Maroñoko urtegiko bazterrak egokitzeko lanak amaitu dituzte

Aitor Aspuru Saez 2024ko mai. 1a, 15:30

Bide berde berria eraiki dute bazterrean. / Arabako Foru Aldundia

241.694,64 euroko inbertsioa ekarri dute lanek. Bide berdea erakitzeaz gain, begiratokia eta Letobarri parkera sartzeko oinezkoentzako bidea hobetu dituzte.

Bukatu dituzte Maroñoko urtegiaren urbazterreko ingurunea egokitzeko eta lehengoratzeko obrak, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik.

Alde batetik, hondakinak eta isurketak kendu dituzte urtegiaren hegoaldean, eta saneamendu tratamendua egin dute. Horretarako, urbazterrak egokitu eta lehengoratu dira, gainazal osoa garbituz, inausiz eta sastrakak kenduz. Gainera, urbazterreko landaredia eta bertako zuhaixkak lehengoratu eta sartu dira, ur ertzetako zerrendetako iragazki berde izan daitezen. Babes itxitura perimetral batek osatu du esku hartzea.

Bestalde, begiratokiko obrekin lurzorua saneatu dute, behaketa puntua eraginkorragoa izan dadin. Oinezkoentzako bidean, bide zorua zaharberritu eta baranda eta pasabidea jarri dituzte. Bidezidorraren inguruan, bestalde, garbiketa eta sastrakak kentzeko lanak egikaritu dituzte, bai eta Letobarri parkeko landareztatutako inguruneari jarraipena eman ere, bertako espezieen landaketekin. Egindako esku hartzearen helburua da ingurune horren guztiaren paisaia baldintzak hobetzea.

Aiaraldeko Berehalako Jarduketa Planaren parte dira bi ekintza horiek, A8 proiektu eragilearen esparruan (Ingurumena eta mugikortasun jasangarria), eta Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen dituzte, lankidetza hitzarmena sinatu baitzuten 2022. urtearen amaieran.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide