Martxoaren 3an hasi eta apirilaren 7an bukatuko da aurtengo Laburbira, Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen euskarazko film laburren zirkuitua. Laburbiraren helburu nagusiak euskarazko film laburrak eta haien egileak ezagutaraztea da, ikusleek hauek ezagutu eta beraiekin gozatzeko aukera emanez.
Denbora tarte horretan, Euskal Herriko eta atzerriko 32 herri eta hiri zeharkatuko ditu. Hamalaugarren edizio honek Aiaraldea ere bisitatuko du. Emanaldia egongo da Arespalditzan ostiralean (martxoak 17). Udaletxeko aretoan izango da zita, 19:30ean, Hogeitalau euskara elkartearen eskutik.
Aurtengo ediziora aurkeztutako hogeita bi lanetatik elkarren artean oso desberdinak diren zazpi film labur aukeratu dituzte antolatzaileek: Oier Fuentesen Azken Saskia, Ageda kopla taldearen Beti bezperako koplak, Alejandro Diaz Castañoren Ihesa, Ibon Izaren Elemakarrak, Eki Pagoagaren Jalgi, UDA Filmsen 280º eta Kepa Sojoren Hileta. Gainera, EUSPOT lehiaketako spot onenak ikusteko aukera ere izango da film laburrekin batera.