Eskolaurrea deitzen zaio 0-6 urte bitarteko umeek jasotzen duten hezkuntza etapari. Haurren premiei erantzutea da fase horren xede nagusia: norberaren zein ingurumen sozialaren ezagutza eta autonomiaren garapena sustatzea, alegia.
Alabaina, ez da derrigorrezko ikas-jarduera. Gauzak hala, gurasoen esku geratzen da umeak adin horrekin eskolatzearen edo Lehen Hezkuntzara arte itxarotearen arteko hautua egitea.
Hala ere, geroz eta gehiago dira seme-alabak Haur Hezkuntzako lehen zikloan (0-3 urte) eskolatzearen aldekoak. Hori diote EUSTATen datuek.
Aldaketa nabarmena jazo da azken hamarkadetan. 1994 urtean guztiz ez-ohikoa zen EAEko eskolaurrean matrikulatutako urte bateko haurren kopurua, % 0,3 baino ez. Kopuru hori, baina, etengabe hazi da urtez urte: 2015ean adin horretako haurren % 44,2 zegoen matrikulatuta.
Bilakaera nahiko mailakatua izan da, baina XXI. mendearen lehen urteetan eman zen salto handiena. Bigarren zikloan (3-6 urte), aldiz, ez da aldaketa handirik jaso 90eko hamarkadatik hona: eskolatze tasa ez da inoiz % 95etik jaitsi.