aiaraldea.eus

Klika Laudio!

Erabiltzailearen aurpegia Natxo Urkixo   Iritzia  Laudio

Korrikaren 21. edizio honetan, Txillardegi omendu nahi izan du aek-k. Egia esan, honelako omenaldia Txillardegik beste merezi duen jende gutxi etortzen zait burura.

Euskalakari izan gaitezen proposatu zigun aek-k 17.enean eta 19.enean gu guztiok euskahalduntzea izan zuen helburu.  Oraingoan aldiz, barnera begira para gaitezen eta gure baitan klika egiteko abagunea bila dezagun proposatu digu.

Txillardegiri berari ere zerbaitek egin zion klika erraietan, bihotzean ala buruan; nork daki. Eta euskal herritarra zelarik ganoraz bizi ahal izateko euskaldundu eta euskaraz bizi behar zela erabaki zuen. Hala egin zuen eta hala adierazi izan zuen beti bai hitzez eta bai ekintzez ere.

Nork bere unea eta klika bilatu behar ditu. Euskaraz biziko bagara, ahalegin kolektiboa egin behar da baina, zalantzarik gabe, norbanako bakoitzaren baitan zerbaitek egin behar du klika.

Balia dezagun 21. Korrika hau gure baitako klika topatzeko. Eta erne ibili!; Retak eta Narkuek eskaini diguten jotak dioen bezala:

Klik!
Egin ezazu klika
Badatorrela Korrika!
Ikimilikiliklika!

Hemen entzun daiteke jota hori:

Agur eta ohore Txillardegi, Igara, Usako, Harrizkibieta edo Larresoro… ,  Jose Luis azken finean. Adiskide eta lankide.

Gora hi!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa