aiaraldea.eus

Laudion Sanpedropeko jaiak berreskuratu eta uztailaren 3an ospatuko dira

Erabiltzailearen aurpegia Lucia Menoyo  Laudio
Laudion Sanpedropeko jaiak berreskuratu eta uztailaren 3an ospatuko dira

Azkenengo urteetako geldiunearen ostean, herriko 20 jai-talde eta talde kultural baino gehiago biltzen dituen Jaiak Koordinakundeak berriro ekin dio Sanpedropeko ospakizunak antolatzeari.

Azkenengo urteetako geldiunearen ostean, herriko 20 jai-talde eta talde kultural baino gehiago biltzen dituen Jaiak Koordinakundeak berriro ekin dio Sanpedropeko ospakizunak antolatzeari.

Hainbat urtez talde askoren lan eta ahaleginari esker Sanpedropeko jaiak berreskuratzea lortu bazen ere, duela zenbait urte jaia antolatzeari utzi zitzaion berriro. Jai Koordinakundearen arabera herriko jai garrantzitsuenetakoak ditugu Sanpedropekoak, eta Laudioko egutegi kulturalean erreferente eder bat bilakatu daitezkela uste dute. Horregatik, ospakizun hauek berreskuratu dituzte, euren laguntza eman duten herriko talde kultural, denda eta ostalariekin batera.

Sanpedropeko jaien berreskurapena epe luzerako proiektu bezala ikusten dute eta horregatik pizkanaka aurrera egin nahi dute Jaiak Kordinakundekoek. Aurtengo ediziorako egun bakarreko plantamendua egin dute, urtetik urtera garatzen eta hazten joatea espero dutena. Datorren uztailaren 3an, larunbata, izango dira ospakizunak eta Herriko Plazan gauzatuko dira gehienak.

Jai egitaraua 

·Gastronomia lehiaketa:  

Goiz osoan zehar Sukalki lehiaketa egingo da Herriko Plazan. Bertan, gehienez 45 taldek parte hartu ahal izango dute. Izen-ematea 9:00etan egingo da Herriko Plazan. Lehiaketa egiten den bitartean, plazan bertan animazioa (musika, zozketak…) eta txosna egongo dira. Epaimahaiak lehiaketako irabazleak aukeratuko ditu eta hainbat sari banatuko zaizkie.

·Herri bazkaria: 

Lehiaketan parte hartzen duen talde bakoitzak gutxienez sei pertsonentzako kazola prestatuko du. Epaimahaiak bere erabakia jakinarazi eta sariak banatu ondoren, parte-hartzaileei kazolak itzuliko zaizkie eta prestatutako jakiak jan ahal izango dituzte Herriko Plazan jarriko diren mahaietan. Gehienez 400 pertsona inguruk izango dute lekua herri bazkari honetan.

·Kalejira:

Eguneko beste ekimen garrantzitsuetako bat herriko kaleetan zehar ibiliko den kalejira izango da. Bertan, Laudioko hainbat talde kulturalek parte hartuko dute, Laudion egiten den ekoizpen kulturala kalera ateratzeko helburuarekin. Kalejirak hainbat geldialdi egingo ditu, talde bakoitzak bere lana erakutsi dezan (bertsoak, kantak, musika, jolasak, dantzak…), bertaratutako guztien parte-hartzearekin.

·Kontzertua:

Jaiari amaiera emateko kontzertua egingo da Herriko Plazako eszenatokian, Izargi taldearekin. Gaueko 12etan programatutako ekitaldiei amaiera emango zaie, baina jai-giroak gau osoan zehar iraungo du herriko kaleetan.

Egitaraua orduz ordu

-9:00etan Izen-ematea lehiaketan

-10:00etan Gastronomia lehiaketa Herriko Plazan

-10:00etan Txozna irekitzea eta animazioa Herriko Plazan

-13:30ean Kazolak aurkeztea

-14:00etan Sari banaketa

-14:30ean Bazkari herrikoia Herriko Plazan

-16:00etan Bertsolariak

-18:00etan Kalejira herriko kaleetan

-21:00etan Kontzertua Herriko Plazan

 

Sanpedropekoen inguruko informazio guztia eskuragai dago www.sanpedropeko.blogspot.com webgunean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa