Ezker Abertzaleko familia baten etxea tirokatzeagatik atxilotu zuten polizia nazional ohiak baimenik gabeko bederatzi arma, gerra materiala, ia lau kilo bolbora, 400 bala baino gehiago eta dozenaka arma erabilgaitz zituen etxean.
Polizia ohiak onartu zion Ertzaintzari berak egin zuela tiro eta agenteek legez kanpoko hainbat arma atzeman zizkioten etxean. Akusazio partikularrak 13 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatuko du armak eta lehergailuak gordetzeagatik eta kalteak eragiteagatik. Fiskaltzak, ordea, 7 urte eta erdiko espetxe zigor eskaera egin du gerra armak biltzeagatik.