Adingabeak iritzi-publikoaren jomugan: Urduñako zentroa histeriaren zentroan

Aitor Aspuru Saez 2018ko ots. 15a, 08:00
Adingabe atzerritarrak dira iritzi publikoaren mikroskopioaren azpian daudenak, bereziki. Argazkiak: Jose Palazón eta Pedro Armestre -Save the children-

Azken hilabeteetan adin txikikoak jarri dituzte hedabideen eta sare sozialen erdigunean. Santo Tomaseko eta Otxarkoagako gertakariak pizgarriak izan badira ere, zurrumurru ugari zabaldu dira eskualdean horien aurretik, Urduñako Adingabeentzako Zentroa dela eta, batik bat. Bertako gazteen eta herritarren arteko talkek kezka sortu dute eskualdean.

Beldur bat somatzen da egun hauetan gizartean: adingabeena. Eta denak klasearekin eta arrazarekin zerikusia duenez, adingabe atzerritarrak dira mikroskopioaren azpian daudenak, bereziki.  Eskualdean bistakoa izan da egoera Urduñako zentroan daudenekin.

Sare sozialetan hainbat mezu zabaldu dira "arriskuaz" ohartarazten, baina gutxitan aipatu da zein den euren egoera. Izan ere, zer espero du jendarteak adingabe horiez? Eta zer nolako bitartekoak daude helburu horiek betetzeko?

Urduñako zentroa, gainezka
Teoriak esaten digu Bizkaiko Foru Aldundiaren betebeharra dela bermatzea adingabeen ongizatea eta bizitza duina, ez eskuzabaltasunagatik, Nazioarteko Legediak eta hitzarmenek hala esaten dutelako baizik. “Adingabeek eskubideak dituzte, edozein estatutan egonda ere”, azaldu du Mikel Bilbao artziniegarrak. Berak Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren elkartasun karabanan parte hartu zuen udan.

Bidaia horretan Melillan egon zen, eta aurrez aurre izan zuen gazte magrebtarren egoera: “200 toki dauden zentroetan 600 adin txikiko sartzen dituzte. Oheak daude nonahi eta partekatu behar dituzte. Hezitzaile gutxi daude eta, adibidez, itzultzaile bakarra dute. Jasanezina da. Edonola ere, erdigunean jarri behar da zaintzaren prekarizazioa gazte horien bizi baldintzak ulertzeko. Zentroak pribatizatzen dituztenez Espainian, bitartekoak gero eta urriagoak dira”.

 

Urduñako zentroko adingabeei behar bezalako arreta eskaintzeko baliabide nahikorik ez dagoela diote hezitzaileek

 

Bizkaian pribatuak ez badira ere, nolakoak dira zentroak? Urduñako Adingabeentzako Zentroa ireki zuten udan. Bizkaian guraso edo seniderik gabeko gazte etorkinak 480 inguru ziren 2017an eta foru azpiegiturak ez ziren nahikoak. Horren ondorioz, Urduñan daukan eraikin bat baliatu zuen aldundiak.

Zentroan ibilitako langile batek ez du argazki oso itxaropentsua egiten bertako egoerari buruz: “Zornotzako aterpea erre zenean 64 gazte zeuden Urduñan, eta 28 gehiago heldu ziren. 6 hezitzaile zeuden txanda bakoitzeko eta bitartekoak ez ziren neurri berean indartu, bi edo hiru gehiago etorri ziren”.

Horrela, ordea, hezitzaileek ez dute gazteekin lan egiteko paradarik: “ez dago denborarik adingabeak gizarteratzeko, gehiegi dira, ez dago modurik bakoitzari jarraipena egiteko”.

Gauzak hala, pilatuta eta erreferente barik, giroa ez da batere aproposa: “adin eta jatorri oso ezberdinetako umeak daude elkarrekin leku berean  eta indarkeria oso ohikoa da. Ume txikienek gogortu  behar izaten dute nagusiekin egon eta bizirauteko. Jakina, eguneroko harremanetan agintzen duen biolentzia hori islatzen da zentrotik ateratzen direnean”.

Horren aurrean, bi gako azaleratzen dira. Alde batetik, adingabeen zentroetan hazi den Sefao Ammari gazteak nabarmentzen duena: oso zaila dela adingabeak gizarte berrira egokitzea baldin eta jatorriaren arabera elkartzen badituzte. Hori dela eta, aparteko kolektiboa sortzeak ez dirudi integraziorako bide onena denik.

Bestalde, adingabeen inguruko begirada ere oso garrantzitsua da. Izan ere, bistakoa da euskal gizartea gero eta zaharkituagoa dagoela eta hemen jaiotakook ez dugula pentsioen sistema mantenduko. Hala ere, askok uste dute kanpotik etortzen diren gazteekin bitartekoak xahutzen direla, karidade ariketa bailitzan, bizilagun horiek gizartea bera jasangarri egiteko aukera bezala ikusi beharrean.  

Ammarik argi dio: “Lan egiten dut, eta zergen bidez itzultzen ari naiz nigan inbertitu zuten dirua”. Hori bai, aurretik errekurtsoak jarri ezean, ez da etorkizunik egongo gazte horientzat.

 

18 urte betetzen dituzten gazteak zentrotik joan behar izaten dira eta asko dira kalean biziraun behar izaten dutenak

 

18 urterekin, kalera
Berez, asko aipatzen da adingabeen afera, baina zer gertatzen da 18 urte betetzen dituztenean? Bilbon lan egiten duen hezitzaile batek azaldu digu: “18 urterekin kalera doaz”. Hezitzaileak ibilbide arruntena deskribatu du: “Urduñan ez dutenez aukerarik lan prekariorik egiteko: txatarra jasotzeko edo publizitatea banatzeko, esaterako, hiriburuetara jotzen dute. Gasteizen, Donostian edo Bilbon gero eta gazte gehiago ari dira kalean bizitzen, abandonatutako eraikinetan”.

Egia da 3 hilabeteko harremana erakutsiz gero hiriarekin, aterpe batean lo egiteko parada izan dezaketela, baina leku horiek ere gainezka daude eta, oro har, ez dago plazarik. Hezitzaileak nabarmendu du egoera ez dela salbuespena: gizarte zerbitzuak kolapsatuta daude.



Erronka konplexua
Aurreiritzi idilikoetatik at, argi dago kulturartekotasuna ez dela bide samurra eta erraza. Kosmopolitismo Manu-Chaozaleak itsututa daudenak kenduta, edonork sumatu dezake erronka konplexua dela. Hala ere, XXI. mendean kulturartekotasuna ez da aukera bat: euskal gizartean hainbat komunitate daude eta elkarbizitza errealitatea da, ona edo txarra izan.

Halaber, nazioarteko migrazioa fenomeno berria bada ere, ez da, inondik inora, ezezaguna. Gogora dezagun Aiaraldea industriagunea bilakatu zenean, kanpoko hainbat jende etorri zela hona -nire aiton-amona batzuk, adibidez-. Horrek talka sortu zuen,  “maketo” edo “coreano” bezalako hitzak arrunt bilakatuz.

Ibilbide gogorra izan bazen ere eta nagusien artean zenbait orbain guztiz itxi ez diren arren, egun etorkin horien seme-alabak eta bilobak ezin gara ezberdindu gainerako herritarren artetik. Dudarik gabe, hurrengo helburua da 50 urte barru gauza bera ez esatea egungo etorkinei buruz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide