Garraio zerbitzua hobetu du Foru Aldundiak Aiaraldean, geltoki gehiago eskainiz

Arabako Foru Aldundiak hobetu du errepide bidezko hiri arteko garraioaren zerbitzua Aiaraldean zerbitzu eta geltoki berriak gehituz Aiarako kontzesioko 15. linean (Gasteiz / Laudio) eta 16. linean (Artziniega / Okondo).

Arabako Foru Aldundiak hobetu du errepide bidezko hiri arteko garraioaren zerbitzua Aiaraldean zerbitzu eta geltoki berriak gehituz Aiarako kontzesioko 15. linean (Gasteiz / Laudio) eta 16. linean (Artziniega / Okondo).

Gasteiz eta Laudio arteko linean zerbitzu berria emango da 21:30ean eta beste zerbitzu bat gehituko da goizez, lehendik ere ibilbidea Euskal Herriko Unibertsitatearen Gasteizko Campuseraino luzatzen zutenen artean, ikasgeletan 10:00etan sartu beharra dutenentzat. 16. linean, hiru maiztasun gehituko dira Laudio eta Okondo artean, norabide bakoitzean.

Geltoki gehiago

Zerbitzua hobetzeko geltoki berriak ere sortu dira. Hala, 15. linean, geltoki berriak izango dira astelehenetik aurrera Luiaondoko herrian; Malato zuhaitzan Laudiora joateko, eta Oleta jatetxea Gasteizerako norabidean. 16. lineari dagokionez, Lantenon izango da geltoki berri bat, Motzobe etxean, bai eta Amurrion (Amurriorako norabidean dagoen gasolindegiaren aurreko markesinan) eta Laudion ere (Ugarte auzoan, bi norabideetan).

Erabiltzaile gehiago

Aiarako herrietako autobus zerbitzuek aurtengo lehenengo sehilekoan, urtarriletik ekainera bitartean, 104.234 erabiltzaile izan ditu, hau da, iaz epe berdinean erregistratutako erabiltzaile kopurua baino %20 gehiago. Hazkunde hori zerbitzuan izan diren hainbat hobekuntzen emaitzat du Foru Aldundiak, izan ere, azken hilabete hauetan maiztasuna handitu dute, autobusak berritu dituzte eta BAT txartela erabiltzen hasi dira, horrek suposatzen dituen deskontuekin.

Etengabeko ebaluazioa

Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak etengabe ebaluatzen du foru garraioko linea horien funtzionamendua, disfuntzioak zuzendu, nola hobetu jakin, udalen eta kuadrillen eta erabiltzaileen eskariei erantzun eta, azken batean, herritarren zerbitzura jartzeko kalitatezko zerbitzu publiko bat, haien beharrei erantzuteko.

Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak aldaketa hauek guztiak erakundearen web gunean (www.araba.eus/alavabus) argitaratu zituen. Era beran, Aiarako lineen liburuxka berriak argitaratu dira, non zerbitzuen, ordutegien eta geltokien aldaketak jasotzen baitira.

 

Erantsitako PDFetan kontsultatu daitezke geltoki eta ordutegi guztiak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide