Euskaratik eta euskaraz eraikiko den etorkizun baten aldeko mezua zabaldu du Aiaraldea Hedabideak Laudioko pregoian

Erredakzioa 2017ko abu. 14a, 21:22

Jatorri eta adin ezberdinertako sei emakume arduratu dira testua irakurtzeaz. Euskara ez ezik, arabiarra, galegoa eta gaztelania ere baliatu dituzte.

“Hizkuntza guztiak dira gureak gure hizkuntza gurea bada”. Hori da aurtengo Laudioko Jaietako pregoian nabarmendu den mezua.  Aiaraldea Hedabidea da aurtengo festetako pregoilaria, eta komunikabideko kideak arduratu dira testuaren irakurketaren ekitaldia antolatzeaz. Arratsaldeko zazpietan egin da, Herriko Plazan.

Testuaren irakurketari ekin baino lehen igo da Natxo Urkixo alkatea oholtzara. “Kultur arloan murgilduta gaudenok askotan sumatu dugu jende gaztearen falta”, hasi da kontatzen, “duela zazpi urte, baina, gazte talde bat biltzen hasi zen, proiektu bat esku artean zuena. Hasiera batean ez genekien zer izango zen, baina orain ikusten dugu zer izatera iritsi den”.

Igor Arzuaga musikaria eta Mikel Ayllon idazlea igo dira gero eszenatokira, baxuaz eta musika elektronikoz apaindutako testu bat irakurtzera. Beste hainbat pertsona ere igo dira taulara: Ttuntturro zanpantzar taldeko kideak, Laudioko jai-koadriletako ordezkariak, Sorginlarren mitologia elkarteko buruhandiak... jaietan inplikatuak dauden hainbat eta hainbat norbanako eta eragile.

Sei emakume, lau hizkuntzatan
Ayllon eta Arzuagaren emanaldiaren ostean agertu dira pregoia irakurtzeaz arduratu diren pertsonak; sei emakume, hainbat adin eta jatorritakoak: Maria Luisa, Aizpea, Txari, Fatima, Brenda eta Izar.

Testua euskaraz ez ezik, arabiarrez, galegoz eta gaztelaniaz ere irakurri dute. "Laudion hitz egiten diren beste hizkuntzen adierazgarri izateaz gainera, aldarrikatu nahi izan dugu hizkuntza guztiak direla gureak, gure hizkuntza egiazki geurea baldin bada", adierazi dute.

Zuzeneko itzulpena
Lau hizkuntza baliatu arren, herritar guztiek izan dute pregoia goitik behera ulertzeko aukera, zuzeneko itzulpen zerbitzua egon baita ekitaldiak iraun duen tartean. Hainbat auzokidek baliatu dute zerbitzu hori.

Jaiak, hastear
Bihar hasiko dira Laudioko San Roke Jaiak. Goizean goizetik egongo da giroa pil-pilean, Baldarrak koadrilak antolatutako gosari herrikoietik hasita. Kalejira egongo da gero Batzalarrin kalean barrena, eta 12:00etan piztuko da jaien hasiera suziria, Santi Ussiaren eskutik.

Hau izan da hitzez hitz irakurritako pregoia (hemen deskargagarri):  

DENON ESKUTIK, DENON ESKURA

Euskara lo dago begiak itxita dituenarentzat. Aspaldi hartu zuen lehen arnasa, ordea. Egia da: mila aldiz erori da; eta beste hainbeste aldiz mugitu dugu burua eskuin-ezker, bidea zeharkatu aurretik. Eskutik lagundu dugu aldamenekoa pausoa eman edota erritmoa hartu arte. Ikasi eta irakatsi dugu hanka sartzeak ez duela inporta, ekinez lortzen baita bidea.

Atzera begiratuz gero, aurrera egin duzula jakiteko izan dadila”, dio esamoldeak. Euskalduntzea heldu beharreko geltokia ez ezik, bizitzeko modu ederrago bat dela aski ondo ikasi baitugu guk.

Kantabriako ixasora

zoazten

urak,

Altube, Okendo, Nerbion,

Aialako lurra,

behin euskalduna,

orain lur erdalduna...

Gabriel Arestiren hitz hauen abaroan ekin genion bideari 2010 ez horren urruti hartan, “behin euskalduna, orain lur erdalduna” hura gogoan. Laudioren hazia izan ziren Larra, Goienuri, Larrazabal eta Olarte auzoetako herritarrak ere halaxe mintzatzen ziren ez oso antzina, hala kantatu eta dantzatzen zuten, hala ospatzen zituzten jaiak ere, eta hala ziren euskaldun, eta laudioar.

Despois chegaron as páxinas máis negras do pobo do euskara, encerraron a nosa lingua nunha noite escura e pechada, en en longas décadas negaron iso que nós eramos.

Máis cando o ditador estaba a piques de morrer, a lingua celosamente guardada no colo do lume da nai rompeu a ríxida parede, e as que agora son as avoas das nosas netas comezaron a labrar sementes de luz. Apuntándose nas gau-eskolas despois das horas de ferro das fábricas, construíndo ikastolas na raia da lei, dando á nosa lingua un novo impulso.

Euskararen herriaren orrialderik beltzenak etorri ziren gero, gau ilun eta zarratuan sartu zuten gure hizkuntza, eta ginen hori ukatu egin zuten hamarkada luzeetan.

Diktadorea hil urren zegoenean baina, amaren suaren magalean “celosamente gordetako” hizkuntzak pareta zurruna zartatu zuen, eta argi haziak ereiten hasi ziren orain gure iloben amamak diren horiek; fabrikako burdin orduen ostean gau eskoletan izena emanez, legearen mugetan ikastolak irekiz, gure hizkuntzari arnas berria emanez.

Lubaki horretatik jaiotako alabek ekin zioten 2010 urte hartan Aiaraldea hedabidearen trena hauspotzeari: izan ziren Lucia, Izar, Josu, Aitor, Gartzen, Edorta, Ane, Asier, Garazi, Irati, Jon, Txabi eta Mateo. Izan ziren Iñaki, Garrastatxu, Andima, Alfredo, Enara, Goretti, Christian, Miren, Angela eta Ruben. Eta gerora etorri diren hamaika zoro gehiago ere izan ziren, eta izango dira, zorionez.

Eta auzoari begiratu genion orduan ere, inguruak eta ingurukoek egiten gaituztelako gu ere; ni banaiz, gu garelako delako. Eta batzuetan, Laudion, ahaztu egiten zaigu hori, gehiegi begiratzen baitiogu gure zilborrari.

Begirada altxa eta Orozko topatu genuen bertan, Itxinaren magalean, Arakaldo, Arrankudiaga eta Zollo, Okondo, Aiara, Amurrio, Artziniega eta Urduña, bide berari ekin nahi zioten hamaika ahizpa bertan ere. Ezen eta, pertsonek osatzen dituzten komunitateetan bezala, ondoko herriek ere ezaugarritzen dute norberarena...

Guk eskualdetasunean sinisten dugu, Aiaraldea osatzen duten giza-harreman horien indarrean, nortasunean, eta batez ere, etorkizun berri bat marrazteko grina kolektibo batean sinisten dugu... Laudiotik Soxogutira, Erbitik Zaloara eta Urduñatik Erretesera. Izan nahi dugulako izango baikara.

Proiektu berri bat dugu esku artean, eskualdekoa...” zurrumurrua hedatu eta ekin genion lehen harria jartzeari, euskaraz bizi eta arnastuko zuen eskualderako komunikazio proiektu bat egituratzeari, izan ere, erdara zen nagusi tokiko komunikabideetan; eta, ondorioz, informazioa jaso eta zabaltzeko hizkuntza ohituretan. Hala, kezkak eta ideiak partekatuta eman genituen lehen urrats haiek, sekretu eder bat gordetzen duenaren irrikaz egin ere.

Bakoitzak nahi zuen hori, bizigarri zitzaigun hori eta nahi genuen tamainan emanda, haziak landatzen hasi ginen: interneten abilak zirenak webgunea eraikitzen, argazkizaleak eskualdeko herrietako jarduerak eta jaiak irudi bidez jasotzen, informazioa ematen, jasotzen, kazetari hasiberri herabearen papera betetzen... ibiliaz bidea egiten. Eta ene! Zein ederrak izan ziren urte haiek.

Berde geundela genioen; 2010eko apirilaren 17an loratu ginen arte: egun hartan zabaldu zen aiaraldea.com ataria, Aiaraldea Komunikazio Leihoa, gerora puntu eus deitura hartu eta “Aiaraldea Gaur” izena hartu duena. Geroztik, 300 kolaboratzaile baino gehiago batu dira 30 lagun haiek hasitako bidera. Laudiora bezala, Urduña, Amurrio, Okondo, Artziniega, Aiara, Arrankudiaga-Zollo, Arakaldo eta Orozkora ere garraiatu dugu euskara albisteetan, argazki bildumetan, bideoetan, elkarrizketetan... Auzolanean, egiten dugun horretaz gozatzen.

 قد وجدتمون كل 15 یوما في محطة القطار أو الحافلة، نوزع من ید إلى ید تلك 40غ من الورق المكتوب بإوسكر ،لك أنت أینیسي، المھندسة، لك أنت روسا،ا لجدة التي تستیقظ باكرا من أجل أن ترافق أحفادھا إلى المدرسة . لك أنت كبا ، لك أنت فاطمة ، التلمیذة ،التي أدواتھا تحت إبطھا و الإبتسامة العریضة لا تفارق وجھھا .للباعا المتجولین ،للمنظفین،لأصحاب المقاھي و الحانات، و لكل محب بنتشو بوطي . یسعدنا أن نرى أن الإوسكرا لھا مكانھا الخاص بین الآلآف من الأشخاص الذین یفتحون ھذه الجریدة كل 15 یوما. أیارالدیا إمین. یسعدنا أن نرى أن الأشخاص الذین یدرسون الإوسكرا ا، أو .تقریبا نسوھا یستقبلون ھذه الجریدة من ید أطفالھم . یثلج قلبنا عندما نرى أن الإوسكرا في تقدم تصاعدي و مستمر

 

 Tren edo autobus geltokietan eskura eman dizkiogu hamabostean behin egunkari orritan bildutako 40 gramo euskara Ainize arkitektoari, biloba eskolara eramateko goizean goiz kalera doan Rosa amonari, kiosko zein okindegiko Kepa langileari, apunteak eta irribarrea beti besapean dituen Fatima ikasleari, kale saltzaile edota garbitzaileari, pintxo-poteen maitaleari eta tabernariari... Zer poza ematen digun ikusteak Aiaraldea Hemen egunkaria irekitzen duten milaka herritarraren bizitzan euskarak kabi txiki bat egiten duela aldiro, eskolako haurrak guraso euskaldun berriari periodikoa ematen diola, hizkuntzaren transmisioak abiadura hartzen duela...

Aquel pequeño proyecto ha crecido sin parar, hasta conseguir que el proyecto comunicativo más fuerte de la comarca sea el del euskera. ¡Quién nos lo iba a decir! Por que el nuestro no es un proyecto comercial al uso que surge del capital de las grandes empresas de comunicación. El nuestro, como todas las cosas que merecen la pena, es un proyecto alimentado día a día entre todas (en auzolan) y que tiene como combustible la ilusión de la gente de la comarca. Eso es lo que nos hace diferentes.

 

Durante estos siete años, hemos soñado y hemos vivido en euskera, hemos dibujado nuevos horizontes, y lo más importante; las personas que creemos en el futuro de nuestra lengua hemos creado una pequeña comunidad que no para de crecer a lo largo y ancho de la comarca. Así es; cada vez somos más las personas y agentes sociales que formamos parte de la plaza del euskera.

 

Eta herritarrek ereindako proiektua haziz joan da etengabe, eskualdean indar handiena duen komunikazio proiektua euskararena bihurtu arte. Ezen eta gurea ez da komunikazio enpresa handien kapitaletik sortutako proiektu komertzial bat, gurea, gauza eder guztiak bezala, herritarrek auzolanean eta bizipozez egituratutako proiektua da. Eta horrek egiten gaitu ezberdin.

Zazpi urteko ibilbideari esker, amestu ez ezik, euskaraz bizi izan gara, zeruertz berriak zirriborratu ditugu, eta denetan inportanteena dena, “bagarela nor” sinisten dugunok gero eta handiagoa den komunitate txiki bat osatu dugu, eskualde luze-zabalean. Eta egia da, geroz eta norbanako zein eragile gehiago elkartzen ari gara euskararen plaza eder honetan.

Proiektuan diharduten lagun guztiei esker ari gara osatzen Laudioko eta eskualdeko kultur, kirol eta herri bizitzaren artxiboa, historia gordetzen, harreman sare berriak loratzen, kultur aniztasuna jendarteratzen, genero ikuspegia areagotzen, eskualdeko sortzaileen lanak ezagutarazten, tokiko proiektu eraldatzaileen berri ematen, euskararen erabilera sustatzen... Laburbilduz, denon eskutik egindakoa denon eskura jartzen.

Auzolana, gure hizkuntzak ere merezi duen profesionalizazioarekin uztartu dugu azken urteetan, boluntarioen lanari soldatapeko langileena gehituta. Asko hazi gara bai, ia-ia bertigoa emateraino, azkar goazela entzuten dugu bazterretik, baina euskarak ez al du behar erdarek duten leku bera ala? Erreparatu zuen inguruari, gaztelaniak dena dauka, eta euskarak aldiz gu baino ez gaitu. Eman diezaiogun luzaz bizitzeko behar beste tresna eta arnas.

Elkarte txiki eta ezdeus hori zena hazi egin da bai, eta etorkizunari begira ere jarri gara, zeruertz berriak ezarri ditugu helburu, eta hauetara ailegatzeko tresna berriak egikaritu. Elkartea irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko kooperatiba bihurtu berri da orain, eta erronka zirraragarriei heltzeko gertu dago; bizitzaren esparru guztietan euskaraz bizitzeko hamaika egitasmo abiarazteko gertu. Ekintzen faktoria bat izango gara, Aiaraldea Ekintzen Faktoria.

Euskaratik eta euskaraz eraiki nahi ditugu eskualdean dauden kultura ezberdinen arteko zubiak. Euskaratik eta euskaraz eman nahi diogu buelta gizonezkoak emakumeak zapaltzera bultzatzen dituen harreman-sistemari. Euskaratik eta euskaraz garatu nahi ditugu harreman ekonomiko berriak eskualdeko herritarren artean, euskaratik kultura sortu, euskaratik desberdin hezi eta hazi, elikatu, bizi, maitatu, erlazionatu... Jendartea eraldatzeko norabidean jarri gara, euskarak, ondo bizitzeko, hobeto bizitzeko aukera eman diezagun luzaroan, modu horretan soilik, biziko baita hizkuntza etorkizunean ere.

Horretan gabiltza eta horretara goaz, bidean erortzeko beldurrik gabe. Jauzia ematera goaz, bai. Zuekin. Zuentzat.

Eta horrela ulertzen ditugu Laudioko Jaiak ere. “Euskaldunak Pirinioen bi aldeetan kanta eta dantza egiten duen herria” omen gara, eta aiaraldearrok eta laudioarrok ere hala nahi dugu bizitza ospatu; dantza eta kanta egin nahi dugu, euskaratik eta euskaraz, jendarte hobeago baten alde, gure komunitatearen alde, herritarren alde, eraldaketaren alde, emakumeen alde, baztertuen alde, askatasunaren alde, gure hizkuntzaren alde.

Fallou, Rocio, Andde, Gabriela, Arantza, David, Othman, Itziar, haurrak, gurasoak, gazteak, edadetuak... Denok gara gure historiaren protagonista. Lerro hauek lekuko, zuekin batera piztu nahi dugu jaien hasiera suziria, bagarela gai eta bagarela nor ospatzeko.

Hizkuntza guztiak direlako gureak, geure hizkuntza geurea baldin bada.

Todas la lenguas son nuestras, si la nuestra es verdaderamente nuestra.

ل اللغات هي لنا، مادامت لغتنا حقا في ملكنا

Todas as linguas son as nosas linguas, se a nosa é verdadeiramente nosa.

Toutes les langues sont les nôtres si notre langue est la nôtre.

All languages are ours, if our own language is ours.

Gora Laudioko Jaiak!

Gora Laudio eta Aiaraldea euskalduna!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide