Zaintzen III. Foroa egingo du Amurrioko Emakumeon* Sareak, Udalarekin abiatutako negoziazio mahaia ardatz

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko mai. 13a, 07:00

Udalak luzatutako proposamena izango dute eztabaidagai Zaintzen III. Foroan. / Aiaraldea.eus

Zaintzen III. Foroa antolatuko du Amurrioko Emakumeon* Sareak maiatzaren 31n. Greba Feminista Orokorraren ostean, Udalarekin zabaldutako zaintza baliabideen inguruko negoziazio mahaitik jasotako lehen proposamenak izango dituzte eztabaidagai.

Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorreko aldarrikapenak ekintzetara lurreratzeko ahaleginean dabil Amurrioko Emakumeon* Sarea azken hilabeteetan. Bide horretan, Amurrioko Udalarekin zaintzen inguruko negoziazio mahaia zabaltzea lortu dute, eta bertatik jasotako lehen fruituak izango dituzte eztabaidagai nagusi maiatzaren 31n egingo duten Zaintzen III. Foroan.

Udalerriko zaintza baliabideak aztergai

Emakume sarearen ahaleginari esker, Amurrioko Udalak konpromisoa hartu du udalerriko zaintzarako baliabideen gaineko plan bat plazaratzeko. Honezkero, jaso dute lehen proposamena, "oraindik zehaztasun gutxi dituen arren". Plan horretan, zaintzarako baliabideen eta zaintza sektorearen gaineko diagnostikoa osatu eta bitartekoak indartzeko neurriak proposatuko ditu tokiko erakundeak, beti ere Amurrioko Emakumeon* Sarearen gidaritza eta oniritziarekin.

Zaintzarako Amurrion dauden baliabideak publifikatzea eta bertako langileen egoera duintzea ditu lan lerro eta kezka nagusi Amurrioko Emakumeon* Sareak: “Gure ustez, erabat feminizatua dagoen sektorea duintzeko, bertako lan-baldintzak hobetzeko eta erabiltzaileek jasotzen duten arretaren kalitatea bermatzeko publifikazioa da estrategia eraginkor bakarra”.

Hain zuzen ere, etxebizitza-komunitario bat eta Eguneko Arretarako Landa Zentroa dira baliabide horiek. Azpiegiturak Udalarenak dira, baina kudeaketa pribatua da. “Eskatzen dugun lehenengo gauza zera da: baliabide horien kudeaketarako lizitazioa sortzen dutenean, lan-baldintzen gainean fokua jartzea eta baldintza onak exijitzea”.

Zaintzen III. Foroa

Udalaren partetik jasotako planaren lehen zirriborroaren gainean begirada zorroztea eta ekarpenak egitea izango da hilaren 31n egingo duten Zaintzen III. Foroaren helburu nagusia. Guk pasealekuan jarri dute eztabaidarako hitzordua, 18:00etan. 

Modu horretan, jarraipena emango diete azken urteetan egindako gainerako bi foroei. Topaketen aurreko edizioetan testigantzei eman diete garrantzia, eta honako honetan zaintzarako baliabideetan jarri nahi dute arreta. "Forora hurbiltzen diren emakume guztiekin zirriborroa landu eta proposamen zehatzak jasotzea da asmoa", Maddalen Muguruza sareko kidearen hitzetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide