Eraso sexisten aurkako bideoa egiteko herritarren partaidetzarako deialdia zabaldu du udalak

Erredakzioa 2017ko abu. 5a, 10:09

Laudioko Udalak jaietako eraso sexisten aurkako kanpaina aurkeztu zuen atzo eta, besteak beste, bideoa egingo dute. Herritarren laguntza izan nahi dute horretarako.

Laudioko Udalak hainbat ekintza gauzatuko du eraso sexistak ekiditeko eta salatzeko jaietan. Hasteko, Berdintasun Kita banatuko du gazteen artean. Horretarako bi kale hezitzaile egongo dira herrian.

Kita osatuko dute hurrengo gauzek: erasoen aurkako txapa, baliatu daitezkeen telefono zenbakien txartela, txilibitua -erasoak saihesteko- eta zenbait irizpide erasoak ekiditeko edo, behin erasoa gertatuta, zer egin behar den jakiteko.

Horrez gain, 100 kartel jarriko dituzte jai eremuetan errespetua aldarrikatzeko, puntu morearen pankarta jarriko dute udaletxearen fatxadan eta abuztuaren 24an Aldai plazan "Ez da kasualitatea" bertso saioa gauzatuko dute 12:30ean.

Bideoa

Aipatutakoa ez ezik, bideoa ere ekoiztuko dute. Horretarako, deialdia zabaldu dute abuztuaren 9rako -hau da, asteazkenerako-. Parte hartu nahi duten herritarrek elkartzeko aukera izango dute Herriko plazako erabilera anitzeko aretoan 19:00etan.

Udalak proposatu die parte-hartzaileei jaietako arropa eramatea.

Brigada Moreak

Udalak antolatutako ekintzaz gain, Amets Meatza Castañares alkateordeak gogoratu du Bagara Nor talde feministak Brigada Moreak antolatu ditu emakumezkoekin etxerako bidea egiteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide