Eusko Jaurlaritzak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu berri du Arkamu-Gibillo-Arrastaria

   
   
   
   
 

Gobernu-kontseiluak Kontserbazio Bereziko Eremu (KEB) izendatu du abenduaren hamabostean Arkamu-Gibillo-Arrastaria ingurunea, kontserbazio-neurriak eta Salvada-Gorobel mendilerroko Hegaztiak Babesteko Eremu Bereziaren (HBEB) neurriak ezarrita.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren hitzetan, «Europako Natura 2000 Sare ekologikoaren barneko bi eremu horiek Arabako ipar-mendebaldean daude, eta Gorobel mendilerroko HBEBak barruan du Bizkaiko Urduña udalerriaren lurren zati bat ere. Horien mugak gainjarri egiten direnez, eta biodibertsitate-balio antzekoak dituztenez, agiri bakar batean jaso dira bi eremu horietarako helburuak eta kontserbazio-neurriak».

Salvada-Gorobel mendilerroa Angulo menditik Nerbioiren jauzitik harago hedatzen da, tartean, Txarlazo edo Fraile mendi ezagunak daudela. Iparraldeko aldean 25 kilometroko luzera eta 600 metroko desnibela duen kareharrizko horma dago. Hegoaldeko aldeak behera egiten du leun, Burgosko Losa haranera, Santiago mendiarekin muga eginez. Mendilerroaren gainaldean lautada handi bat dago, nagusiki larrez, txilardiz eta pagadiz betea.

Gibillo mendilerroaren mendebaldeko isurialdeko hormak barne hartzen ditu aipatutako eremuak, eta, Gorobel mendilerroaren hormekin batera, Arrastariako zirkua osatzen du. HBEBaren azalera ia osoa, % 71, titulartasun publikokoa da, eta Aiara udalerrian dago.

Bertikaltasuna eta irisgaiztasuna direla medio, kareharrizko hormak leku aproposa dira hegazti harkaiztarrak eta mendikoak hazteko. Gainera, klima atlantikoaren eta mediterraneoaren arteko banalerroan dago eremu hori eta bi klima motetara egokitutako landare- eta animalia-espezieen bizilekua da, mendilerroa biodibertsitate handiko eremu den seinale.

Bertan 121 hegazti-, 55 ugaztun-, 13 narrasti-, 11 anfibio- eta 6 arrain-espezie bizi dira.

Honi buruzko informazio gehiago Eusko Jaurlaritzako webgunean topatu dezakezue. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide