Lan hitzarmen proposamen berri bat eramango dute ELA, CCOO eta Independenteek Tubacexen langileen asanbladara

Txabi Alvarado Bañares 2018ko mai. 29a, 21:30
Mobilizazioetan parte hartu ez izana aurpegiratu die LABek ELA, CCOO eta Independenteei. / Aiaraldea.eus

LAB, STAT eta USOk proposamen horren aurkako botoa eskatu dute. Ostegunean egingo dute bozketa.

Lan hitzarmen proposamen berri bati abala eman diote ELA, CCOO eta Independenteek Tubacexen. Ostegun honetan -maiatzak 31- langileek aukera izango dute proposamen horren alde edo kontra bozkatzeko. Hiru sindikatuek azpimarratu dute oraindik ez dutela ezer sinatu enpresaren zuzendaritzarekin. Gauzak hala, osteguneko bozketaren ostean ebatziko dute proposamenarekin aurrera jarraitu edo ez.

LAB, STAT eta USO aurka
LAB, STAT eta USO sindikatuek oharrak plazaratu dituzte adierazteko balizko akordio horren aurka bozkatuko dutela ostegunean.

LABen aburuz, bi dira lan hitzarmen berri honek dituen hobekuntzak: 12 langile finko gehiago egitea eta txandakako lan kontratua urte bat gehiago handitzea. Baina proposamen berria aurrekoa baino txarragoa dela uste du LABek, urte bat gehiago egongo delako indarrean. “Akordio horrek bake soziala bermatzen du langileen egungo arazoak konpondu gabe”, adierazi du sindikatuak hedabideei helarazitako oharrean.

Mobilizazioetan ez parte hartzea eta zuzendaritzaren “laguntzaile” bihurtzea aurpegiratu die LABek proposamena aurkeztuko duten hiru sindikatuei. “Historia berriz errepikatzen ari da”, salatu dute.

STATek, bere aldetik, "langile guztien eskubideen alde" borrokan jarraitzeko energiak dituztela adierazi du eta hainbat puntu negoziatzeko beharra jarri du mahai gainean: aldi baterako langileak kontratatzeko irizpideak zehaztea, "egun arroxak" mugatzea, makinak matxuratzen badira langileak etxera bidaltzea galaraztea, opor jarraituak bermatzea eta aldizkako langileentzako eta promozioentzako soldata eskala bikoitza galaraztea, besteak beste. 

LSB-USOk, bere aldetik, hitzarmenean txertatu nahiko lituzkeen hobekuntzak azaldu ditu, gehienak enpresari kosterik ekarriko ez lioketela nabarmenduta. "Zuzendaritzak dio planteatzen duguna ez dela jasangarria, hamar kideren artean milioi bat euro baino gehiago banatzea, aldiz, bai", adierazi du sindikatuak, Administrazio Kontseiluko kideen soldatei erreferentzia eginez. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide