Hedabidea

2010eko apirilaren 17an jaio zen Aiaraldea hedabidea eskualdean euskarari bultzada emateko, komunikazio ohituretan euskal hizkuntza indartzeko hamarnaka boluntarioren gogo eta lana dela medio: Ruben Ibañez, Lucia Menoyo, Cristian Alemany, Angela Rico, Mikel Ayllon,Irati Mendiguren, Aitor Fernandez de Pinedo...

Ordura arte zegoen hutsunea betetzeko sortu zuten tokiko euskara hutsezko lehen hedabide digitala: aiaraldea.com. Hala, Laudiorekin batera, Urduña, Amurrio, Artziniega, Aiara, Okondo, Orozko, Arakaldo eta Arrankudiaga-Zolloko gertaerak jasotzeari ekin zioten; Laudioko eta inguruko ekitaldiak albiste, bideo zein argazkitan jasotzen, besteak beste. Euskaraz komunikatzeko tresnak sortzeagatik izango da Aiaraldea hedabidea aurten pregoilari, herritarrak euskarara erakartzeko egindako lanagatik.

Zazpi urteko ibilbidean eskualdeko 30 boluntarioren izerdi tantak uholde bilakatu dira; gaur egun 300 lagunetik gora baitira Aiaraldea hedabidearen egunerokoaren parte. 2012an jarri zuten abian Aiaraldea Irratia Uhinak irratiarekin elkarlanean; interneten ere entzun zitekeen, egun egitasmoa etenda badago ere. Urtebete beranduago eman zuten hurrengo jauzia, 2013an, edizio digitalaz gain (www.aiaraldea.eus webgunea) norbanako, elkarte zein bestelako eragileengan euskara sustatzeko tresna berria eskainiz: “Komunitatearen plaza”, blogen txokoa. Urte horretan aurkeztu zuten Aiaraldea Egunkaria ere, eskualdeko lehen aldizkaria, 10.000 aleko argitalpena, hain zuzen. Laudioko ikasleen familia guztietara iristen da hamabostekaria, ikastetxeekin abiatutako elkarlanaren bidez; eta banatzaile boluntario edota bazkideen laguntzari esker, garraio publikoetara, komertzioetara eta espazio publiko orotara. Ildo beretik, komunikazio ohiturak aldatu direnez, telefono mugikorretarako aplikazioa sareratu zuten 2013an: Iphone eta Android gailuetarako “Aiaraldea” aplikazioa.

Halaber, euskarazko komunikazioa erakargarri bihurtzeko makina bat ikastaro eta tailer gauzatu dituzte urte guzti hauetan, adinaren arabera dinamika ezberdinak eskainiz: ikastetxeetako multimedia rallyak, kazetaritza tailerrak, euskarazko mugikor aplikazioen ikastaroak... 2016an aurkeztu zuten elkarteentzako komunikazio gida, euskararen paisaia linguistikoa hedatze aldera.

Urterik urte, teknologia berriak jarri dituzte herritarren eskura, edukiak euskaraz sortu eta kontsumitzeko joera biderkatuz. Horren adibide da kolaboratzaile sare anitza, iritzi zutabeen kasu: Txema Urkijo, Txani Rodrigez, Julen Arzuaga, Esti Urresola, Norberto Aldaiturriaga, Carmelina Calavia...

Komunikabidean diharduten lagun guztiei esker ari da osatzen komunikabidea kultur, kirol eta herri bizitzaren artxiboa, tokiko historia gordetzen, kultur aniztasuna jendarteratzen, genero ikuspegia areagotzen, sortzaileen lanak ezagutarazten, tokiko proiektuen berri (elikadura burujabetza kasu), euskararen erabilera sustatzen... Laburbilduz, denon eskutik egindakoa, denon eskura jartzen.