Mercadonaren saltokiaren irekieraren aurka azaldu dira hainbat baserritar

Txabi Alvarado Bañares 2018ko ots. 13a, 12:12
Tresmarfil fabrika zegoen tokian jarri nahi dute Mercadonaren saltokia. / Aiaraldea.eus

Merkatal zentro handiek “suntsitzen duen enpleguaren erdia” baino sortzen ez dutela salatu dute, besteak beste.

Prentsa-oharra plazaratu dute Laudioko hainbat baserritarrek Mercadonak Laudion saltokia irekitzeko dituen asmoen inguruan. Hauek dira irakurketa horren sinatzaileak: Jon Lekanda, Nuria Moro, Mikel Urkijo, Zaira del Río, Ignacio Lopez, Juan Angel Lekanda, Jose Miguel Atxa eta Iñaki Urkixo.

Euren ustez, “epe laburkerian eta demagogian” kokatu da gaiari buruzko eztabaida. “Inork gutxi esan digu, esan nahi ez digutelako, distribuzio handiaren bitartez egiten diren salmenten prezioaren %60 banatzaile handiaren esku gelditzen dela. Hura izanik gainera prozesu osoan gastu gutxien pairatzen duena”, azaldu dute.

Horrez gain, baserritarrek azpimarratu dute merkatal zentro handiek “suntsitzen duen enpleguaren erdia” baino ez dutela sortzen, eta eratzen dituzten lanpostuak “oso kalitate gutxikoak” direla.

Udal talde politikoen jarrera salatu dute
Gauzak hala, Laudioko EAJ, PSE-EE, PP eta Talde Mistoaren jarrera salatu dute. “Hau da eskualderako pentsatua duten garapen eredua: gaurko ogi eskasa, biharko prekarietatea eta gosea”.

Horregatik, tokiko baserritar, kontsumo alternatiba eta merkatari txikien garrantzia nabarmendu dute, “eurak direlako herria bizirik mantentzen dutenak".

 

Irakurketa osoa:

Laudion Mercadona zentro baten litekezko zabaltzeak hautsak harrotu du, epe laburkerian eta demagogian kokatu egin da honen gaineko eztabaida.

Inork gutxi esan digu, esan nahi ez digutelako, distribuzio handiaren bitartez egiten den salmenta bakoitzaren prezioaren %60 a distributzaile handiaren esku gelditzen dela. Honek izanik gainera prozesu osoan gastu gutxien pairatzen duena.

Inork gutxi aipatu du, merkatal zentro handiek euren jarduerak suntsitzen duen enpleguaren erdia baino ez dutela sortzen, sortutako hau oso kalitate gutxikoa izanda. Ezbaian dagoen merkatal zentro handi hau bereziki ezaguna da euren langileei ezartzen dien lan baldintza prekarioak direla eta.

Hau da Laudioko PNV, PSOE, PP eta Talde Mistoa, Laudio eta eskualderako pentsatuta duten garapen eredua. Gaurko ogi, eskasa bada ere, biharko prekarietate gehiago eta gose.

Herritarrok gara azken finean gure kontsumo erabakien bitartez eredu bat ala bestea bultzatzeko eskumena dugunok. Herriak bizirik mantentzen dituztenak, aberastasunaren banatzearen orekatu baten alde egiten dituztenak, tokiko elikagaiaren alde egiten duten merkatari txikiak, auto-eraketan oinarritutako kontsumo alternatiboak eta tokiko baserritarrak dira.  

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide