Inbertsio plan handia aurkeztuko du udal-gobernuak, “udal-aurrekontuaren luzapena osatzeko”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko mai. 15a, 22:00
Jon Ander Altube eta Iñigo Martinez Cerrillo zinegotziak prentsaurrekoan. / Aiaraldea.eus

Inbertsio zehatzak (Altzarrateko antzokiarena edo Ugarteko plazarena, besteak beste) plazaratuko dituzte 2017ko aurrekontuaren luzapena osatzeko. EAJk gogor kritikatu du erabakia. Hilabete honetan egingo dute inbertsio-plan hori bozkatzeko udalbatza.

2017ko aurrekontuaren luzapenarekin funtzionatuko du aurten Laudioko Udalak. Hala jakinarazi du EH Bilduren udal-gobernuak. “Inbertsio-plan handi bat” aurkeztuko dute, aurrekontu-luzapena osatzeko. “Iazko likidazioa izan bezain laster aurkeztuko dugu proposamena”, aurreratu du Jon Ander Altubek. Zinegotziak aurreikusi duenez, hilabete honetan bertan egingo dute “inbertsio-zerrenda” hori bozkatzeko udalbatza.

Altubek aurreratu du “onarpen handia” duten inbertsioak aurkeztuko dituztela, Altzarrateko antzokiarena, San Martingo aldagelena edota Ugarteko plazarena kasu. “Asmoa izango da jada adostua dagoenarekin jarraitzeko beharrezko ditu partidak onartzea”, azaldu du Altubek. Horregatik, zinegotziak uste du “ia ezinezkoa” izango dela horien aurka bozkatzea. “Argi dugu gauzak egiteko garaian gaudela, ez gauzak esateko garaian”.

EAJren kritikak
Baina Laudioko Eusko Alderdi Jeltzalea ez dago ados udal-gobernuaren planteamenduarekin. Jeltzaleek gogor kritikatu dute EH Bilduren erabakia. “Erabateko kudeaketa eta aurreikuspen falta” izatea leporatu diote. “Eskutik ihes egin die kudeaketak, denbora gainera erori zaie”.

EH Bilduk “adarra jo” die posizioari eta herritarrei, EAJren aburuz. Jeltzaleek nabarmendu dute diru-partidetako asko EAJk txertatutakoak direla eta orain arte ez direla exekutatu. “Horregatik berriz bideratuko dituzte, gal ez daitezen”.

Lanpostu garrantzitsu batzuen ordezkapena aurreikusi ez izana ere leporatu diote udal-gobernuari. Kontu-hartzailearen figura jarri dute horren adibide gisa: “Gaur egun, kontuak egunean jartzeak sekulako kaosa dakar. Horregatik, orain, 2018aren erdian gauden arren, ez dakigu ezer iazko kontuen itxieraren inguruan”.

“Aldebakartasunez” jokatzea ere leporatu dio EAJk udal-gobernuari, oposizioarekin kontatu ez izana argudiatuta. Talde politikoak eta herritarrak “engainatu” dituztela salatu dute jeltzaleek, “laster 2018rako aurrekontu proposamen bat aurkeztuko zutela” esan zutelako.
“Biderik errazena hautatu dute, kontsentsurako klima egokirik ez zegoela argudiatuta eta arloetan ezer landu gabe”. Gauzak hala, egoera “onartezina” dela salatu dute jeltzaleek.

EAJren aburuz, hauek dira bideratuko diren diru-partidarik handienak:

  • *Altzarrateko aretoaren eraikitzea. 
  • *Nagusien etxe zaharraren berriketa.
  • *Ur-edangarriaren sarearen zati baten ordezkatzea eta estolderia-sarearen zati baten berritzea. 
  • *Ugarteko plaza osoaren berritzea.
  • *Ermualdeko aterpearen berritzea, ekipatzea eta bere kudeaketa esleitzeko pleguak erredaktatzea. 
  • *Latiorroko kirol-pista. 
  • *Abastos plazaren berriztatzea (irisgarritasuna, argiztapena, komunaren kokapenaren aldatzea...).
  • *Virgen del Carmen eta Nerbioi kaleen zolaketa. 
  • *Zubiko Etxearen barnealdearen hobekuntza (liburutegi eta ikasketa-gune gisa erabili ahal izateko).
  • *Kirol-azpiegituren berriztatzea eta egokitzapena: San Martineko aldagelak, tenis pistaren estaltzea...

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide