aiaraldea.eus

141 familiek materia organikoko 11.773 kilo birziklatu zituzten iaz

Erabiltzailearen aurpegia Orozkoko Udala   Ingurumena  Orozko

Ia 4 urte igaro dira Orozkon 5. edukiontzi marroia lehenengoz instalatu zenetik -materia organikoa kudeatzera bideratuta dagoena-, eta herrian dagoeneko 141 familia daude kanpainan murgilduta. Pertsona horiek birziklatzearen alde egiten duten lanari esker, 2017 urtean lortu da materia organikoko 11.773 kg jasotzea herriko hainbat puntutan kokatuta dauden 7 edukiontzien bitartez.

141 familiek materia organikoko 11.773 kilo birziklatu zituzten iaz
Birziklatzeko erabili behar diren poltsa konpostagarriak. / Orozkoko Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Eskualdeko Udaltalde 21 ekimenarekin batera egiten du Orozkok kanpaina. Dagokion tratamenduaren ostean, hondakinekin konposta egiten da lorategi eta ortu publikoetan erabiltzeko.

Soilik poltsa konpostagarriak
Hala ere, azpimarratzekoa da oraindik konpostagarriak ez diren poltsak sartu izan direla modu desegokian edukiontzi marroietan. Horiek soilik materia organikoa jaso eta kudeatzera bideratuta daude, hau da: barazkiak, fruta, fruitu lehorrak, zerealak, infusio-poltsak, kafe-hondarrak, botiletako kortxoak, kimatze-hondarrak edota belarra.

Patataren fekularekin egindako poltsa konpostagarriak bakarrik erabili daitezke, konpostaje prozesua arrakastatsua izan dadin.

Horiek doan eskuratu daitezke udaletxean, non kanpainan parte hartzeko izen ematea ere egin daitekeen. Horrekin batera birziklapena egiteko kit-a jasotzen da doan: edukiontzia zabaltzeko giltza, poltsa konpostagarriak eta ontzi berezia. Ekoizle handiek ere, tabernak edo dendak kasu, izena emateko aukera dute konposta@ut21.org e-posta helbidean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa