Bilera egin dute Laudio, Aiara, Okondo, Orozko eta Amurrioko alkateek Kantauriko Ur Konfederazioarekin. Bi gauza egin dituzte bilera horretan. Alde batetik, “eskualdean dagoen kezka handia” helarazi diote alkateek Konfederazioari. “Arazketa-egoera negargarria” konpontzeko behar diren azpiegitura-obren atzerapenak eragin du kezka orokortu hori, udal-ordezkarien hitzetan.
Beste aldetik, Markijanako eta Basaurdeko kolektore eta araztegiak eraikitzeko obren gaur egungo egoera izan dute hizpide.
Alkateek erakundeari eskatu diote jakinaraztea zeintzuk diren Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak eman dituen epeak “ Goi Nerbioi saneatzeko eta arazteko agindu dituen azpiegiturak" eraikitzeko. “Gure herritarren eta ingurukoen bizi kalitatea bermatu behar dugu”, adierazi dute eskualdeko agintariek.