Gehiengo zabala, erabakitzeko eskubidearen alde

Txabi Alvarado Bañares 2017ko api. 15a, 17:22
Saraubeko Mahaian egin zuen ekitaldia Gure Esku Dagok, toki horrek duen sinbolismoa baliatuta. Argazkia: Aitor Burgoa

Eskualdeko 119 ordezkari politikok sinatu zuten erabakitzeko eskubidearen aldeko manifestua, Saraubeko Mahaian egin zen ekitaldian. Gure Esku Dagoko kideen arabera, lehenbiziko pausoa da gehiengo zabala batzea. Eskualdeko herrietan herri kontsultak antolatzea izango da hurrengoa.

1979tik hona ordezkari politiko gisa demokratikoki hautatuak izan diren aiaraldearrak batu eta erabakitzeko eskubidearen aldeko manifestua sinatzea. Hori izan zen iragan larunbat eguerdian Aiaraldeko Gure Esku Dagoko taldeek Saraubeko Mahaian antolatu zuten ekitaldiaren funtsa. Ekimen arrakastatsua izan zen, ehundik gora herritar bertaratu baitziren.

Manifestuaren nondik norakoak entzuteko parada egon zen lehenbizi, Luis Vil zinemagilearen eta Izaskun Bengoa txirrindulariaren eskutik. Horren ostean, ordezkari politikoak banan-banan igaro ziren Saraubeko Mahaitik, dokumentua sinatzeko.

 

119 ordezkari politikok sinatu dute  momentuz Saraubeko manifestua. Sentsibilitate politiko ezberdinetako ordezkariek hartu zuten parte ekitaldian

 

Eguerdian jaitsi zen Amurriora jendea, eta bertan eman zitzaion jarraipena egitarauari, Juan Urrutia plazan. Juan Jose Ibarretxek hartu zuen hitza. Lehendakariak ezin izan zuen Amurriora gerturatu, baina telefono bidez hitz egin zien bertan bildutakoei. “Gure herria, kultura eta hizkuntza munduko mapan kokatu behar ditugu”, adierazi zuen, “eta denon artean egin behar dugu hori. Nola lortuko dugu? Erabakitzeko eskubidea baliatuta, aitzakiarik gabe. Gure herriaren etorkizuna ez da Madrilen, Parisen edo Bruselasen erabakiko, gure esku dago”.

Gehiengo zabala
Momentuz 119 dira Saraubeko manifestua sinatu duten ordezkari politikoak. Eskualdeko alkate guztiek bat egin dute, beste dozenaka ordezkari politikorekin batera (Udaletan, Batzar Nagusietan edota Legebiltzarrean daudenak edo noizbait egon direnak). Hainbat sentsibilitate politikok eman diote babesa adierazpenari: EH Bilduk, EAJk, Podemosek eta zenbait talde independenteetako ordezkariek, besteak beste.

Gauzak hala, esan daiteke eskualdeko ordezkaritza politikoaren gehiengoa dagoela erabakitzeko eskubidearen alde. Hori askoz argiago ikusten da datuak zifretara ekarrita: urratsa babestu zuten udal ordezkariek eskualdeko bozkatzaileen % 85,1 ordezkatzen dute, erabakitzeko eskubideak Aiaraldeko jendarteak duen onarpen zabalaren seinale.

 

2018an Okondon, Amurrion, Artziniegan, Aiaran eta Laudion herri kontsultak egiteko asmoa adierazi du Gure Esku Dagok

 

“Galdeketa Euskal Herri osoan egitea izango litzateke onena”, adierazi du Natxo Urkixok, “baina hori egin ezin den bitartean, herri kontsultak sistema ezin hobea izan daitezke jendartearen pultsua zein den jakiteko”. Laudioko alkateak azaldu du mota horretako galdeketa egingo balitz udalaren partetik “gainontzeko elkarteei ematen zaien laguntza bera” eskainiko litzaiokeela.

“Ekimena antolatzeko behar dituzten baliabideak emango dizkiegu, dituzten beharren arabera”.  Josune Irabienek, bere aldetik, gizarte eragileak inplikatzearen beharraz mintzatu da. “Ordezkari politikoak lehen mailan jarri gara orain, baina prozesuan beste talde batzuk ere parte hartu beharko dute”.

 

Orain Amurrio taldea ere prest legoke herri galdeketan laguntzeko. “Demokrazia erradikalaren alde gaude gu”, adierazi du taldearen bozeramailea den Kepa Gonzalezek: “Mota horretako herri galdeketak bultzatuko ditugu”.


Omniak, bere aldetik, “herrien erabakitzeko eskubidearen” inguruko galdeketa egin zuen bere kideen artean. “% 92,6a azaldu zen erabakitzeko eskubidearen alde”, aipatu du Alvaro Barriosek. Saraubeko mahaiko ekitaldian egon zen alderdiaren bozeramailea.  “Herri kontsulta bat planteatzen bada Omniako kide guztien artean erabakiko dugu zer jarrera hartuko dugun”.

Sindikatuen aldetik nabarmena da erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengoa. ELA zein LABek egin dute bat Gure Esku Dagoren dinamikarekin. “Hartua dugu horrelako egitasmoetan parte hartzeko erabakia”, adierazi du ELAko kidea den Iñigo Egigurenek, “eskualdean herri galdeketa egiten bada ahal dugun guztian lagunduko dugu”. Iritzi berekoa da LABeko Irene Isusi: “langileak parte hartzera bultzatuko genituzke”.

 

Gure Esku Dagok baditu zehaztuta herri kontsulta egiteko eman beharreko pausoak. Biztanleen % 10aren sinadurak biltzea da lehenengoa



2018. urtea helburu
Ekitaldi garrantzitsua izan arren, lehen pausoa baino ez da izan larunbatekoa. 2018ari begira daude Gure Esku Dagoko kideak. Datorren urtean herri kontsultak egitekotan dabiltza. “Galdeketa horiek ia eskualde osoan egitea izango litzateke asmoa: Laudion, Amurrion, Aiaran, Okondon eta Artziniegan”, aurreratu du Kepa Barañanok.

Urduña kanpoan geratu da. “Bertako jendearekin hitz egiten egon ginen eta esan ziguten ez zutela euren burua prozesu horretan ikusten”, adierazi du taldeko kidea den Utxi Garciak. Arrankudiaga-Zollon 2014an egin zuten kontsulta, eta Orozkon maiatzaren 7an gauzatuko dute.

Hala ere, oraindik ez da guztiz ziurra. Eskualdeko talde guztien arteko bilera egingo dute gaur (apirilak 5), larunbateko ekitaldiaren balorazioa egin eta aurrera begirako pausoak zehazteko.  

Herri kontsultak datorren urtean antolatzeko, baina, lan handia dago egiteke. Hori argi dute Gure Esku Dagokoek. “Bada jarraituko beharreko pausoak zehazten dituen protokoloa”, erantsi du Garciak. Sinadura bilketa da aurreneko urratsa: “Biztanleriaren % 10aren sinadurak bildu behar dira. Behin hori eginda plataforma sortuko litzateke, kontsulta antolatzen hasteko”.

Parte hartzea ahalik eta handiena izatea da helburua. 2014an Arrankudiaga-Zollon eginiko galdeketan % 61,5eko parte hartzea egon zen. Arrigorriagan iragan igandean egon zen horretarako aukera; baina emaitzak ez ziren horren onak izan, herritarren % 14,5ak baino ez baitzuen parte hartu. “Jendearen erantzuna Aiaraldean, nire ustez, hotza da oraindik”, aitortu du Barañanok, “berotu egin behar dugu giroa, bestela ez dago aurrera egiterik”.

 

Orozkon maiatzaren 7an ebatziko dute

Maiatzaren 7an egingo dute independentziari buruzko herri kontsulta Orozkon. “Nahi duzu Euskal Herri independente bateko herritar izan?” galderari erantzun beharko diote herritarrek.

Orozkon ez dute 2018ra arte itxarongo erabakitzeko eskubidea gauzatzeko. Maiatzaren 7an egingo dute herri kontsulta, eta hasi dira dagoeneko horri begira antolatzen. Martxoaren 24an egin zuten hitzaldia izan zen lehen pausoa. Mario Zubiaga EHUko irakasleak, Zelai Nikolas legelariak eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariak hartu zuten hitza bertan. Herriko frontoia betetzea lortu zuten hiru hizlariek.

“Erantzun lokala”
Ibarretxek hartu zuen hitza lehenbizi. Euskal Herria munduan kokatzearen beharraz mintzatu zen lehendakaria. “Munduan egoteko modu bakarra dago: gure izaeran sakontzea. Ez badugu hori egiten mundu globalizatuak irentsiko gaitu”. Gaur egungo munduan izaera propioa mantentzeak zentzua duela defendatu zuen Iberretxek, eta datuak plazaratu zituen horretarako: “Nazio Batuetako kideak 51 ziren erakunde hori sortu zenean, gaur egun 200 baino gehiago dira. Europar Batasuna 20rekin jaio zen. 2014an, aldiz, 47 ziren”.

Lehendakariak azpimarratu zuen erabakitzeko eskubidea ez dela “eztabaida indentitarioa” soilik, “etorkizunera begirako debatea” baizik. “Erabakitzeko eskubideak barnebildu egiten ditu Espainian jarraitzearen alde eta independentziaren alde lerrokatzen diren pertsonak. Etorkizunaren giltza guk daukagula jakitean datza gakoa”.

Baina horretarako gauza bat ezinbestekoa da, politikari laudioarraren hitzetan: gizarte zibila eta erakundeak inplikatzea. “Elkarrekin egin behar dugu bidaia, bestela jai dugu”.

Parte hartzearen auzia
Mario Zubiagak, bere aldetik, parte hartzea izan zuen hizpide. “Herri askotan tematzen dira parte hartzea ehuneko zehatz batera iristen”, azaldu zuen EHUko irakasleak, “baina egiten diren kalkuluak ez dira errealak, hauteskundeetako emaitzekin alderatzen ditugulako. Ezberdina da planteamendua”.

Politologoaren ustez, benetako parte hartzea ez da egun horretan lortutako ehunekoan neurtzen, egun horretara iristeko herrian egon den parte hartzean baizik. “Prozesua ondo egiten bada, sortzen den poza eta zirrarak edozein emaitzak baino gehiago balio du”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide