aiaraldea.com komunikazio leihoa, zergatik eta zertarako

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Ibarrola Atxa 2009ko abe. 3a, 22:09

Zergatik Aiaraldea?

Aiaraldean gero eta euskaldun gehiago gara. Azken urteotan bertoko hizkuntza berreskuratzeko bidean pauso handiak eman ditugu, erakunde, elkarte eta herritarren bultzadari esker. Urte gutxitan, Aiaraldeko biztanleen ia erdia euskalduna izatea lortu dugu. Hala ere, gaur arte, ez dugu izan euskaraz egunez egunekoaren berri izateko aukerarik.

Zergatik Aiaraldea?

Aiaraldean gero eta euskaldun gehiago gara. Azken urteotan bertoko hizkuntza berreskuratzeko bidean pauso handiak eman ditugu, erakunde, elkarte eta herritarren bultzadari esker. Urte gutxitan, Aiaraldeko biztanleen ia erdia euskalduna izatea lortu dugu. Hala ere, gaur arte, ez dugu izan euskaraz egunez egunekoaren berri izateko aukerarik.

Gu horri buelta ematera gatoz, euskara azalera ekartzera. Komunikazioa eta leiho birtualaren mundu zabalean bizi garen une honetan eskualdeko informazio-panorama irauli gura dugu. Azken urteotan informazioa sortu eta jasotzeko bideak errotik aldatu dira, eta geuk horri heldu eta Sarearen espazioa baliatuz, teknologia eta komunikazio bide berriak jorratzen dituen proiektua abiatu dugu: telebista, klipak, ikus-entzunezko erreportajeak, audioak, idatzizko albiste arin eta azkarrak, elkarrizketak, kultur ondarearen txokoa, foroak, blogak… hori guztia eskaintzera gatoz, hurbiletik, herritik eta herriarentzat. Euskaraz.

Nor gara

Aiaraldean jaio, lan eta bizi garen herritarren talde bat gara. Amurrion, Artziniegan, Arrankudiagan, Arespalditzan, Laudion, Orozkon, Okondon eta Urduñan bizi gara eta herriarekiko loturak, jakin minak eta saltsak bultzatu gaitu proiektu hau sortu eta ilusioz abian jartzera. 18 eta 36 urte bitarteko ia 50 lagun ari gara lanean: bideo editoreak, kameralariak, elkarrizketatzaileak, hizkuntza zuzentzaileak, kazetariak, web masterrak, argiztapen eta audio teknikariak … Modu asanblearioan eta lan-taldean lan egiten dugu eta egunerokotasuna euskaraz eta kolore biziez pintatzeko gogoa, grina eta itxaropena.

Zer gara

Aiaraldeko esparru naturalean sortu den komunikazio proiektua gara; Aiaraldeko herritarrentzako informazio baliagarria biltzen duen euskara hutsezko interneteko ataria. Teknologia berriekin eguneratutako irudi, audio, bideo zein testuak bildu, landu, batu eta denon eskura jarriak.

.tv.fm. jpg .adi .txt

Komunikabide euskalduna, modernoa, formatu anizduna, ikus entzunezkoa, eguneratua, parte hartzailea, sare sozialekin integratua, hurbila, irabazi asmorik gabea eta denontzako irekia gaituzu.

 

Non gara

Gure izenak berak kokatzen gaitu munduan. Aiaraldea izena hartzen duen eremu geografiko eta sozialean gaude; Laudiok, Amurriok, Artziniegak, Aiarak, Arrastariak, Lezamak, Okondok, Arakaldok, Urduñak eta Orozkok osatzen duten eskualde naturalean. Eta zergatik? Bada berreuskalduntzeko ahaleginetan dabilen eskualde populatu garrantzitsua den honetan, ez dagoelako euskara hutsezko komunikabiderik.

Baina munduko leku honetan bakarrik ez, mugarik ez duen mundu birtualean ere zabaltzen dugu leiho berri hau. Tokikotasuna eta globalizazioa, tresna bakarrean bildurik.

Zertarako gara

  • Komunikazio esparru berritzaile eta erakargarri bat sortzeko.
  • Eskualdeko jarduera soziala eta kulturala astindu eta sustatzeko.
  • Bestelako komunikabideetan leku gutxi duten herri txikiei eta gaiei (historia, kultura, kirol gutxituak...) merezi duten tokia eskaintzeko.
  • Eskualdeko herritarrei kalitatezko edukiak eta informazio anitza euskaraz jasotzeko aukera emateko.
  • Aiaraldeko ondarea eta historia idatzi eta gordetzeko.
  • Herritarrek beren jardueraren erakusgarri den materiala jaso eta erabili dezaten aukera eskaintzeko.
  • Aiaraldeko gainontzeko herrietako gertakizunen berri izateko.
  • Herritarren parte hartze sozialerako bozgorailua izateko.

Norentzat gara

Jaio gara eskualdeko agente sozial eta kulturalentzat: Webguneak bideo zainduen bidez emango du haien berri, agente hauen jarduera modu eraginkorrean komunikatuz.

Jaio gara eskualdeko sortzaileentzat: ‘aiaraldea.com’-ek arreta berezia eskainiko die eta haien lana ezagutzera emateko bide ezin hobea izango da.

Jaio gara eskualdeko kazetari, bideogile, argazkilari, grafista eta web programatzaileentzat:aiaraldea.com’ proiektu irekia izanik, hauei guztiei haien bokazio, ardurak eta zaletasunak garatzeko aukera eskaintzen die.

Eta jakina, jaio gara eta biziko gara Aiaraldeko herritar guztientzat: Informatuta egoteko bidea izateaz gain, eduki aberats eta entretenigarriak eskainiko dizkie ‘aiaraldea.com’-ek. Eta bestalde, gainontzeko herritarrekin eta agente kultural eta sozialekin harremanetan jartzeko modua izango da ere bai.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide