Hastear da Zirkorrika...
Aurtengo Korrika ezberdina izatea nahi genuen. Udan bildu ginen Xabi Zabala eta Arkaitz Martinezekin. Metafora batean jaso genuen ideia: Korrika zirkoa bezalakoa da, herrira heldu aurretik ilusioa pizten du, eta bertan dagoela poza. Alde egitean, berriz, pena sentitzen dugu, baina zapore ona geratzen zaigu. Hori dena adierazi nahi du kantak. Jende askoren kolaborazioa izan dugu: Jarauta 69 fanfarrea, Izaro, Afu, Miren Narbaiza, Petti edo Jurgi Ekiza (Willis Drummond), besteak beste. Letra Uxue Alberdi bertsolariarena da.
"Korrika zirkoa bezalakoa da, herrira heldu aurretik ilusioa pizten du, eta bertan dagoela poza. Hori dena adierazi nahi du kantak"
“BatZuk” lema jarri diozue Korrikari, zer dela eta?
Beti bilatzen dugu zerbait berria. Aurreko edizioan aktibazioa zen helburu, eta oraingoan partekatzea. “Bat” geu gara, euskararen munduan, kulturan edo unibertsoan bizi garenak. “Zuk”, aldiz, inguratzen gaituztenak, erdaraz ari direnak (frantsesez, errumanieraz, gazteleraz...). Gure hizkuntza “zuk” horiekin partekatu nahi dugu. Hori lortzen dugunean izango gara “batzuk”, eta batzuk asko da.
Hizkuntza baten alde dagoen pertsona ezin da gainontzekoen kontra egon. Kultur eredu ezberdinek aberastuko gaituzte. Aukera berdintasunean bizi behar dira euskara eta beste hizkuntza guztiak; eta, horretarako, gaztelera edo frantsesaren pare egoteko, urrats asko eman behar dira oraindik.
Zeren gidari izan nahi du Korrikak?
Ez dugu gidari izan nahi, eredu baizik. Azken finean Korrika auzolana eta elkarlana da. Eragile sozialek, politikoek... gutxienekoak adostu behar dituzte. Ea 21. Korrikan gai garen denon artean gauzak egiteko; euskara arloan, bederen!
Sortzaileak dira aurtengo omenduak, ezta?
37 urte igaro dira lehen ediziotik, 20 korrika. Ziurrenik sortzaileek ez zuten pentsatuko egungo egoera izango genuenik, Euskal Herri euskaldunean biziko ginela baizik. Dena dela, uste genuen ideia zoro eta erakargarri hau gure eskuetan jarri zutenak omentzea garrantzitsua zela; hizkuntza gutxituen munduan eredu da euskara eta. Horri esker ditugu Korrikak Bretainian, Galesen edo Irlandan, besteak beste. Maputxeek ere egin dute Korrika, pentsa!
"Hizkuntza gutxituen munduan eredu da euskara eta. Horri esker ditugu Korrikak Bretainian, Galesen edo Irlandan, besteak beste. Maputxeek ere egin dute Korrika, pentsa!"
Nola sortu zen Korrika?
Afari baten bueltan sortu zela da mitoa. Afari baten bueltan eman zizkioten azken zertzeladak, baina aurrez lan asko zegoen egina. Bi eredu zituzten eskuartean, Araba Euskaraz gisako jai bat antolatzea edo erradio-lasterketa bat planteatzea. Azkenean, Euskal Herri osoan ikusgarritasuna eta eragina izango zuen zerbaiten alde egitea erabaki zen, jendea jai batean batu beharrean, festa edo aldarria herriz herri eramatea. Izenaren hautaketak, berriz, ekimenaren formatua du jatorri.
Zergatik da garrantzitsua AEKrentzat?
Euskarak eta AEKk Euskal Herrian ikusgarritasuna izateko sortu zen Korrika, eta oraindik ere hori du helburu. Xedea bikoitza da. Batetik, ekonomikoa, euskaltegietako finantzaketa ez delako behar den gutxienekora iristen; eta, bestetik, soziala. Korrikak ilusioa piztea bilatzen du, horregatik ditu beti mezu integratzaileak, ahalik eta jende gehien erakartzeko euskararen mundura.
Eta herritarrentzat?
Korrikak jendea euskararen inguruan metatzea dakar. Euskaltegien matrikulazioan gorakada nabaritzen da behin pasata.
Korrikaren koordinatzailea zara. Zelako lana du atzean zure ardurak?
Nire eginkizuna Korrika amaitzean hasten da. Ekainean erabakiko dugu hurrengo edizioa non abiatu eta bukatuko den. Urrian ekingo diogu mezu eta omenduak pentsatzeari, martxoan erabakitzeko. Hurrengo udaberrirako prest izango ditugu ibilbidea eta diseinua. Horrez gain, Korrika Batzordeak hileroko erritmoan funtzionatzen du ekimenak atseden hartzen duen urtean, hobekuntzak planteatzeko. Bi hilabete baino ez ditugu hartzen burua freskatu eta hurrengo edizioari heltzeko.
"Bi hilabete baino ez ditugu hartzen burua freskatu eta hurrengo edizioari heltzeko"
Nola bizi duzue Korrika?
Oso bizi eta oso barrutik. Egia da une batzuetan ezinegona eta larritasuna izaten dugula, baina talde on bat dugu, iraunkorra, eta erraz eramaten dira gauzak horrela. Pentsaezina litzake Korrika 8-10 pertsonen artean antolatzea. Guztira, 20 bat lagun gaude egonkor. Eskualdeetan ere ditugu egiturak; hortik aurrera, boluntarioek elikatzen dute Korrika. Ez ditugu zenbakitara ekarri, baina gutxi gorabehera 200 Korrika Batzorde egongo dira, 2.000 lagun. Korrikan, ordea, jende askoz gehiagok hartzen du parte. Apirilaren 9an, Iruñean, esaterako, 300 pertsonatik gora ariko dira lanean. Auzolana da oinarri, beraz, zaila da hori kontatzea.
"200 Korrika Batzorde daude, 2.000 lagun. Korrikan, ordea, jende askoz gehiagok hartzen du parte. Apirilaren 9an, Iruñean, esaterako, 300 pertsonatik gora ariko dira lanean. Auzolana da oinarri"
Tokian toki, egoera ezberdina du euskarak. Nolakoa da Euskal Herri mailako argazkia?
Oso anitza, Korrika bezala. Ez da gauza bera Korrika Batzordea antolatzea Tuteran, Mutrikun edo Laudion. Euskaradunek, euskaltzaleek zein erdaldunek leku askotan ematen digute sostengua; nahiz eta oraindik euskalduntzeko urratsak falta. Argazkia orotarikoa da, Euskal Herria ere oso ezberdina baita tokian toki. Euskal Herri osoan 10.000-11.000 ikasle daude, eta 600 bat irakasle.
"Euskal Herri osoan 10.000-11.000 ikasle daude, eta 600 bat irakasle"
Eta Aiaraldekoa?
Urduñan, Amurrion eta Laudion ditu AEKk euskaltegiak. Horrez gain, Arakaldon, Okondon, Orozkon eta Artziniegan ematen ditugu eskolak. Arrankudiaga-Zollo Hego Uribek kudeatzen du. Azken urteetan ikasleria aldatu egin da. Euskara ikasteko motibazioa instrumentalagoa da, titulua edo lanpostua lortzeko dator jendea. Gogo horretatik motibazio afektibora hel gaitezkeela pentsatu behar dugu, hori irakasleon lana ere bada.
Ikasleen profila aldatu da. Gaur egun, 36-38 urte inguruko emakumeak dira nagusi. Gazteak euskaldunduta ateratzen dira eskolatik, beste kontu bat da akats gramatikalak dituzten edo ez. Ekainean eta uztailean, ordea, 16-18 urteko gazteak etortzen dira, EGA ateratzeko asmoz.
Zure esku balego zein mezu gordeko zenuke lekukoan?
Ilusioa piztekoa eta elkartasuna itzultzekoa, adostasuna lortu behar du euskarak jendea hurbiltzea, askotan mezu apokaliptikoegiak eman ditugu.