"Zaintzari eta dedikazioari lotua dagoen figura izaten jarraitzen du amarenak"

Txabi Alvarado Bañares 2016ko mai. 6a, 14:14

IXONE COLLADO URKIJO (Orozko, 1993) Gizarte Hezitzailea da, eta Master Amaierako Lana amaitu berri du, ezohiko gaia jorratuaz: ama izan nahi ez duten emakumeak.

Ama izan nahi ez duten emakumeei buruz egin duzu Master Amaierako Lana. Zer dela eta?

IXONE COLLADO URKIJO (Orozko, 1993) Gizarte Hezitzailea da, eta Master Amaierako Lana amaitu berri du, ezohiko gaia jorratuaz: ama izan nahi ez duten emakumeak.

Ama izan nahi ez duten emakumeei buruz egin duzu Master Amaierako Lana. Zer dela eta?

Genero ikuspegi batetik amatasunak bereziko garrantzia duen fenomenoa da, historikoki garrantzia izan duena. Kontuan hartuta emakumeei konkretuki gertatzen zaien eta bizi duten fenomenoa dela, molde batzuk finkatu egin dira amatasunaren inguruan eta molde horietatik kanpo geratzen den edozer (ama ez izatea edo amatasuna beste modu batera bizitzea) gizarteagatik zigortua izaten da. Ama izate horrek, ama izatearen ideologia horretan, hainbat gauza ezartzen ditu emakumeen bizitzan: pribatutasunak, zelan portatu, zelan bizi amatasuna... amatasunaren idealizazioa, funtsean.

Ideia horretatik abiatuta, nola osatu duzu lana?

Lana lehen aipatutako molde horietatik irteten diren emakumeei buruzkoa zen berez, eta konkretuki jorratu izan dudan gaia da ama izan nahi ez duten emakumeek jasan behar izaten dituzten zigor eta presioak. Hori ikertzeak erronka bat suposatu du. Asko landu da emakumeek amatasuna nola bizi duten. Baina ama ez diren emakumeen afera ez da asko landu. Hori dela eta, lehenbiziko pausoa izan zen ulertzea amatasunak berak zer suposatzen duen eta zigor eta presioen definizioa gorpuztea.

Dokumentazio lan horretan, liburuak eta emakumezko zenbait autoreren lanak kontsultatzeaz gain, “NotMon” fenomenoa ere jarraitu izan dut. Ingelesetik datorren terminoa da: “Not mothers”. Definizio horren barnean emakume ospetsu asko azaldu dira. Cameron Diaz aktoreak, adibidez, adierazi izan du sekulako bizitza duela ama ez izateko hautua hartu zuelako.

Fenomeno hori jarraitzea ere garrantzitsua izan da ikusteko zelan sortzen diren publikotasunetik hautu hori hartzen duten emakumeen aurkako presio eta indarkeriak. Ondorio moduan ikusi daiteke baita emakumeek ugalketa garaian bi bideren artean aukeratu behar dutela: edo ama izan eta bizitzako beste arlo batzuetatik pribatu edo ama ez izan eta euren bizitza eraiki.

 

[video:https://www.youtube.com/watch?v=u8TKGAIvD7I]

 

Zein iturri kontsultatu dituzu?

Zenbait emakumeren kasuak kontsultatu ditut, Aiaraldetik kanpokoak. Baina EAEko datuen tendentzia argia da, eta Aiaraldea ez da salbuespena zentsu horretan. 1975etik 2015ra bitarteko tartea kontuan hartuta, orain da unea zeinetan jaiotza tasarik baxuenak ematen ari diren. Hau da, “anti-natura” bezala kontsideratua izan den fenomeno hori geroz eta garrantzi gehiago ari da hartzen, belaunaldi berriek beste modua batera hasi direlako amatasuna ulertzen.

 

“Emakumeek geroz eta seme-alaba gutxiago ari dira izaten, eta geroz eta nagusiago direnean gainera”

 

Familia eredu berriak sortu dira, eta eredu horien baitan amatasuna edo seme-alabak izatea ez dago beti presente. Horrek kolokan jartzen du amatasunaren fenomeno hori guzti hori.

Laudio eta Amurriori erreparatuz gero, ikusi ahalko dugu lau alditan jaitsi dela jaiotza-tasa. Orozko eta Urduñaren kasuan, berriz, birritan. Horrek suposatzen du oso denbora laburrean oso zatiketa handia eman dela, eta kolokan jartzen du baita emakumeei ezarri zaien ama izatearen eta zaintzaren funtzioa.

Amatasuna bizitzeko modu berriak ere agertu dira?

Orain badaude erditzeko edo zaintzeko modu berriak, adibidez. Naturaltasunaren eta etxean erditzearen aldeko mugimendu sendo bat sortu da. Baina ez da berdina gertatu amatasunaren fenomenoarekin.

 

“Amatasuna trinko mantentzen da oraindik, eta zaintzan eta dedikazioan oinarritua egoten jarraitzen du”

 

Hori argi ikusten da datuen bidez. Lan munduko eszedentzia datuak ikusten baditugu, ikusi daiteke kasuen % 97an emakumeek hartzen dutela eszedentzia umeak izaterakoan, gizonezkoenak kasuen % 3 baino ez diren bitartean. Hor argi ikusten da seme-alabak izaterako orduan emakumeak direla euren lan-bizitzan sakrifizioa egingo dutenak eta zaintza eta pribatutasunera gehiago mugituko direnak. Oinarri horretan topatzen dugu amatasunaren funtsa: zaintza lan horiek egiteari uko eginez gero, zigorrak ere alde horretatik etorriko dira.

Zer motatako zigor eta presioak dira aipatutako horiek?

Indarkeriaren kontzeptu handi horren barnean presioek indarkeria sinboliko bati erantzuten diote batez ere.

 

“Gure instituzio hurbilenetan topatu daitezke presio horiek: familia eta lagunak”

 

Familian, adibidez, etengabe galdetzen zaie emakumeei noiz duten haurdun geratzeko asmoa, eta ‘ugalketa garaia’ pasatzen ari zaiela ohartarazten zaie. Lagunartean ere ematen dira halakoak. Lagun guztiek seme-alabak izatea presio handia da umerik izan nahi ez duenarentzat.

Hor argi ikusten da ugalketa garaian ama izan edo ez izatearen artean ebazten dela emakumeen identitatea. Horrek zuzenean kontrastatzen du gizonen identitatearen eraikuntzarekin, euren sexutik eraikitzen baitute euren identitatea, eta berebiziko talka bat sortzen du horrek.

Lana aurkeztear zaude. Behin ukatuta, zer egiteko asmoa duzu ikertutakoarekin?

Amatasunaren fenomenoan sakontzea gustatuko litzaidake, eta horri buruzko artikuluren bat idaztea. Orain ari dira genero perspektiba aintzat hartzen duten zenbait kongresu sortzen, eta hor lekua topatzea aukera polita izango litzateke.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide