aiaraldea.eus

Ikerketa batek agerian utzi du Urduñako kontzentrazio-esparruaren historia beldurgarria

Erabiltzailearen aurpegia Haizea Ginea Aginako   Historia  Urduña

Joseba Egiguren kazetariak ikerketa bat egin du Urduñan egondako kontzentrazio-esparruaren inguruan. Jatorriz laudioarra bada ere, egun, Urduñan bizi da eta bere iritziz, “orain arte ezer gutxi jakin izan den arren, kontzentrazio-esparruaren inguruan gertatutakoa Urduñan XX. mendeko gertaerarik mingarriena izan zen”.

Joseba Egiguren kazetariak ikerketa bat egin du Urduñan egondako kontzentrazio-esparruaren inguruan. Jatorriz laudioarra bada ere, egun, Urduñan bizi da eta bere iritziz, “orain arte ezer gutxi jakin izan den arren, kontzentrazio-esparruaren inguruan gertatutakoa Urduñan XX. mendeko gertaerarik mingarriena izan zen”.

Ikerketa independentea izan da erabat, eta ez du inolako laguntza publikorik zein pribaturik izan. Mendearen hiru laurdenetan isilpean egon den historia honen xehetasunak aurten argitaratuko dira liburu batean; hala ere, lehendabiziko datuak argitaratuak izan dira dagoeneko, eta guk honela bildu nahi izan ditugu:

50.000 gerra-preso errepublikar giltzapetuak izan ziren, egoera deitoragarrian, 1937tik 1939ra bitartean Francok Urduñan ireki zuen kontzentrazio-esparruan.

Ikerketaren arabera, preso gehienak Eusko Gudarosteko gudariak eta borrokalari antifaxista kataluniarrak izan ziren. Halere, armarik hartu ez zuten zibilak, nerabeak eta agureak ere izan ziren bertan. Denak gizonezkoak.

Urduñako kontzentrazio-esparrua jesuiten antzinako ikastetxean ireki zen eta Bizkaia, Aragoi eta Kataluniako fronteetan indar frankistek preso egindako errepublikarrak atxilotu, sailkatu eta berriz “heztea zituen helburu.

Presoak lan publiko zein pribatuetan lan egitera behartu zituzten, esklabo lana osatzen. Eta hori gutxi balitz, gosea, hotza, makurrarazteak … jasan behar izan zituzten, baita presoak kolpeka hiltzen zituzten zaindarien neurrigabeko basakeria ere.

Datu ofizialek 24 heriotza izan zirela diote, “baina dudarik gabe – dio ikerketaren egileak – gehiago izan ziren inon agertzen ez badira ere”. Hildakoen gorpuak Urduñako hilerrian lurperatu zituzten ezelako hilarririk edo oroigarririk gabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa