Erreferendum legearen aldeko sinadura bilketa eta kulturari buruzko gogoeta estrategikoa egitea, Gure Esku Dagoren hurrengo erronkak

Aitor Aspuru Saez 2020ko urr. 18a, 18:00

Oletako zelaietan batu dira berriro Gure Esku Dago egitasmoaren hainbat kide, eta 2020an abiatutako proiektuen berri eman dute Zelai Nikolas eta Josu Etxaburu plataformako bozeramaileek.

Goiz osoko egitaraua prestatu du gaur Aiaraldeko Gure Esku Dago plataformak. Lehen orduan Gorobelera igo dira kide batzuk, eta beranduago beste proposamen bat eskaini dute; Aiaratik kultura ibilbidea.

Bi ekintza horien ostean, 13:00etan, Oletako zelaietan topaketa egin dute, eta Zelai Nikolasek eta Josu Etxaburuk hartu dute hitza plataformaren nondik norakoak azaltzeko. Izan ere, pandemiaren ondorioz jarduera eten eta gero, Gure Esku Dago indarrak berrituta itzuli da oholtza politikora.

Gauzak horrela, erabakitzeko eskubidea arautuko duen legea onartzeko sinadura bilketa abiatu dute aurreratu dutenez, Eusko Legebiltzarrera bideratuko dutena. Ekimenaren azken helburua erreferenduma legearen barruan egiteko aukera da, "Quebec edo Eskozian bezala", argitu du Etxaburuk.

Bide hori osatzeko, Zelai Nikolasek azpimarratu du indar politiko eta sozialak metatzeko ahalegina egin behar dela. Hargatik jarri dute abian "Hamaika gara" kanpaina, jadanik  sinatu daitekeena hemen.

Kultura erdigunean

Erronka politiko hori ez ezik, kulturari buruzko hausnarketa hasi nahi du Gure Esku Dagok. "Kulturak zein eginkizun izan behar duen gizartean eztabaidatuko dugu", adierazi du Josu Etxaburuk.

Horren lehenengo urratsa urriaren 31n egingo dute, arratsaldeko 18.00etan Durangoko Plateruena aretoan antolatutako kultura emankizunarekin. Ekitaldia Amancay Gaztañagak zuzenduko du; eta, besteak beste, Erika Olaizolak, Iraia Eliasek, Laura Penagosek, Amets Arzallusek, Eñaut Elorrietak eta Duplak hartuko dute parte.

Eskualdeari dagokionez, Laudion Kasinoan eskainiko dute streaming bidez, eta Amurrion Katekesi Aretoan.

Argazkiak: Aitor Aspuru, Jose Mari Gutierrez

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide