“Ez zaie axola txio horiek idatzi izana, mezu horien atzean dagoena baizik”

Txabi Alvarado Bañares 2017ko ots. 9a, 08:43
@ErreHarria da Alfredo Remirez Marañonen twitter kontua. Argazkia: aiaraldea.eus

ALFREDO REMIREZ MARAÑON (Amurrio, 1980) Espainiako Entzutegi Nazionalean epaituko dute sare sozialetan terrorismoa goratzea egotzita. Bi urteko espetxeratzea, 5 urteko zaintzapeko askatasuna eta 16 urteko inhabilitazioa eskatzen diote. “AlFREEdo” elkartasun eguna egingo da Amurrion larunbatean.

2015eko maiatzaren 19an atxilotu zizuten. Nola oroitzen duzu egun hura?
Etxetik irten nintzen, egunero bezala. Kalera irtetean hor zeuden kalez jantzitako bi guardia zibil. Niregana hurbildu eta eurekin joan behar nintzela esan zidaten. Hasiera batean ez zizkidaten atxiloketaren arrazoiak esan. Apur bat beldurtu nintzen. Denok dakigu zer nolako moduan gertatzen diren horrelako kontuak. Auto batean sartu eta La Salveko koartelera eraman ninduten. Bertan ordu batzuk eman ostean askatu ninduten, terrorismoa goratzearen akusaziopean, epaiketaren zain.

Zurea ez zen izan txiolarien aurkako lehen polizia operazioa. Noizbait imajinatu zenuen halakorik gertatu ahal zitzaizula?
Beti duzu zuri gertatuko ez zaizunaren ideia leloa buruan. Txiolarien artean txatxetan hitz egiten genuen gai horren inguruan. Baina finean bai, banekien gertatu ahal zela.

 

“Propaganda operazio bat izan zen gure atxiloketa. Nire aitaren eskela dago Guardia Zibilaren txostenean, izugarria iruditzen zait”


Ia bi urte itxaron behar izan dituzue epaiketa izan arte.
Hilabete batzuk itxaron behar izan genituen deklaratzeko. Denbora tarte horretan atxilotuak izan ginenok salaketa jarri genion Guardia Zibilari, gure atxiloketan gauza batzuk txarto egin zirelako. Ez zizkiguten operazioaren arrazoiak esan, eta ez zegoen beharra gu atxilotzeko ere. Beste jende askori eskutitza iristen zaio etxera, Madrilera deklaratzera joan behar duela esanez. Baina gure kasuan sekulako operazioa prestatu zen, gero polizia-etxean paper hori emateko. Azkenean Amurrioko Epaitegian deklaratu genuen, Audientzia Nazionalarekin bideokonferentzia eginaz.

Propaganda operazio bat izan zen. Asko gustatzen zaie espainiarrei euren telebistetako albistegietan  ikustea egun bakarrean 25 pertsona atxilotu dituztela. Gero horietatik guztietatik oso gutxi iristen dira epaiketara. Beti ikusi ditugu halakoak herri honetan.

Kontuan hartu behar da baita zein testuingurutan eman zen atxiloketa. Asteburu horretan herri harresia egin zen Gasteizen, eta handik astebetera hauteskundeak ziren. 9:30ak aldera atxilotu gintuzten eta 14:00-14:30ak aldera atera ginen kuarteletik, juxtu teleberrian gure aurpegiak eta gure aurpegiak atera zitezen. Nahiko esanguratsua iruditzen zait nola iristen den teleberria atxiloketa baten orduak markatzera.

Araña III operazioan atxilotuak izan ginen pertsonak ez gaude sumario berean sartuak, bakoitzak bere epaiketa propioa du. Batzuk igaro dira jada epaitegitik, ni azken aurrekoa izango naiz.

 

“Elkartasuna eta maitasuna erakutsi didaten pertsona guztiak eskertu nahi ditut. Guztion arazoa da adierazpen askatasunaren urraketa”



Guardia Zibilak zuri buruz idatzitako txostena irakurri ahal izan duzu. Zer proba erabiltzen dituzte zure aurka?
Azpimarratu nahiko lukeen lehen gauza da zenbat denbora pasatzen duten ni bezalako pertsona bat jarraitzen. Denok dakigu gure poliziak telefono konpainiari deituta lortzen dituela gure ordenagailu eta mugikorren IPak. Gure kasuan sekulako ikerketa egin dute. Informean azaltzen da asko txiokatzen dudala Amurriori buruz, nire herria baita. Amurriokoa nintzela “susmatzen” hasi ziren horrela.

Orduan gauza bitxi bat egiten dute. Nire aita duela bost-sei urte hil zen, eta nik urtero jartzen diot twitterren esalditxoren bat, omenaldi gisa. Orduan poliziak ikertu zuen egun horretan nor hil zen Amurrion, eta nire aitaren eskela topatu zuen. Nire aitaren eskela dago informean. Izugarria iruditzen zait hori. Udaletxean begiratu omen zuten nire aitak Alfredo izeneko seme bat (ni neu) zuela ziurtatzeko. Orduan hasi ziren nor nintzen “imajinatzen”. Txostenean azpimarratzen da nik ez dudala nire argazkirik jartzen sare sozialetan, horrela errazagoa egiten omen zaidalako nire anonimotasuna mantentzea.

Izugarria da puntu horretatik aurrera txostenean garatzen dena. Ingalaterrara joan eta bertatik txio bat bota nuenean aireportuko eta hoteleko paper guztiak kontsultatu zituzten. Berdin Turkian egon nintzenean.

 

“Nire aurka dutena da astebururo presoen inguruan idazten dudala, edota etxegabetzeak daudenena bertan eginiko argazkiak sareratzen ditudala”



Zein txiorengatik egozten dizute terrorismoa goratu izana?
Milaka txio egin ditut twitter kontua egin nuenetik. Mezu horietatik guztietatik zazpi hautatu dituzte bakarrik. Baina nik uste dut benetan axola zaiena ez dela zazpi txio horiek egin izana, gainontzeko guztiak idatzi izana baizik. Nire aurka dutena da astebururo presoen inguruan idazten dudala edota etxegabetxe bat dagoenean bertan eginiko argazkiak sareratzen ditudala.

Maitasuna da nire aurkako epaiketan kondenatu nahi dutena. Zazpi txio horietako bat Pablo Gorostiagaren ongietorri egunekoa da. Guardia Zibilak dio Pabloren “terrorismoa” goratzen dudala mezu horretan. Baina ez da hala.  Adierazten dudana  da zortzi urteren ostean pertsona bat herria bueltatu zela bere kondena osoa bete ostean. Hori poztasuna da niretzako, uste dudalako bakeranzko bidean beste aurrerapauso bat suposatzen duela. Berdina esango nuke Xabier Alegria askatu zutenean idatzi nuen txioaren inguruan. Argi daukat ez nintzatekeela Madrilera joan beharko presoen senideak akabatu, dispertsioaren alde lerrokatu edo etxegabetxe gehiago egotea eskatuko banu.  

Hau ez da txiolariekin soilik gertatzen. Mozal Legaren bidez bi izan dira Euskal Herrian zigortu dituzten hedabideak: Argia eta Ahotsa.info. Kazetaritza ezberdin bat egiten duen jendea.

 

“Maitasuna da nire aurkako epaiketan kondenatu nahi dutena”



Otsailaren 27an izango duzu epaiketa Madrilen, Entzutegi Nazionalean.
Nik badakit Madrilera doan edozein euskaldun erruduntzat jotzen dela. Madrilera bazoaz zerbaitegatik izango da. Altsasuko gazteak kartzelan jarraitzen dute, epaituak izan gabe. Madrid Arenaren jabea, aldiz, lau urteko kartzela zigorrera kondenatu zuten, bertan hildako lau neskengatik, eta kalean dago. Hori dela eta, ez dut ezer onik espero.

Carrero Blancoren txiste bat egiteagatik kartzelara zoaz baina Fundación Francisco Francori ez zaio inoiz auzirik zabaldu frankismoaren gorapena egiteagatik. Gehien amorratzen nauena da “Billy el niño” torturatzailea sartu zen ate beretik sartuko naizela. Baina bera garbi atera zen, eta ni ez naiz garbi aterako.

Amaitzeko, nire elkartasun adierazi nahi diet adierazpen askatasuna dela eta atxilotuak izan diren pertsona guztiei. Eskerrak eman nahiko nizkieke elkartasun eta maitasuna erakutsi didaten pertsona guztiei. Twitterren lehen “anonimoa” nintzenez ez nuen jarraitzen ninduen jendea ezagutzen. Baina behin nor naizen adierazi dudala jende asko hurbildu zait. Gaur ni izan naiz, atzo beste batzuk izan ziren eta bihar beste batzuk izango dira. Guztion arazoa da adierazpen askatasunaren urraketa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide