Epaitegiak ez du onartu Sergio Tato Okondoko Alkatearen eskaera lanaldi osoko soldata berreskuratzeko

Erredakzioa 2017ko api. 19a, 12:54
Sergio Tato Okondoko alkatea.

Okondoko Udaleko oposizioak jakinarazi du epaitegiak ez duela onartu Sergio Tato alkatearen eskaera, epez kanpo egin duela argudiatuta. Hala ere, helegitea jartzeko aukera izango du eta alkateak berretsi du Epaitegi Gorenaren iritzia nahi duela, salaketaren muina ez baitu baloratu epaileak, bere ustez.

Okondoko udaleko oposizioko kide guztiek - EAJko Jose Angel Eguia, Begoña Rodriguez eta Alberto Muñozek, EH Bilduko Itziar Camino eta Mikel Cuestak eta Amaia Sadaba independenteak- oharra zabaldu dute plazaratzeko administrazioarekiko auzien epaitegiak ez duela aintzat hartu Sergio Tato alkatearen salaketa.

Alkateak eskatu zuen lanaldi osoko soldata berriro izatea, Udal Lege berria baliatuta eta lanaldi osoko ordutegia duela aldarrikatuta. Hala ere, epaileak ez du onartu eskaria, bere ustez, epez kanpo egin baitu. 2 hilabeteren buruan egin behar zuen, baina 5 hilabeteren ostean aurkeztu zuen.

Orain 15 lan egun izango ditu alkateak helegitea jartzeko Euskal Herriko Epaitegi Gorenean.

"Salaketaren muina"
Sergio Tatok adierazi du Epaitegi Gorenera jotzeko asmoa daukala, izan ere, bere aburuz, epailea ez da sartu salaketaren muinean, hau da, ebaztean ea benetan dagokion lanaldi osoko soldata. Okondo Aurrerako ordezkariak nahi du epaileen balorazioa  forma-akatsetik harago joatea eta horri buruz erabakitzea.

Alkatearen ustez, epe barruan egin zuen salaketa: "horretarako jakinarazpena aintzat hartu behar da, eta ez akordioaren data".

Bukatzeko, Sergio Tatoren iritziz, oposizioak ez du baloratu nahi bere eskubidea den soldata osoa kobratzea eta nahiago dute forma-akatsean geratzea.

Okondo Aurrera taldeak Sergio Tato babestu du. "Okondokoa izango da seguru aski lanaldi osoan lan eginda soldata erdia jasotzen duen Euskal Herriko alkate bakarra", adierazi du taldeak. 

"Harropuzkeria", oposizioaren ustetan
Oposizioko kideek leporatu diote alkateari modu harroputzean jokatzea eta akordioak lortzeko borondaterik ez izatea.

Gainera, adierazi dute Sergio Tatok 300 euroko kostak ordaindu beharko dituela. Bestalde, nabarmendu dute epaiketaren gainerako gastuak udalak bere gain hartu dituela, eta helegitea onartuko balute udalak kostu gehiago izango lituzkeela.

Erlazionatuak

Sergio Tato alkateak salaketa jarri du lanaldi osoko soldata izateko

Sergio Tato alkateak salaketa jarri du lanaldi 2017 ots 27 Okondo

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide