Astelehenean izango da Arespalditzako San Isidro Azokaren 41. edizioa, “udalerriko baserritarren jarduna eta landa-eremua balioan jartzeko helburuarekin”. Merkatuarekin emango zaio hasiera egunari, 9:30etik aurrera. Eskualdeko abeltzainen zaldi, asto, ahuntz eta ardiak ikusteko aukera egongo da bertan. Untxi erraldoien, nekazaritza makinen, eskualdeko oiloen edota makilen erakusketak ere egongo dira.
Halaber, bestelako ekintzak ere prestastu dituzte: Pirenaika arrazako Arabako Behi-hazienda hautatuaren Arabako III. Lehiaketa, eta erleen mundua gertutik ezagutzeko parada egongo da baita 12:30ean, besteak beste, Arespalditzako Gizarte etxean.
Umeentzako ekintzak
Umeek ere izango dute zerekin gozatu. Baserri ginkanan parte hartu ahal izango dute 12:00etatik aurrera. Herri kirolek, mezak eta pintxo dastaketak osatuko dute egitaraua.
