HAUTESKUNDE KANPAINA

Zaintza erdigunean jartzeko aldarrikapena eraman zuen EH Bilduk Okondora

EH Bilduk solasaldia eskaini zuen atzo Okondoko frontoian eta Irati Mendiguren, Eba Blanco eta Ainhize Solaun koalizioko ordezkariek hartu zuten hitza zaintzen garrantzia goraipatzeko, besteak beste.

Atzo 19:00etan ekitaldi politikoa egin zuen EH Bilduk Okondoko frontoian eta solasaldiaren eredua erabili zuen. Zehazki, Arabako Legebiltzarrerako bi zerrendakidek parte hartu zuten, Eba Blancok eta Irati Mendigurenek, eta Arabako Batzar Nagusiko ordezkaria den Ainhize Solaunek.

Irati Mendigurenek plazaratu zituen eztabaidagaiak eta Eba Blancok zein Ainhize Solaunek azaldu zituzten koalizioaren proposamenak hauteskundeei begira. Covid-19ko krisialdia izan zen ardatzetako bat. Zehazki, Eba Blancoren ustez, pandemiak agerian utzi du "Urkullu ez dela kudeatzaile ona, jende ugarik sufritu baitu".

Zentzu horretan, Ainhize Solaunek aldarrikatu zuen lehentasun osoa eman behar zaiola zaintzari. Ez bakarrik lehen lerroan egon den osasun sistemari, baizik eta zaintzaileei: "Ia guztiak emakumeak dira eta prekarietatea pairatzen dute. Horrez gain, lanetik etxera itzultzen direnean, zaintza ardurak euren gain erortzen dira, oro har".

Hain zuzen, gazteria eta prekarietatea izan zen Solaunek landutako beste gai garrantzitsua. Bere ustez, Aiaraldea Zainduz bezalako sareek erakutsi dute gazteen konpromisoa eta inplikazioa eskualdearen ongizatea lortzeko, baina batzarkidearen aburuz, gazteek euren arazoak ere badituzte: "industria gero eta gutxiago dago, erregulazio espedienteak ugaritu dira eta etxebizitza eskuratzea ez da erraza. Alokairuak daukan prezioa dela medio, gazteoi komenigarriagoa zaigu etxebizitza erostea, merkeagoa baita. Alokairurako sistema publikoa sortzeko beharra dago".

Azkenik, Eba Blancok aldarrikatu zuen EAJ eta PSE-EEren gehiengoa ekidin behar dela, tartea dagoelako, eta EH Bilduk proposatutako 100 proposamenak aldarrikatu zituen; "Osakidetzako 1. arreta indartzeko, industria politikak sustatzeko, tokiko merkataritza laguntzeko, autonomoek euren pertsianak ez ditzaten jaitsi edota hezkuntza sistema publikoa sendotzeko".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide