aiaraldea.eus

Lamuza-Arraño naturagunea: Gibel belarra

Erabiltzailearen aurpegia Lamuza-Arrañoko Naturgunea   Ingurumena  Laudio
Lamuza-Arraño naturagunea: Gibel belarra

Lamuza Parkeak zuhaitz bilduma garrantzitsua barnebiltzen du. Arraño mendiko ipar magalean zabaltzen da eta, berezko landaretzarekin bat eginda, bioaniztasun handiko ingurunea osatzen du.

Negu epel eta siku joaten ari den honetan, normalean baino arinago agertu zaizkigu udaberriaren iragarpena egiten diguten loreak. Gure inguruan, udaberri lorea eta biolarekin batera, gibel belarra nabarmentzen da iragarle zeregin horretan. Azken espezie honek, gainera, gibel belarrak alegia, berezitasun bat agertzen du Arraño-Lamuza eremuan, orain arte leku bakar batean ikusi ahal izan baitugu. Eta urteroko hitzorduari huts egin gabe, lore ildo eratuak txoko berbera apainduko du, urtarril-apirila bitartean.

Baso giroko espeziea da; Europako edozein basotan topatuko dugu, artadi, harizti zein pagadietan. Kokapenaren arabera, hain zuzen ere, bere lore ederren kolorea moldatuko du: More-urdinxka giro epelenetan, eta zuriak heze eta hotzenetan. Arrañon, artadiaren orbain gerizpetsu batean agertzen da, endalarra, erratza eta enparauek lagunduta.

Balio etnobotaniko nabarmeneko espeziea dugu gibel belarra (Hepatica nobilis Schreb du izen zientifikoa eta bigarren bat ere hartzen du: Anemone hepatica). Sendabelar moduan bere erabileraren inguruko mezu kontrajarriak zabaldu izan dira, izenak gibelaren gaitzak sendatzeko dohainari erantzuten omen diola esaterako. Baina, antza, ez da horrela eta izenak hostoen formari erantzuten omen dio soilik, hiru lobulotako hostoek gibelaren forma gogoratzen baitute eta azpialde marroi-ilunak organo honen kolorea du.

Baina, kontuz, landare toxikoa da, gastroenteritis gogorrak eragiteko modukoa. Sendabelar kontuetan eta hostoak baliatuta, diuretiko eta antiinflamatorio propietateak egozten zaizkio, abdomen aldeko gaitzetarako, baita kanpoko zauriak orbaintzen laguntzeko ere. Egun, homeopatian oso erabilia omen da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa