Aiarako dokumentu historikoak guztion eskura eta digitalean

Jone Gartzia Gerra 2022ko aza. 30a, 14:45
Dokuklik web-ataria.

Aiarako Udalak 1540tik 1989ra bitartean eskuz idatzitako osoko bilkuren akta liburu guztiak digitalizatu ditu, pergaminoan idatzitako bat eta guzti. Horrela, dokumentuok zabaltzen, manipulazioa saihesten eta hobeto kontserbatzen lagundu nahi izan du.

Aiarako alkate Gentza Alamillok azaldu duenez, “1540tik 1989ra eskuz idatzita dauden Osoko Bilkuraren Akta Liburu guztiak digitalizatuta daude azken bi urteotan”. Urrats horrekin, Aiarako Udalak bere dokumentu historikoak digitalizatzearen aldeko "apustu irmoa" egin duela erakutsi nahi izan du.

Ekimenaren helburua hirukoitza da: alde batetik, dokumentuak eskuragarri jarri dituzte "etorkizuneko belaunaldiek aintzat har ditzaten"; bestetik, digitalizazioari esker dokumentuak manipulatzea saihestu ahal izango dela adierazi du Aiarako Udalak; eta, hirugarrenik, horrek "udal-artxiboko dokumentu-funtsak hobeto kontserbatzen" lagunduko duela aipatu du.

Hori horrela, Udal Artxiboaren dokumentu enblematikoenak digitalizatu dituztela adierazi du tokiko erakundeak, "duten balio historiko, ondare eta informatiboagatik". Esaterako, 1.434an pergaminoan idatzitako dokumentu bat ere digitalizatu dute, Villalba eta bere herrixken eta Aiarako Lurraren arteko Konpromiso eta Prokuzio eta Epai Kritika bat, Gorobel mendilerroaren jabetzari, erabilerari, aprobetxamenduari eta irismenari buruzkoa.

2021 eta 2022 urteen artean bete dute 70 dokumentu digitalizatzeko prozesua. Horien artean daude akta-liburuak, planoak eta bestelako dokumentuak. Digitalizazio lanetan berebizikoa izan den Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren ekarpen ekonomikoa eskertu du Alamillo alkateak.

Dokuklik

Dokumentuok Euskadiko Artxibo Historikoaren webgunean (https://dokuklik.euskadi.eus/) kontsultatu daitezke, 'Dokuklik' izeneko web-atarian sartuta. Bertan, 'Badator Bilatzaile Aurreratua' hautatu behar da, eta irekiko den leiho berrian kontsultatu nahi den Dokumentu Funtsa aukeratu beharko da. Gentza Alamillok "tresna baliotsu hau" erabiltzera animatu ditu herritarrak, "guztiona baita”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide