Bi gizonezko atxilotu zituen atzo Laudioko Ertzaintzak, Aiarako hezkuntza zentro batean lapurtzen saiatzea egotzita. Poliziek eskola barruan topatu zituzten bi pertsonak, kobrezko hodi bat erauzten. Ihes egiten saiatu ziren, baina harrapatu egin zituzten. Zizalla eta marraza bana topatu zituzten euren autoan.
Herritar batek eman zuen abisua
Emakumezko batek eman zuen abisua. Ikastetxe albotik paseatzen zegoen, eraikinaren barrutik zetozen zarata batzuk entzun zituenean. Eskola oporrengatik itxita zegoenez, lapurrak izan zitezkeela pentsatu zuen herritarrak, eta orduan deitu zien poliziei.
Atxilotuek 35 eta 36 urte dituzte. Aurrekari polizialak dituzte biek. Ertzaintza aztertzen ari da ea bi pertsona horiek lapurreta gehiagotan parte hartu duten. Izan ere, honakoa ez da hezkuntza zentro horretan jazo den lehen kobre lapurreta.