“LGTB+ mugimenduari bultzada emateko sortu dugu Laudion Harro”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko aza. 10a, 07:00
Laudion Harroko kideak dira Aiara Roman de la Torre eta Julen Anda Angulo. / Aiaraldea.eus

Laudion Harro LGTB+ talde sortu berriko kideak dira AIARA ROMAN DE LA TORRE (Laudio, 2004) ETA JULEN ANDA ARGULO (Laudio, 2001).  Kolektiboa sortzearen arrazoien eta esku artean dituzten proiektuen inguruan mintzatu dira.

Duela hilabete sortu zenuten Laudion Harro taldea. Zer dela eta?

Julen Anda Angulo: Laudion horrelako talde bat sortu behar zela ikusi genuen. Ez zegoen horrelakorik, eta LGTB+ mugimenduari bultzada emateko beharra ikusi genuen. Whatsappetik hitz egiten hasi ginen. Bilera bat egin genuen gero, taldea sortu eta beharrezko gauzak antolatzeko. Talde irekia da, Aiaraldeko pertsona orori zabaldua dagoena.

Eskualdeko mailako taldea da orduan?
J.A.A: Printzipioz Laudioko esparrura mugatuko dugu, baina Aiaraldeko herritar orori dago zabalik. Orain zortzi pertsona gaude taldean, Laudio, Urduña eta Orozkokoak.

Zer nolako ekimenak antolatuko dituzue?
J.A.A: Hilean behin biltzea da gure asmoa. Hitzaldiak antolatu nahi ditugu, Bilboko eta beste toki batzuetako jendearekin. Kultur Etxean egingo ditugu solasaldi horiek. LGTB+ kolektiboko kideak nola sentitzen garen eta ingurua nola ikusten dugun izango dugu hizpide.

Datorren urteko ekainean egun osoko egitaraua prestatuko dugu. Bi mobilizazio egingo ditugu, goizean bata eta arratsaldean bestea. Tailerrak eta bestelako ekintzak ere egingo ditugu egun horretan.

 

“Datorren urteko ekainean egun osoko egitaraua prestatuko dugu”



Eskualdean sortzen den lehen LGTB+ kolektiboa da zuena.

J.A.A: Bai, eskualean ez dago besterik. Instagramen bidez ikusi genuen beste herri batzuetan bazeudela horrelako taldeak. Hori ikusita animatu ginen pausoa ematera.

Aiara Roman de la Torre: Jende asko dago LGTB+ komunitatearen barruan, baina ez du esaten, lotsa ematen diolako. Orain taldea sortu dugula jendea animatzea gustatuko litzaiguke, beldurrik gabe.

Nola ikusten duzue eskualdeko egoera sexu aniztasunari dagokionez? Aurrerapausoak eman dira azken urteetan?

J.A.A: Aiaraldean oraindik badago pausoa ematera ausartzen ez den jendea. Talde honi esker baliteke horretara animatzea, gure laguntzarekin, beldurra albo batera utzita. Laudioko eskoletan susmatzen dugu ematen direla LGTB+ komunitatearen aurkako erasoak. Horiek ekidin nahi ditugu.

A.R.D: Eskolan ematen diren sexologia klaseetan askotan ez da aipatzen LGTB+ komunitatea ere existitzen dela. Ni txikia nintzenean ez nuen LGTB+ mugimenduari buruzko ezer ikasi. Orain apur bat gehiago sartzen ari dira, baina ez asko. Gustatuko litzaiguke gehiago esatea LGTB+ kolektiboko pertsonak ere pertsonak garela.

Gogoratzen dut DBHko 1. mailan nengoela sexologia klase bat eman zigutela. Homosexual, transexual eta bisexual terminoak irakatsi zizkiguten, baina askoz gehiago zeuden: bisexuala, pansexuala... termino horiek aipatu nituean arraro begiratu zidaten, eta asmatzen ari nintzela esan zidaten. Azaldu nuenean jendeak ez zuen sinesten, ez zutelako buruan ez zaizula zertan beti kontrako sexuko norbait gustatu behar. Pentsatzeko eta maitatzeko modu asko daude, eta errespetatu behar dira.

J.A.A: Batzuek onartzen dute, baina beste batzuek ez. Eskoletan oraindik sumatzen da indarkeria hori.

A.R.D: Hori bizitzen ari den pertsonaren azalean jartzea eskatuko nioke nik jendeari. Ume asko iraintzen eta zirikatzen dituzte sexu bereko pertsona bat gustoko izateagatik. Nik ezagutzen ditut pertsona transexualak, baina ez dute aditzera ematen, jendeak esango duenaren beldur direlako. Hori askotan gertatzen da.

 

“Ume asko iraintzen dituzte sexu bereko pertsona bat gustuko izateagatik. Ezagutzen ditugu pertsona transexualak, baina ez dute aditzera ematen, jendeak esango duenaren beldur direlako”



Zuen adineko jendearekin ere gertatzen da hori?

J.A.A: Bai, ikusi ditugu kasuak. Ikastetxeak gehiago inplikatu beharko lirateke horrelakoak ekiditeko.

Eta eskolatik kanpo, non ikusten dituzue horrelako gabeziak?

J.A.A: Kalean eta jaietan ere ikusi dira horrelako portaerak. Telebistan ere horrelako kasuak agertzen dira.Jendearen pentsamendua aldatu behar da. Horrez gain, udalek ere kanpaina gehiago egin beharko lituzkete herritarrak kontzientziatzeko.

Duela gutxi sortu da Harro, Euskal Herrietako TransMariBiBollo plataforma. Plataforma horren oinarriekin bat egiten duzue?

J.A.A: Bai, mugimendu horren alde gaude. Ez dugu onartzen Bilbon EPOAk (Harrotasun Egunaren antolatzaileen Europear Elkarteak) inposatu nahi izan duen ekimena.

Taldearen aurkezpenik egiteko asmoa duzue?

J.A.A: Oraindik ez dugu zehaztu, baina gustatuko litzaiguke egitea, taldera jende gehiago batu dadin.

A.R.D: Instagram kontua dugu jendea gurekin harremanetan jartzeko: @laudion_harro. 15-18 urte bitarteko gazteok osatzen dugu taldea, baina beste adin batzuetako pertsonak egotea ere gustatuko litzaiguke. Jende orok kontatu dezake gurekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide