aiaraldea.eus

Demokrazia zuzena ezarri zenean Laudion. Udal Kudeaketaren Alternatiba (1977-79)

Erabiltzailearen aurpegia Jon Martinez Larrea   Politika  Laudio

1977 eta 1979 urteen artean, Laudion, Udal Kudeaketaren Alternatiba garatu zen; mekanismo horren bitartez Udala auzoko asanbladen mesedetara jarri zen. Demokrazia zuzena aplikatzeaz gain, egoera urbanistiko kaotiko bati itzulia emateko gai izan ziren.

Demokrazia zuzena ezarri zenean Laudion. Udal Kudeaketaren Alternatiba (1977-79)
Pablo Gorostiaga, zinegotzi bezala, eta Isidro Murga, Familien Elkarteko lehendakari gisa, Alternatibaren sustatzaileen artean egon ziren. / Aiaraldea.eus | Ikusi handiago | Argazki originala

Laudiok izugarrizko hazkundea bizi izan zuen 1940 eta 1977 urteen artean eta, industrializazioari esker, bere populazioa 3.391 biztanleetatik 20.138etara pasatu zen. Horrekin batera, orografiak, espekulazioak eta udal utzikeriak egoera urbanistiko kaotiko bat utzi zuten. Egoeraren larritasunaren aurrean Laudioko Familien Elkartea eratu zen 1970ean. Hasieratik Udalaren jarduerak ikuskatu zituen eta, 1973an, tertzio familiarraren hauteskundeak baliatuta, hiru zinegotzi lortu zituen bertako udaletxean.

Francoren heriotzaren ostean, Familien Elkarteak herriko elkarteak koordinatu zituen, premia larriak konpontzeko eta Udalaren demokratizazioa eskatzeko. Giro horretan, zinegotzi kritikoen ekimenari esker, 1977ko urtarrilean udalbatzak “Udal Kudeaketaren Alternatiba” onartu zuen. Helburua argia zen: “La instauración de un auténtico poder popular que no pueda ser manipulado por determinadas opciones políticas de partido”.

Alternatibaren funtsa auzoko asanbladak sortzea izan zen, eta berehala auzoak antolatzen hasi ziren. Horretaz gain, lan batzordeak osatu ziren. Asanbladetan ordezkariak aukeratu zituzten Batzorde Mistoa eratzeko. Batzorde horretan udal erabakiak hartzen ziren, eta udalbatzak, hartutako erabakiak legalizatu besterik ez zuen egiten.

Lehenengo pausua premien inbentario bat egitea izan zen. Une horretan, hainbat behar azaleratu ziren: urbanizazioa, argiteria, espaloiak, zubiak, ekipamenduak, berdeguneak, haurtzaindegiak… Herriko beharrak aztertu eta gero, aparteko obren plana abian jarri zuen Foru Aldundiak laguntza ekonomikoarekin. Geroago ikerketa soziologiko bat egin zen, arazoak hobeto identifikatzeko eta hirigintza plan berri baten sustraia landatzeko.

Bi urtez demokrazia zuzen baten bidez herria gobernatu zen, auzoko asanbladak benetako botere exekutibo bihurtu baitziren. Oro har, 1.500 eta 2.000 pertsonen artean hartzen zuten parte hauetan. Hala ere, dena ez zen perfektua eta zenbait arazo egon ziren: herritarren inpazientzia, zinegotzi batzuen aurkako jarrera, EAJren kontrako kanpaina…

1979ko udal hauteskundeetan auzoko asanbladek Gure Aukera kandidatura sustatu zuten, HB, EE, EMK eta LKIren babesarekin. Alkatetza lortuta ere, gehiengo osoa ez zutenez, ezin izan zuten Alternatibarekin jarraitu.

Kontraesanaz kontraesan, bi urtez Laudioko herritarrak ahaldundu ziren eta erakutsi zuten gai zirela ordezkari frankistek utzitako egoera konpontzeko. Era berean, Laudioko esperientziak erakusten digu bazirela demokratizazio erradikalaren alternatibak goitik egindako erreformaren aurrean.

Artikulu hau ZuZeu.eus hedabidean plazaratu da eta Creative Commons lizentzia baliatuta ekarri dugu hona.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa