al da?

A! eta ez dut inoren izenean hitz egiten, ideiak defendatzen ditut, horienganako koherentzia zaintzen dudan bitartean.

Erabiltzailearen aurpegia astoahurkoarenbegian Erantzuna | #41

Ostia, begirada maltzurra behar da izan Aitorren hitzetan (esandako askorekin ados ez nagoen arren) garatu duzun teoria hori garatzeko.
AITOR: "“Beraz, ezazue normalizazioaz hitz egin, panazea bat bailitzan, euskaraz egunero ari direnen eskutik helduko ez baita, euskaraz aritzen ez direnak bidera ekartzen ez badira.”

EZKERTIAR EUSKALTZALEA: "Hori irakurrita, ematen du euskararen erabilpena gerorako utzi nahi den zerbait dela, azken helburuetara iristeko zama nekagarri bihurtu zaigun zerbait, eta nolabait albora utzi behar duguna, ustezko masa kritiko bat lortzearren."

Joder, hori da hori irakurketa egin duzuna, nik hor "hizkuntzaren normalizazioa euskara erabiltzen ez dutenak euskarara hurbilduz lortuko da" irakurtzen dut, eta horixe da hain justu, nire ustez aurtengo euskal jaiak zuen erronka handiena; iaz 780 pertsona batu zituen bazkarian parte hartu eta gaztelaniaz mintzo ziren horiek (hain satanizatuak izaten diren jai koadriletako gazteak batez ere) euskarara hurbiltzea, xuabe eta goxo, "euskararen unibertsora gerturatzeko" gonbidapena luzatzea. Eta hori ez da egin.

Eztabaida honek guztiak baina ekarri du (bere txarrean, eta minduta -oso minduta- atera den jendea dagoen arren) gauza positibo zenbait:
- Bat, partehartze eta iritzi elkartukaketa handia eman dela euskal jaiak izatea nahiko denaren inguruan.
- Bi, iritzi eta elkartrukaketa hori euskaraz sortu, euskaraz elikatu eta euskaraz bizi izan dugula (eta aizue, hori ez da ahuntzaren gauerdiko purrustada!).
- Hiru, herriko eragileen artean (jai koadrilak, udala, alderdi politikoak, norbanakoak) euskararekiko atxikimendu garrantzitsua adierazi dela , nabarmen gainera (nahiz eta zoritxarrez ez den euskararen egun honetan bisualki artikulatuko. Distantziak eta perspektibak igual emango digu aukera beste moduz -oso positiboki- baloratzeko). Horra euskararentzako beste aurrera urrats bat.
- Eta lau, jaiak koordinadoraren barruan dauden ehundaka gazteen euskararekiko kontzientzia eta babesa handitu dela, eta bere lehen adierazlea Larrazabalen izango dugu, ia 400 gaztek egingo bait dute egun pasa euskaraz mintzatzeko ariketa praktiko eredugarri batean. Edozelan ere, nahiz eta jakin ziurrenik bi jaietan parte hartuko duten herritar kopuruaren batuketa iazkoa baino txikiagoa izango dela, ziur naiz aurten iaz baino pertsona gehiago mintzatuko direla euskaraz. Apostuak onartzen ditut. Hamaika baietz!

Eta hau guzti hau, eztabaida eta polemika honen guztiaren ondorio da. Eskerrak eman behar dizkiot beraz Jaiak Koordinakundeari eta Laudioko Udaleko Euskara Teknikariari, iritzia (alde batekoa edo bestekoa) agertu duten talde politiko guztiei eta norbanakoei (eztabaidagune honetan bertan emandakoei ere), eta plaza hau eskaini digun aiaraldea.com egitasmoari.

Ni ez naiz polemikan gehiago endredatuko, nork bere ardurak. Larunbatean Laudion euskararen eguna ospatuko da, gauden tokian gaudela inkietude eta nahikeria berdinak gidatzen gaituela gogoan hartu, euskara(z) bizi eta datorren urtekoa inoizko euskararen jai erraldoiena izan dadin lan egin (guztiok amore pixka bat emanez), gogo betez gainera.

Euskarak aurten pausu bat harago eman duela jakitun eta hamaika gehiago egingo dituenaren konbentzimenduz, "maita nazazu gutxio eta goza nazazu gehiago".


Erabiltzailearen aurpegia Anonimoa Erantzuna | #42

Euskaltzale eskertiar horrek emandako iritziarekin bat nator. Bete-betean. Eta ez da oso begi zorrotzekoa izan behar hori ikusteko. Agian arazoa izan daiteke entzun nahi duguna besterik ez dugula ulertzen.
Ez dugu "euskarara xuabe" hurbiltzeko jai bat nahi, hori gaindutua zegoelako aurreko jaietan. Lehenengo bietan lortu bazen euskararen nagusitasun osoa, zertarako eta zergatik galdu oraingoan? Listoia beheratu guztiok pozik geratzeko? Ez!!
Larrazabalen ez da euskara praktikatzeko edo euskarara hurbiltzeko jai bat egiten. Egingo da JAI bat, ez besterik. Eta EUSKAL duena, legitimoa, behean dago. Horregatik, eta galeriaren aurrean ondo geratzeagatik, sartu da, bultzaka, euskara xuabearen kontua (nahiz eta, egiatan eta banbalinen atzean, euskara exijitzearekin ZEHARO KONTRA azaldu). Eta jai legitimoari kalte egiteko (ez esan arren jendea euskararen besoetan, maitekiro, kulunkatzeko sortu dela) egin da. Hori bai: jaia pasatu eta, argudiatu beharko du baten batek zergatik montatu duen mobida handi hau. Aurtengo Euskal Jaian, bai egite prozeduran bai programazioan bai nahi duzun esparruan, aurrekoen oso atzekoa da. Bai jai kuadrilena alde batera utzita, zein izan da aldaketa gaindiezin hori aukera politiko guztien artean BAKAR BAT azaltzeko (eta barne agindua eskualde osoan zabaltzeko) jai honen kontra? Zergatik da aukera hori, gainera, euskara exijitzearen alde ARGI ETA GARBI bere jarrera azaldu ez duen aukera politiko BAKARRA? Hori bai da zaila ulertzekoa eta ez "ezkertiak abertzale" horren erreflexioa. Eta kontaidazue berriz hori ez dela egia eta hori ez dela esan, urte osoan egin behar dela, eta horrela izan ez bazan, sar dadila kalabazan. Pluf.
Batzuk lotsagatik, beste batzuk hauto pertsonalagatik baina egia da aurten askoz jende gutxiago egongo dela Euskal Jai legitimoko bazkarian. Baina ez eduki zalantzarik, gauzak dauden moduan, gaur egun, gure herriko euskararen erresintentzia izango direla. "Maita nazazu gutxiago eta goza nazazu gehiago". Horrgatik hain zuzen ere. Eta ez ibili tarteko berbak aurkitu nahian.
On egin guztioi.

Erabiltzailearen aurpegia Igor Erantzuna | #43

Euskal Jaia bakoitzak nahi duen lekuan ospa dezakeela ez ahaztu mesedez! Ostegunean Laudiotik euskaraz aritu ginen eta nor zegoen euskaraz egiten? Agian zuek behar duzue jai bat euskaraz hitz egiteko!. Euskararen mesedetan Larrazabalen ere mintza gaitezke eta ez esan txorakeriarik!

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Erantzuna | #44

"Anonimoa" zure diskurtso demagogo hori eztago nondik hartu. Puntuz puntu saiatuko gara:

1- Euskararen erabileraren murrizketa, euskararen teknikariak ateratako ondorioa da. Ez gu. Beraz, horrekiko koherentzia azalduz gero, benetan egoerari aurre egin nahi bazaio, irtenbide hobea bilatu beharko litzaioke, eta ez koadrilak jaitik kanpo utzi aitzakia horrekin. Hortaz, euskara murriztu bada, berak hartutako erabakia ez da egokia.

2- Norbera askea da jaia non eta nola ospatu nahi duen erabakitzeko. Guk San Juanekoa aukeratu genuen. Honekin, agian, ikasiko dute udaletxetik, antolaketarako guztion parte hartzea ahalbidetzen ez bada, etorkizunik ez dela. Beraz, irakaspen bikaina datorren urterako: jaia zabaldu, eta kontu zikinak, etxean garbitu, gero lokats tantek zikin hori zikindu ez dezaten. Eta honekin batera, argia dena: parte hartzen duten horien iritzia mespresatzen bada, jaia ez da guztion atseginerako izango, eta, beraz, alternatiba berria bilatuko da, oraingoan gertatu den bezala.

3- Aurreko honen ondorio gisa, jai alternatiboan, printzipioak berdinak izango dira, baina mugak zabalagoak. Euskararen erabilera, teknikariaren esanetan, murriztu egin da euskal jaian. Hartu diren erabakiak ez ditugu bide onekoak ikusten, aurrera joan beharrean atzera joatekoak baitira, eta, nolabait, hizkuntza sailaren urtetako ekintza ez baliagarriei tela jartzeko balio baitute. Hau da, oker dabil lan guztia euskal jaian egin behar dela uste duen horrek. Bide desberdinak daude euskaran hezteko, euskaraz hasteko, eta ezintasun hau, bakoitzaren ardura ez ezik, Laudion euskararen inguruan lan egiten duen udalarena ere bada. Beraz, nolabait pisua koadriloi bota zaigu gainera, eta hainbat eta hainbat arduradun daude euren lana ondo betetzen ez dutenak. Gainera, hartu duten norabidea zein den ez jakitearen adibidea da etxera, euskara ondo menperatzen ez duten eta zenbaitetan gaztelaniaren erabilerara jo behar duten pertsonak jaitik kanpo uzten dituen euskal jai ofizialaren panfleto elebidunak heldu direla. Egunean bertan dena euskaraz, baina aurreko egunetan gaztelaniaz ere? ez dut ulertzen, honekin euskaraz ez dakitenak ere erakar daitezke bazkarira, nahiz eta euskara derrigorrezkoa izango dela esan, antolatzaileen kontraesanak ikusita edonork ikus baitezake bere burua eroso bazkari horretan, hizkuntza dena dela. Nik, guzti honetan, udalaren irudia garbitzeko jai mediatikoa ikusten dut, tamalez, eta hori izan da koadrilak baztertzearen arrazoi handienetako bat, oztopo bat izanagatik eurek euretzat hartu nahi dituzten dominak eskuratzeko. Eta eskuaz ari garela, ez ahaztu euskera (eskuera ere zenbaitetan) eskuz adierazten zen hizkuntza izan zela, gure kultura orokorrean, lana kolektiboan, elkar laguntzan, eta nola ez, herri osoaren alde egiteagatik ezaguna baita. Eta oraingoan, euskaran eskuz aritzeko eskubidea urratua izan zaigu, antolakuntzan eta ideien bilketan parte hartzea debekatuta izan baitzaigu. Ba ote du inork euskararen inguruan dominak eskegitzeko eskubiderik? Guztiona da, guztiontzat, eta fruituak guztiok jasota izateko!! Esku zikinek herri ekimenetatik kanpo beharko lukete egon.

4- Legitimoaren erabilpenean arrazoitzen da aurretik esandakoa. Nolabait lehian ikusten zaituztet, interes ezkutu horiek aurrera eramateko besteon lana zikintzen. Prentsa ohar iraingarriekin… ziur eztakit zein den zuen helmuga, baina zikina izan behar da gero guzti hau, komunikabideak erabilita, plazaratzeko. Deslegitimizazio prozesuan ari zarete, hurrengoa Jaiak Koordinakundearen ilegalizazioa eskatzea izango da, hartzen ari den bidea hartuta, deja vu itxurako bat sentitzen ari naizenaren susmoa baitaukat. Aipatu egin zen, kontra insurgentziarako ere balio ez duzuela. Eta hala da, diskurtso demagogo horiekin, gure intentzioak zeintzuk diren, ez soilik manipulatu baizik eta inongo lotsarik gabe ere, guri zuzenean inposatzen dizkiguzuenean, edota euskara erasotzen ari garenaren diskurtso erraza erabiltzen duzuenean. Benetan duintasun gutxi behar dela izan, zikinkeria hauetan ibiltzeko. Oso gutxi.

5- Prozesu guztietan etapa desberdinak daude, horietako berri bakoitza aurrekoa baino garatuagoa izanik. Askotan txispa txiki bat behar izaten da, ondoren, gizarte mugimendu handi batekin su amata ezin bat lortzeko. Horregatik, txalogarria izan daiteke ideia bat jarri eta hori aurrera eramateko txispa lana egitea, baina garaiz jakin behar da iraultza txiki honetan betetako papera bukatua dela, ez dagoela “boterean” jarraituz aurrera joaterik, eta, hortaz, iraultzaren etorkizuna jendartearen eskuetan utzi behar dela. Burokraziak, azken finean, eta hemen dugu eredu bikaina, bere interesen alde egiteko joera du, erabakiak geroz eta itxiagoak izanez eta botere guztia gutxi batzuen eskuetan utziz. Tian’anmen-en bezala, tanke guztiak atera dizkigute, zikinkeria guztiak, jai honetan sinistuz, modu desberdinean antolatu daitekeela uste dugunoi, nolabait, hor goian daudenak onartzen ez ditugunoi. Eta Txinan gertatu zen bezala, komunistak gobernutik at eta herriaren altuera berdinean lanean ari diren bezala, hemen ere, euskaldunak eta euskaltzaleak, komunikabideen atzean ari gara, ezer gabe, dominarik eskegi gabe, sinisten dugunaren alde eta guztion alde, nahiz eta asiar herrialdean bezala, hemen ere, garena ez garela inposatu nahi diguzuen.

6- Hortaz, kontra insurgentzia prozesuan ari zarete, bai, iraganean egin diren akats tonto berdinekin, non eta, aurrekoaz aparte, Ezker Abertzalearen ustezko euskararen kontrako erabakia inorri sartu nahiean. Benetan komikoak zaretela, utopikoak eta UMEAK, euskarazko harremanak gehien bultzatzen dituen alderdiaren (herritarren batasunaren) kontrako eraso hauekin!!! Umeek bai sinistuko dutela! Segi zuenean, lortuko duzue Euskal Herria akritiko batekin denak alde izatea eta!!

Bide batez, barkamena eskatzea iruzkinak kudeatzen dituenari, lana gogorra baita dena irakurtzea, baina erantzuteko beharrean ikusten dut nire burua, publikoak ezin utz baititzakegu holako esku manipulatzaileak, irakurriko dituztenek gezur hauek irentsiko badituzte. Beraz, nire eskubidea erreserbatzen dut nire ikuspegia defendatzeko.

Erabiltzailearen aurpegia Anonimoa Erantzuna | #45

Zelako haserrea!!! Zer dela eta? Urduri? Nork utzi du nor kanpoan? Udalak? Zergatik egon ziren ba, hainbat gazte (Jai Kooprdinakunekoak) elizako bazkarian? Zein euskalduni mugatu zaio joatearena? Jai pribatua izan zela?
Euskararen kontua teknikariak asmatu duela? Errekulatzen hasiak gara!!!??? Erortzen hasia da makilajea euriarekin?
LABUR ESANDA: Nahikoa da Jaiaken komunikatu bat esanez parte hartuko duela hurrengo urtean eta bertan izango diren bere kide guztiek euskaraz egingo dutela. Oso sinplea: horrekin konponduta. Zergatik buelta gehiago eman. Baina esan behingoz EUSKARARENA... Ez hasi ekilibrioetan. Euskara exijitzearen ZEHARO KONTRA erantzun hura (Jaiak koordinakundearen izenean) idatzita dago eta hori konprobatu daiteke. Ez hasi berriz teknikariari ez dagozkion beste mierda batzuk botatzen. ESAN EUSKARARENA...

Boikot (ez dut hitza okertu) bat planteatu duzuenak zarete zuen jarrera justifikatu behar duzuenak ez alderantziz. Zapaterok ez du greba orokorraren deia azaldu behar.

Egitarauak gazteleraz ere egiteak ez dio inori kalterik egiten eta gogora ekarri nahi dizuet hainbat ez-euskaldun egon zela jaian parte hartzen hori baitzen asmoa. Baina ez-ez-ez "bazkarian". Ez dakizue irakurtzen, ala? Gazteleraz edo arabez emateak ez dio ezer kentzen euskaraz egiteari. Beti kanpoko agenteei errua botatzen...

Amaitzeko: plazakoa eder baino ederrago geratu zen eta hor izan giinen guztiak satisfazioz beteak egon ginen. Larrazabalgoa, ordea, nahiko... Ez du hori inork "asmatu" (teknikari gaiztoaren itzala berriz??!!) bertan egon ziren gazteek baizik: izeko izatea zer den ere badakigu. Kañonazoka ibili eta benetako guda heltzean, polborarik ez. Hutsik dauden kupelak dira zarata gehien egiten dutenak...
Datorren urtean euskal jaian guztiok elkarrekin egotea espero dut. Hori da plazan egon ginen guztion nahia eta ametsa. Horren aldera, izugarri ederra Jon Maia bertsolariak bota zuen amaierako bertso hunkigarria.

Erabiltzailearen aurpegia Euskaltzale bat Erantzuna | #46

Euskal Jaia pasatu zenetik badirudi horren inguruko eztabaida guztiak desagertu egin direla. Edo desagerrarazi nahi direla. Seguru nago bat baino gehiago lotsatuta egongo dela. Non daude argiaren abiaduran baino arinago euskal jaiaren kontran erantzun luzeak ematen zituzten foro honetako partehartzaileak? Badirudi desagertu direla...

Zer geratu zaigu boikot horretatik? Larrazabalgo baselizan zikinkeria (janari hondakin guztiak eta udalaren aulki batzuk erreka zuloan agertu dira) ugari eta benetako euskal jaiari eta gizarteari, sendatzeko urteak beharko dituen zauri mingarria. Lorpen ederra.

400 bat gazte espero zen eta 120 baino ez (Aiaraldean emandako datuen arabera). Ez dakit egiazkoak diren baina bai da egiazkoa arratsaldeko 18:00etan 50-60 lagun besterik ez zegoela bertan: nik ikusia. Han egondako gazteak kexatu dira, gainera, txosna, bazkaria eta gehiena gaizki antolatuta zegoelako. Eta, erabilitako hizkuntza, nagusiki eta por goleada, gaztelera. Bertan egondako gazteek esanda. Zertan geratu da hain modu iraingarrian planteatu zen “boikot-jaia”. Hori bai, udalari eskatuta materiala eta harako garraioa eta zama-lanak. Zer boikot ausarta!!

Plazako euskal jaian, bestetik, aurreikusita zeuden 140 mahaikideak gainditu ziren eta, azkenean, jarri ziren 160 lekuak bete-beterik egon ziren. Eta, bertan egon ginenon, ustez, oso jai ederra (agian orain arteko ederrena) eta, EUSKARA izan zen, aurten bai, arkupeetan erabili zen hizkuntza bakarra.

Zenbakietara jotzeko joera dugu, bestetik, arrakasta neurtzeko. Eta ez nago ados: aurtengo 160 laguneko bazkaria eder baino ederragoa izan da eta iazko 780 lagunekoa, porrot hutsa. Hori da aurtengo euskal jaian egon garen 160ok dugun pertzepzioa.

Eta zer egin hemendik aurrera? Berriz teknikariari egotzi munduko gaitz guztiak (euskal jaia izan baino egun batzuk lehenago oraindik idazten zen foro hauetan “euskara eskatzearen Koordinakundearen kontrako jarrera euskara teknikariaren asmakeria bat zela”. Nora goaz?!!!!!!!).

Denborak, beti bezala, nor bere tokian uzten du. Eta oraingoan inoiz baino garbiago ikusi da. Gezurretan eta informazio manipulazioan ibiltzea egun batzuetarako balio du baina apurka-apurka jendea enteratu eta tiroa atzetik irteten hasi zen. Euskal Jaian izan ziren Jaiak Koordinakundeko gazte batzuk. Nolatan?

Faltan izan ditugu, bestetik, herriko “euskararen inguruko” erakunde eta aurpegi ezagun batzuk. Eta Ezker Abertzaleko kideak... a zer hutsegitea saltsa honekin zikintzea!!! Kalte handiagoa egin dio honek Jaiak Koordinakundeak baino. Baina hori norberaren kontzientzian doa... Zein pisuzko arrazoia egon da aurreko urteetakoan egoteko eta ez aurtengoan?

Eta datorren urteko edizioan zer egingo dugu? Zer ikasi dugu pasaden hilabeteko istilu penagarri honetatik? Zer jarrera hartuko du Jaiak Koordinakundeak etorkizunean? Aurtengoa bezalako beste “erdal jai” paralelo bat antolatu? Edo besteoi inposatu? Edo euskaldunon jaia desagerrarazi? Edo...?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa